Garbiñe Manterola Agirrezabalaga. BRTAko Transferentziaren arduraduna eta EBko Finantza Jasangarrietarako Plataformako kidea

«Nuklearraren eta gasaren auzian zio politikoak gailendu zaizkie zientifikoei»

EBko Finantza Jasangarrien Plataforma itzelezko lana egiten ari da taxonomia berderako irizpide teknikoak osatzeko, baina, oraingoan, Europako Batzordeak ez du hura aintzat hartu, eta nuklearra eta gas naturala zerrenda berdean sartu ditu.

GORKA RUBIO / FOKU.
Irune Lasa.
Mendaro
2022ko otsailaren 18a
00:00
Entzun
Zein jarduera ekonomiko den berdea: hori zehaztera dator Europako Batasuneko taxonomia delakoa. Tresna bat da, finantzen alorrerako, inbertsioak eta jarduerak berdera bideratzeko xedea duena. Europako Batzordeak, egintza delegatu batean, jada onartu ditu jardueren lehen zerrenda berdeak, klima aldaketa gutxitzeko eta klima aldaketara egokitzeko helburuetarako. Presioak izugarriak izan dira gas naturala eta nuklearra ere zerrenda horretan sartzeko.

EBko Finantza Jasangarrietarako Plataforma, gai honetan Europako Batzordeari irizpide zientifikoa ematen dion organoa, aurka zegoen hasieratik. Eta plataforma horretako kidea da Garbiñe Manterola Agirrezabalaga (Orio, 1979). Plataformako beste 56 kideek bezala, Manterolak Urtezahar gauean, abenduaren 31ko 22:00ak aldera jaso zuen Batzordearen egintza osagarriaren zirriborroa, non nuklearra eta gasa zerrenda berdean sartzen ziren.

Berdin izan dio zirriborroa aztertzeko lan izugarriaren ostean plataforma berriz ere kontra agertzea: Batzordeak jarduera ekonomiko berdeen zerrendan sartu ditu biak otsail hasieran.

Zein sentipenekin gelditu zara?

Gazi-gozoa izan da. Plataformak jasotako agindua da zientzian eta ebidentzian oinarritutako irizpide teknikoak sortzea. Ikusita Batzordetik bazetorrela egintza delegatu osagarria, aurretik behin eta berriz eskatu genuen kontsultatuak izatea, eta gero denbora nahikoa izatea. Azkenean lortu genuen, behintzat, denbora zabaltzea [abenduaren 31n urtarrilaren 12rako epea jarri zieten, eta urtarrilaren 21era luzatu zen]. Aurretik lan izugarri piloa egin dugu, eta, orain, are gehiago.

Gazia izan da lan hori ez delako kontuan izan. Baina gozoa ere bai, ikusi delako plataforman denok helburu bera dugula: zientzian oinarritutako irizpideak betetzen dituzten aktibitateen benetako zerrenda osatzea. Gerta zitekeen presio eta bizkortasunekin iritzi desberdin bat agertzea, eta ez, argi izan dugu.

Baina entzungor egin dizuete.

Eta irizpideak ahuldu egin ditu.

Nola liteke? Haien aholkularitza zientifikoa zarete...

Legeak aginduta; araudian dago jasoa, plataforma sortzea eta zein funtzio dituen.

Eta entzungor egin dizuete.

Ni ez naiz horretan sartuko, baina egia da orain plataforma barruan sentsazioa hori dela.

Mairead McGuinness komisarioak aurkezpenean aipamen zuzena egin zion plataformari, zuei erantzun bat eman nahian.

Aipatzea edo ez aipatzea ez zait garrantzitsua iruditzen. Gogorrena zaidana da erabakian zera politikoak gehiago hartu duela. Eta zilegi da. Batzordeak gaur egun delegatuta dauka [taxonomiaren] lege hauek garatzeko eskumena, eta hor erabaki politikoak hartzen dira, oso ondo. Baina zientzian oinarritutako gauza bat izan behar da: hori dio erregulazioak.

Inportantea da jendeak jakitea hau ez dela energia nuklearrak ez duela egon behar; ez du ezartzen gasaren rola. Taxonomia ez da energia politika bat.

Finantza merkaturako tresna bat da.

Hori da. Taxonomiako zerrenden arabera, jendeak finantza merkatuan eta industrialean gardentasunez jakingo du zer den jasangarria eta zer ez. Eta enpresa handiek eta entitate finantzarioek hori ere deklaratu egin beharko dute: jarduera horiek nire inbertsio gastuaren (capex) halako zatia eta gastu operatiboaren (opex) halako zatia hartzen dute, eta fakturazioaren hainbeste.

Plataformak argi dauka nuklearrak eta gas naturalak ez luketela tokirik izan behar taxonomia berdean.

Araututa dauden irizpideen arabera, zerrenda berdean aktibitate ekonomikoaren deskripzio orokor bat jasotzen da, eta jarduerak bi mailako irizpide zehatzak bete behar ditu: batetik, ekarpen esanguratsua egitearekin lotuak, eta, bestetik, kalte esanguratsua egiteari buruzko baldintzak. Abenduko zirriborroan jasotako moduan, gasak eta nuklearrak ez zuten araudi hori betetzen, eta orain ere ez.

Argindarrerako gas naturalak zer ez du betetzen?

Aktibitate horrek [klima aldaketa gutxitzeko helburuari] ekarpen esanguratsua egiteko bi agertoki ezarri ziren: batetik, argindarra sortzean ez isurtzea 100 gramotik gora CO2 kilowatt orduko bere bizitza ziklo guztian. Hori energia sortzeko beste jardueren parekoa da, eta ekarpen esanguratsua litzateke. Gas naturaleko horrelako jarduerek badute tokia. Baina badago bigarren agertoki bat jasoa, jarduerak ekarpen esanguratsua egin beharrean, ia min egiteko puntura irits daitekeena. Plataformak eskatu zuen bigarren agertoki hori kentzea.

Nuklearrekin zer gertatu da?

Jarduera ekonomikoen taxonomia berdean sartzeko, ezinbestekoa da sei ingurumen helburuetako batean ekarpen esanguratsua egitea. Eta bai, klima aldaketa gutxitzeko helburuan energia nuklearrak ekarpen esanguratsua bete dezake, CO2 isuriak murrizten. Baina beste ezinbesteko baldintza bat dago: kalte esanguratsurik ez egitea beste bost helburuetan. Nuklearrarentzat azkenean jaso diren irizpideak ez dira nahikoa segurtatzeko ez duela kalte esanguratsua egiten beste lau helburuetan.

Gasarekin, ekarpen esanguratsua egitearenean dago arazo nagusia; nuklearretan, berriz, kalterik ez egiteko irizpideetan.

Errepasa ditzagun taxonomiaren sei ingurumen helburuak.

Klima aldaketa gutxitzea; klima aldaketarako egokitzapena; biodibertsitatea eta ekosistemak hobetzea; kutsadura gutxitzea; ekonomia zirkularra lortzea; eta itsasoa eta ur baliabideak hobetzea.

McGuinnessek azpimarratu zuen gasa eta nuklearra «trantsiziorako» izango direla.

Araudira noa berriz, guretzako oso garrantzitsua delako. Araudiak berak artikulu bat du ingurumen helburu bakoitzarentzat, ekarpen esanguratsuak zehazteko. Klima aldaketa gutxitzeko, bi mailatan egin daiteke ekarpena; batean, jarduerek egiteko jakin batzuk bete behar dituzte (energia efizientzia hobetzea eta halakoak...).

Eta, beste maila batean bai, onartzen dira jarduerak trantsiziorako baliagarritzat diren heinean, ez badago haientzako alternatiba teknologiko edo ekonomikorik. Baina hori bai, hiru baldintza argirekin: bat, eragindako berotegi gasen isuriek sektoreko eta industriako mailarik onenen parekoak izan behar dute; bi, ez dute oztopatu behar isuri txikiko alternatiben garapena; eta hiru, etorkizuneko deskarbonizazioa ez da katigatu behar orain, karbono isurietan intentsiboak diren aktibo berriekin, haien bizitza ekonomikoa dela eta. Gasak betetzen ditu baldintza horiek? Nire ustez, ez.

Plataformako buru Nathan Fabianen arabera, taxonomiaren sinesgarritasuna auzitan jarri da, funtsezko garai batean.

Nik ere hala bizi dut taxonomiaren sinesgarritasunarekin gertatutakoa. Eta espero dut plataformaren sinesgarritasuna bera ez jartzea auzitan.

Plataformaren erreakzioa sendoa izan da.

Bai. Orain arte oso neutral jokatu du plataformak, baina, oraingo honetan, gasarekin eta nuklearrarekin ikusi dugu arrazoi politikoak gailendu zaizkiela arrazoi zientifikoei. Europak taxonomiarekin lidergo bat izan nahi du munduan, baina, gero, benetan, lehen oztopoan... Beste herrialdetakoak gailendu daitezke, ze beste herrialdeak (Txina, AEB...) ere ari dira taxonomiak egiten.

Garai hau giltzarria dela ere azpimarratu behar da.

Hamarkada honetan egingo ditugun aukera guztiek erabateko garrantzia dute, eta jabetu egin behar gara horretaz.

Batzordearen erabakiak zuriketa berderako atea zabaltzen duen kezka ere hor dago.

Baliteke. Hala ere, Batzordearen egintza osagarriak jakinarazpena ere jaso du, ezarriz informazioa xehetasunez jasotzea, adierazleak aparte jasotzea gasaren eta nuklearraren kasuan.

Bilioika euro daude hor.

Munduan finantza entitate asko eta asko apustua egiten ari dira aktibitate jasangarrien alde. Eta instrumentu erabilgarri, garden eta estandar bat edukitzea, erreminta bat finantzak horra bideratzeko... Taxonomiaren helburua oso-oso potentea da. Nik uste dut ingurumenaren arloan oso-oso esanguratsua dela.

Aipatu izan da gasa eta nuklearra sar zitezkeela anbar koloreko sailkapen batean. Zergatik ez da hori egin?

Oraindik ez dago araudirik horretarako. Plataforma proposamen bat egiten ari da, agian erabilgarritasuna izan dezakeelako. Baina, oraingoz, zerrenda berdea egiten ari gara.

Europar Kontseilua eta Europako Parlamentua gelditzen dira orain. Ez dakit plataforman aipatu duzuen agian badagoela aukerarik horietan atzera botatzeko gasari eta nuklearrari buruzko Batzordearen egintza osagarria.

Hor bai dena politikoa dela, betoa delako aukera bakarra. Ez dago iritziak aurkezterik, ez lanketarik; txuri edo beltz da.

Zer egintza delegatu etorriko da hurrena?

Beste lau helburuena. Taxofour deitzen diote.

Lege bakarra izango da lau ingurumen helburuentzat? Hor ere, eztabaida ederra...

Izaten ari da. Joan den ikasturte osoa egon gara irizpide teknikoak lantzen, eta lehen zerrenda bat kontsulta publikora atera da. Asmoa da hemendik udaberrira txosten osatu bat aurkeztea.

Eztabaida ona da, hainbat gauza hartu behar direlako kontutan. Adibidez, horizontaltasuna irizpideetan, gauza berdinak lortzeko teknologia desberdinak daudenean; antzekotasun bat ere gorde behar da ekarpen esanguratsua eta kalte esanguratsua neurtzeko exijentzian. Adibidez, biodibertsitatean ekarpena egiteko, arrantzari ezin dizkiozu oso baldintza zorrotzak jarri, eta gero askoz arinagoak abeltzaintzari. Eta, gero, helburu orokor bat ere jarri behar da.

Nola da hori?

Klima aldaketa gutxitzearekin eta egokitzapenarekin, hein batean, gauzak errazak izan dira. Helburu orokorra argi zegoen; badaukazu isuri kopuru bat: 1,5 graduko muga ez gainditzea. Baina, adibidez, biodibertsitatearen xedean zein izango da helburua? Zein ura eta itsasoa hobetzean? Kutsadura gutxitzean zein izango da helburua, kutsadura zero edo kutsadura hamar?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.