TRAPU ZIKINAK NOLA GARBITU

Indarkeria matxistaren aurkako gaitzespenak gero eta indar handiagoa du, eta alderdi politikoek ere bere egin dituzte sexu erasoen aurkako aldarriak. Batzuetan, ordea, etxe barruko salaketei egin behar diete aurre alderdiek, nork bere erara. Batzuetan protokoloei segituta, besteetan auzitara jota.

Elkarretaratzea. Ezker mugimenduan izandako sexu eraso batzuk salatzeko elkarretaratzea, Hernanin. JON URBE / FOKU.
Maider Galardi F. Agirre - Oihana Teyseyre Koskarat
2020ko ekainaren 21a
00:00
Entzun
«Trapu zikinak etxean garbitzen dira», dio esaera zaharrak, baina «pertsonala politikoa» dela aldarrikatzen du feminismoak. Bi esapide horien bidegurutzean dira alderdi politikoak; indarkeria matxistaren aurkako salaketek kaleak hartu dituzte, eta sarri agertzen dira politikari kargudunak gaitzespenerako agerraldietan. Baina, era berean, talde barruan salatutako sexu erasoei ere aurre egin behar izaten diete. Orain bi aste, Zarauzko (Gipuzkoa) Arrano herriko tabernan emakumezko langile batek jasandako erasoaren harira Sortuk jakinarazi zuen, esaterako, indarkeria matxistaren aurkako barne protokoloa eguneratu zuela, eta aitortu zuen halako prozesuak oso konplexuak direla. Zarauzkoa ez da kasu bakana, ordea. Izan ere, gizartearen isla dira alderdiak ere; familia edo etxe txikiak. Nola begiratzen diote, beraz, alderdi politikoek ispilu horri?

Euskal Herriko hainbat alderdiri egin die galdera BERRIAk. EH Bildu, esaterako, bere protokoloa osatzen ari da, eta kide diren alde guztiekin ari dira prozesua egiten. Orain arte, beste protokoloekin jardun dira. Navarra Sumako iturrien arabera, hauteskunde koalizio direnez, alderdi bakoitzak du bere prozedura —UPN, PP eta Ciudadanosek osatzen dute—. Ciudadanosek alderdikide guztiei eskatzen die kode etikoa sinatzeko, eta UPNk afiliatuen «eskubide indibidualak babesteko» batzordea du. Errepublikanoek ez diote egunkari honen galderari erantzun. Gainontzekoen artean, bi dira joera nagusiak: justizia errestauratiboaren alde eta mugimendu feministarekin elkarlanean jardun dira Sortu eta Ahal Dugu; EAJk, PSk eta PPk, berriz, bestelako bideak dituzte ustezko erasotzaileen behin-behineko militantzia eteteko. Erasoa jasan duena alderdikidea bada, egoera bide judizialetatik bideratzen dute. PSE uneotan ari da protokoloa osatzen.

SORTU
Justizia errestauratiboa eta hirukiaren eredua ardatz


Hogei urte dira ezker abertzaleak eraso sexistak kudeatzeko barne protokoloa osatu zuela, eta orain, azken xehetasunen faltan, ondua dute prozedura eraberritua. «Feminismoan aditu eta aritu» diren kideekin aritu dira elkarlanean, eta urte eta erdiz aritu dira lanean, Sorturen Plan Feministaren baitan kokatzen den protokolo «berritzaile eta eraldatzaile bat» osatzeko. Aiora Epelde Sortuko Plan Feministaren arduraduna aritu da, besteak beste, zeregin horretan, eta nabarmendu du protokoloa egoera konkretuei aurre egiteko ez ezik feminismoaren gaia lantzeko tresna ere badela: «Egitura osoa bustiko duen prozedura bat da, formakuntzarako ere balio duena». Bide orria, beraz, ez da itxia.

Indarkeria matxista «egiturazkoa» dela nabarmendu du Epeldek, eta, hortaz, alderdiak ere ez direla salbuespena. Horregatik, balio feministetan oinarritutako protokolo bat ondu dute. Esate baterako, erasotzaile eta erasotukontzeptuak baztertu, eta eta erasoa egin duena eta erasoa jasan duena erabiltzen dute taldean. Bi subjektu horiez gain, komunitatea ere sartu dute ekuazioan: «Guztion ardura da honi aurre egitea». Aitortu du zaila dela bidea egitea «pribilegioak deseraikitzea» zaila delako, baina protokoloa aktibatu behar denean, diseinu espezifiko bat zehazten dute lekuan lekurako, hiru erpinak aintzat hartuta, baina, betiere, erasoa jasan duenaren beharrak erdigunean jarrita.

Gainera, justizia feministaren ildoaren barruan kokatzen dute proposamena: «Gaur egungo justiziaren iruditeriak errudunaren zigorrean kokatzen gaitu, erantzukizun kolektiboan eta erasoa jasan duenaren babesean eta elkartasunean kokatu beharrean. Beraz, egindako minaren aitortzari eta erreparazioari nahiz berriro ez gertatzeko bermeak eraikitzeari bide emango dion prozesuak garatu nahi ditugu guk».

AHAL DUGU
Elkarrizketa eta erantzun komunitarioak oinarrian


«Taldekideek jasandako sexu erasoei aurre egiteko edo taldekideen arteko indarkeria matxistari aurre egiteko protokoloa izateaz gain, zenbait kontzepturen gaineko irakurketa berriak egiteko tresna da protokoloa». Ana Gonzalez Ahal Dugu-ko kideak modu horretan definitu du indarkeria matxistari aurre egiteko taldeak duen protokoloa. Espainian, Podemosek badu berea, baina Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan bertako errealitatera propio moldatutako bide orria dute. Antolaketa «parekideagoa» lortzeko bidean, barne prozesu bat egin zuten aurrena, kanpotik etorritako aholkularitza feministarekin, eta ondoren ondu zuten erasoei aurre egiteko prozedura, nahiz eta ez den bide orri itxia.

Besteak beste, ez dute bereizketarik egiten sexu abusuaren eta sexu erasoaren artean, nahiz eta gaur-gaurkoz, justiziak egiten duen. Gonzalezek nabarmendu du lanketa abiarazteko ez dela beharrezkoa bide penala urratzea. «Indarkeria matxista gisa ulertzen ditugu beste hainbat kontu. Gizartea bera baita patriarkala». Bestalde, martxan dituzte formakuntzarako hainbat jarduera.

PS
Egoeren araberako erantzuna, baina protokolo zehatzik ez


«Ez da protokolo zehatzik gure alderdian, baina kasuz kasuko erantzun bat ematen dugu», azaldu du Ipar Euskal Herriko PSko kide Sandrine Dervillek. Edonola ere, alderdiak badu berdintasun batzorde bat: «Gure alderdia feminista da», aldarri egin du Dervillek. Kasu zehatz bat ere ekarri du gogora: «Duela urte batzuk, Sozialista Gazteen Mugimenduko arduradun bat kanporatu zuten erasotzaile bat zelako». Edonola ere, nabarmendu du xedea erasoa jasan duen andreari babesa adieraztea dela: «Bide judiziala abiarazi nahi badu, lagunduko diogu, eta alderdian aipatu nahi ez badu, bere hautua errespetatuko dugu».

PSE-EE
Kontzientziaz gain, protokoloa osatzeko bidean


PSE-EEk badu berdintasun plan bat, baina ez du alderdi barruko indarkeria matxistari aurre egiteko protokolorik. Ez du izan orain arte, baina, orain, PSOE ari da gaiari heltzeko barne prozesu bat aurrera eramaten, eta Hego Euskal Herriko sozialistek ere bere egingo dute protokoloa. Aitortu dute gaur egun «ezinbestekoa» dela halako irizpideak edukitzea: «Eragina izango du afiliatuentzat eta kargudun publikoentzat, baita alderdikide ez diren kasuan ere». Oraingoz, ez dute jakinaraziprozesua nolakoa izaten ari den, «afiliatuekin eta eragile feministekin lanean» ari baitira egun.

Orain arte halako kasurik egon bada, diziplina araudiaren arabera jokatu dute. Erasotzailea afiliatua bada, espedientea ireki diote eta behin-behinean militantzia eten. Kasua argitu bitartean, alderditik kanpo gelditu da ustezko erasotzailea, eta, ondoren alderditik betiko kanporatu ala ez erabakitzen dute. Diziplina tratamendurako batzordea arduratzen da horretaz.

EAJ
Ohiko justiziaren bidea; erasoak salatzeko «bermea»


«Guk zuzenean laguntzen diogu erasoa jasan duenari polizia etxera. Hori da lehen urratsa, ez dugu organo espezifikorik». Hala diote Euzkadi Buru Batzarreko iturriek. Alegia, EAJko andre afiliatu batek erasoa jasaten badu, ohiko justiziaren bidea urratzen laguntzen dio alderdiak. EBBko iturrien arabera, hori da «erantzukizunez» jokatzea. Aldiz, erasoa jasaten duena kargudun publikoa bada, gaitzespen oharra edo agerraldia egingo luke alderdiak, baina salaketa jarri ala ez erasoa jasan duenaren esku uzten dute: «Askoz irmoagoa da auzitara jotzea».

Erasotzailea alderdikidea bada,bestelakoa da prozedura. Zehazki, orain urte batzuk onartu zuten bide orri bat Aberri Batzarrean, EBBri eskubidea emateko behin-behinean militantzia eteteko ustezko erasotzaileari. Prozeduran zehaztua dute bide judizialak iraun bitartean alderditik kanporatuko dutela, eta epaiketan hala dela frogatuz gero, betiko kanporatzen dute alderditik. Aurtengo udazkenean egingo dute Aberri Batzarra, eta asmoa dute hori alderdiaren estatutuetan jartzeko.

Prozedura hori hiru kasutan jartzen dute martxan: fiskalaren txostenetan ageri bada andreak indarkeria zantzuak dituela edo babes agindua badago; behin-behineko kautela neurriak abian badaude; eta alderdikidea erasotzailea dela frogatzen duen ebazpen judizialen bat badago.

Irizpide horiek hartzen dituzte kontuan, hainbat erakunde publikok bere egin dituztelako; hala nola Bizkaiko Foru Aldundiak.

PP
Jazarpen sexualaren eta moralaren aurkako araudia


Espainiako PPren irizpideak segitzen dituzte Araba, Bizkai, Gipuzkoa eta Nafarroako PPn. Alderdiko iturriek diotenez, ez dute protokolorik sexu erasoen tratamendurako, baina badute araudi bat jazarpen sexualaren eta moralaren aurka egiteko. Zehazki, alderdiko estatutuetan eta kode etikoan dago oinarrituta araudia, eta afiliatuek edo kargudun publikoek hori betetzen duten ala ez argitzeaz arduratzen da Araudia Betearazteko Organoa. Salaketak egiteko, berriz, Kanal Etikoa dute zabalik, eta era anonimoan ere egin ditzakete salaketak erasoa jasan duten andreek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.