UDAKO SERIEA. Superaberatsak (eta V). Jeff Bezos.

Enperadore modernoa

Amazonen eskutik, Bezosek patrikak bete ditu, baina, batez ere, iraultza eragin du merkataritzan, eta kaleko erakusleihoetatik etxeko ordenagailuetara eraman du. 1,6 milioi langileko inperio erraldoia bigarren mailan uzten ari da Bezos.

Jeff Bezosek Amazoneko buruzagitza utzi du; besteak beste, Blue Origin espazio bidaien enpresari denbora emateko. BLUE ORIGIN / EFE.
Iker Aranburu.
2022ko abuztuaren 14a
00:00
Entzun
Aberatsenen zerrendako lehen postua utzi du aurten Jeff Bezosek (Albuquerque, AEB, 1964), Teslaren kotizazioa puztu egin delako eta harekin batera Elon Musken aberastasuna. Baina bada Bezosek nekez utziko duen posizio bat: Amazonen eskutik azken bi hamarkadetan kontsumo ohiturak gehien aldarazi dituen enpresaburuarena.

Bezosek ez zuen Internet asmatu, eta haren ekarpenak ez zirudien, itxura batean, hain berritzailea: 1994an, liburuak Internet bidez erosteko denda bat sortu zuen, MacKenzie Scott emazte idazlearekin batera. Denda fisiko baten kostuak ez izateak —eta liburuak batzuetan kostu azpiko prezioetan saltzeak— abantaila bat eman zion Amazoni, eta haren arrakastaren lehen biktimak liburu dendak izan ziren.

Baina liburuen merkatua txiki geratu zitzaion Amazoni, eta, biltegiak eta banaketa bazituenez, beste motatako produktuekin betetzen hasi zen. Gaur egun, hamabi milioi produktu eskaintzen ditu bere denda birtualean, eta 353 milioi, berriz, marketplace-aren bidez; hau da, Internet bidezko denda propioa ez duten milaka denda txiki eta ertainen banatzaile gisa. Sektore ia guztietara hedatu denez, AEBetako Kongresuak ikerketa zabaldu du erabakitzeko Amazon monopolio bat ote den.

Handiak dira Amazonen zenbakiak: 2021ean, AEBetan egindako erosketa elektronikoen %42 egin ziren Amazonen bidez —horietatik %60 marketplace-aren bidez, eta bestea, salmenta zuzenean—. Gailu elektronikoetan, %44ko kuota du, eta %43koa jantzietan, %39koa etxerako artikuluetan, %33koa liburuetan, eta %15koa janarietan.

Ehunekoak txikiagoak dira AEBetatik kanpo, baina handitzen ari dira, ia herritar guztiengana iristen delako Amazon. Horrela, 2021ean, italiarren %90k erabili zuten Amazon, estatubatuarren %87k, indiarren %86k, eta britainiarren %85ek. Kopuru hori asko jaisten da Txinan (%17), han Alibaba baita jaun eta jabe.

Sareko erosketek gero eta pisu handiagoa dute, eta, estatistikak nahasiak diren arren, erosketen %25 ere izango dira aurki.

Amazon edonon dagoela eta erosketetarako lehen aukera dela erakusten duen beste datu bat: Internet bidez erosketa bat egin aurretik, AEBetako kontsumitzaileen %82k Amazonen prezioa begiratzen dute.

Presentzia horren ondorioz, iaz 450.000 milioi euroren salmentak egin zituen Amazonek, munduko BPGaren %0,5. Horietatik, ia 30.000 milioi irabaziak izan ziren, 2020an baino %56 gehiago.

Azken erosketa, Roomba

Berez, denda elektronikoak Amazonen irabazien zati bat baizik ez ditu ematen orain. Haren inguruan inperio bat eraikitzen aritu da Bezos azken hogei urteotan, inbertsioak egitea hobetsi baitu mozkinen banaketaren kaltetan.

Azken erosketa joan den astean bertan egin zuen Amazonek: iRobot enpresa erosi zuen, Roomba xurgagailuen egilea, ia 1.700 milioi euroren truke. Duela hiru aste 3.500 milioi askatu zituen One Medical AEBetako osasun zerbitzu pribatuen enpresa erosteko.

Inperioaren zatirik errentagarriena, ordea, ez da denda, baizik eta AWS Amazon Web Services. Plataforma informatiko hori erabiltzen dutemilioika enpresa, herritar eta administraziok, berendatuak eta zerbitzuak lainoan izateagatik.

Zenbaki horiek guztiek aberats egin dute Bezos: 175.000 milioi euroren ondasunak ditu gaur egun —Euskal Herriko barne produktu gordinaren halako bi ia—. Horren zatirik handiena Amazonen akzioak dira: enpresak 1,4 bilioi euro balio ditu gaur egun burtsan, azken urtean balioaren %15 galdu arren; horren %10 da Bezosena. Haren parte hartzea txikituz joan da, zati bat dibortzioarekin, eta bestea akzioak saltzen ari delako beste proiektu batzuetan inbertitzeko, eta orain arte ahaztuxea izan duen filantropia deskubritzeko. Amazonen akzioak ez ezik, enpresaren kudeaketa zuzena ere utzi du Bezosek, joan den uztailean, Andy Jassy AWSko buruaren esku.

Sindikatuen aurka

Ikusteko dago buruzagia aldatzeak aldaketa ekartzen ote duenAmazonen lan politikan ere. Inperio handiak ez dira hitz goxoekin eta eskuzabaltasunarekin eraikitzen, eta Bezosen inperioa ere ez. Are gehiago, Bezosek bete egiten ditu enpresaburu gupidagabearen estereotipo franko.

The Everything Store liburuan, Brad Stone kazetariak ziurtatu du bere langileekin hizkera oso bortitza eta erasokorra erabiltzen duela Bezosek. «Barkatu, ergela izateko pilulak hartu behar ditut gaur, ala?»; «Alferra zara, ala inkonpetente hutsa?»; «Zergatik ari zara nire bizitza hondatzen?», eta halako esaldiak jarri dituzte Bezosen ahotan. Amazonen barne funtzionamendua ikertu dutenek nabarmendu dute elkarren arteko lehia bultzatu duela, eta horrek tentsio handia eragiten diela langileei.

Ezaguna da, gainera, Bezosek ez dituela sindikatuak maite. Europan ez du onartu beste erremediorik, legearen babesa dutelako, baina AEBetan errazagoa du bere langileen antolaketa zapuzteko. Baita lortu ere: martxoan, Bessemer herriko banaketa zentro handian (5.000 langile) galdeketa egin zuten sindikatua bultzatu nahi zuten langileek, baina galdu egin zuten. Irabazi egin zuten, ordea, Staten Islanden (New York), Joe Biden presidentearen txalo artean: «Amazon, bagatoz! Adi egon».

Soldata ez da langileen eskaera nagusia —2018an, polemika handi baten ondoren, AEBetako gutxieneko soldata federala baino gehiago ordaintzea onartu zuen—, lan erritmoa, atseden falta, eta lan osasuna baizik. Gaur egun, 1,6 milioi langile ditu Amazonek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.