Fiskaltza gradu aldaketak errekurritzen ari dela salatu du Etxerat-ek

Gorka Martinez Ahedok eta Iñaki Bilbao Gaubekak Basauriko kartzelara itzuli behar izan dute. Frantziari «jarrera ankerra»izatea egotzi diote

Sareren manifestazioa Iruñean, joan den larunbatean, presoen etxeratzea eskatzeko. IDOIA ZABALETA / FOKU.
Erredakzioa
2022ko ekainaren 26a
00:00
Entzun
Espainiako Auzitegi Nazionaleko fiskalak helegiteak jarri ditu Espetxe Zaintzako epailearen aurrean, atzera bota ditzan Maria Lizarraga, Mikel San Argimino eta Gorka Vidal euskal presoei emaniko hirugarren graduak. Etxerat-ek ohar batean jakinarazi duenez, Zaballako (Araba) eta Martuteneko (Gipuzkoa) espetxeetako tratamendu batzordeek aho batez egin zituzten hiru euskal presoei hirugarren gradua emateko proposamenak, baina Auzitegi Nazionaleko fiskaltzak horiek errekurritu egin ditu.

Preso horien kasuak ez dira bakanak, ordea. Izan ere, Etxerat-ek jakinarazi du Gorka Martinez Ahedok eta Iñaki Bilbao Gaubekak ostegunean Basauriko espetxera (Bizkaia) itzuli behar izan zutela, fiskaltzak gradu aldaketaren kontrako errekurtsoa aurkeztu ondoren, epaileak espetxeratzeko agindua eman duelako.

Hurbilketen «moteltzea»

Euskal presoen gradu aldaketei jarritako trabak ez ezik, lekualdatzeetan eta hurbilketetan atzematen den «moteltzea» ere salatu du Etxerat-ek. Hain justu, Euskal Herritik urrun dauden euskal presoak hurbiltzearen alde Sarek eta Etxerat-ek ostiralean egindako protestetan ere entzun zen kritika hori. Gogoratu zuten bi hilabete igaro direla azken gerturatzea izan zenetik eta, bitartean, euskal preso horien senideek «ehunka kilometro» egiten jarraitu behar dutela «40 minutuko bisitak izateko».

Horrez gain, Ion Kepa Paroten baldintzapeko askatasunaren seigarren eskaera dela-eta Frantziak izaniko «jarrera ankerra» salatu zuten. Halaber, oso garrantzitsutzat jo zuten Bakearen Artisauek eta Bake Bidean-ek presoen alde martxan duten dinamika.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.