Maria Rovira. CUPeko Idazkaritza Nazionaleko bozeramailea

«Independentzia lortzeko bidea ez da izango minik eta gatazkarik gabea»

Indar independentisten batasuna lortzeko oztoporik handiena urriaren 1ari buruzko analisia adostea da, Roviraren iritziz. Haren esanetan, oker larria izan zen pentsatzea legedi batetik bestera igarota lortuko zela independentzia.

DANI CODINA.
Gorka Berasategi Otamendi.
Bartzelona
2020ko irailaren 9a
00:00
Entzun
Hauteskundeetarako hautagai zerrenda eta hauteskunde programa osatzeko eztabaida prozesuan murgilduta dago CUP, oraindik datarik ez duten baina luze gabe espero diren Kataluniako bozetarako prestatzen. Aldi berean, ostiralean ospatuko duten Diada egunerako prestaketa lanetan ere ari dira. Aurtengoa ezohikoa izango da pandemiak behartuta, eta egun horretarako ekintzak antolatzea «konplexua» izaten ari dela aitortu du Maria Rovira CUPeko bozeramaileak (Bartzelona, 1988). Koalizio antikapitalistak Bartzelonan duen egoitza nagusian hartu du BERRIA, Diadaz, hauteskundeez eta Kataluniako independentismoaren egoeraz mintzatzeko.

Aurtengo Diadarako «manifestazio estatiko bat» antolatu duzue, Bada bizitzeko beste modu bat. Independentzia lelopean. Nolakoa izango da ekitaldi hori?

Pandemia baten testuinguruan egingo den ekintza puntual bat izango da, baina garrantzitsua da mobilizatzeko borondatea agertzeko. Osasun neurri guztiak beteko ditugu: lau sarbide izango dira, parte hartzeko derrigorrezkoa izango da aurretik izena ematea, gutxieneko distantziak errespetatuko dira, eta manifestariei tenperatura neurtuko zaie. Kontuan izan behar da espazio publikoan esku hartzeko politikak garatzen ari direla, eta saiakera bat dagoela egungo egoera baliatuz manifestazio eskubidea mugatzeko. Horregatik, ezinbestekoa da espazio publikoan kokatzen jarraitzea, hori baita guk politika egiten dugun tokia.

Nola ari zaio erantzuten Kataluniako Gobernua koronabirusak eragin duen krisiari?

Gure iritziz, azken urteetako norabide berean ari da. Hau da, politika neoliberalen bidez. Ez die erantzuten jendearen egiazko beharrei. Bizi dugun gizarte, ekonomia eta osasun krisiak aurretik bizi genuen krisia areagotu du. [Kataluniako] Printzerrian biztanleriaren %20 zegoen bazterketa sozialerako arriskuan, eta ehuneko hori puntu batzuk igo da orain, baina lehenagotik ere egoera larria zen. Gizarte zerbitzuak inola ere ez dira nahikoak beharrei erantzuteko, eta, gainera, horien pribatizazioa bultzatu da; hezkuntzan, osasunean eta zaintza arloetan. Agerian gelditu da zein zen lehenagotik bizi genuen egiazko egoera: daukagun sistema ekonomiko, politiko eta sozialak ez du gaitasunik krisi larri honi erantzuteko. Bestalde, guztiz salagarriak dira gobernu barruan izan diren alderdikeria jokabideak. JxCk eta ERCk beren arteko gudetarako baliatu dute horren larria den egoera hau.

Prozesu independentistaren garapenari dagokionez, zer deritzozu Quim Torraren gobernuak legealdi honetan egin duenari?

Torraren gobernua errepublika bat gauzatzeko iritsi zen, baina ez da ezer ere egin bide horretan urratsak egiteko. Horregatik, legealdi hau agortuta dago. Ez ditu bete gobernu honek egitekoen artean zituen betebeharrik garrantzitsuenak. Beraz, hauteskundeetara deitu beharko luke.

Espainiako Auzitegi Gorenak hura inhabilitatu eta presidente kargutik kendu dezake. Horren aurretik deitu beharko luke bozetara?

Guk uste dugu ezin duela [Espainiako] estatuak erabaki noiz egingo diren Katalunian hauteskunde batzuk. Horrez gain, ezinbestekotzat jotzen dugu inhabilitazioari erantzun bateratu bat ematea. Onartezina da Espainiako Estatuak Generalitateko presidente bat inhabilitatzea. Aldi berean, ezinbestekoa da, gutxienez, alderdi independentisten artean adostea bozetarako data, arlo nazionalean eta sozialean ditugun erronkei erantzuteko.

Inhabilitazio bati zer erantzun ematea proposatzen du CUPek? Torrak presidentetzari eutsi beharko lioke?

Bergako alkate Montserrat Venturos (CUPekoa) inhabilitatu zutenean erabili zen irtenbide berbera proposatzen dugu. Hau da, Torrak presidente funtzioak betetzen jarraitu beharko luke; bileretara joan, gidaritza politikoan jarraitu... Baina arlo administratiboan dokumentuak [Pere] Aragonesek sinatzea [Kataluniako presidenteordeak]. Orain bilera sorta bat hasiko dugu proposamena aurkezteko JxCri, ERCri, Omniumi eta ANCri.

Pedro Sanchez Espainiako presidenteak telefonoz deitu zion herenegun Torrari, Espainiako eta Kataluniako gobernuen arteko negoziazio mahaia biltzeko. Mesfidantza agertu duzue mahai horren inguruan. Uste duzu bildu beharko lukeela?

Uste dut bildu beharko lukeela, baina mahai gainean jarri beharreko gaia autodeterminazioa dela. Adostu dezatela erreferendum baterako eguna, eta estatuak amaitu dezala errepresioa. Autodeterminazio eskubidea ez da negoziagarria; eskubide hori noiz gauzatu adostu daiteke.

Desadostasun estrategikoak agerikoak dira independentismoaren barruan, urriaren 1eko erreferenduma egin ondotik.

Urriaren 1aren ostean gertatu denak argi utzi du aurretik ere ez zegoela batasun estrategikorik indar independentisten artean. Bazen erreferendum bat egiteko helburua, baina JxSik orduan egin zuen proposamenak zioen hemen legedi batetik bestera igaroko ginela, minik gabeko bidea izango zela independentziarena, ez zela gatazkarik eta errepresiorik izango, estatuak errealitate hori onartu beharko zuela. Guk erreferendumerako kanpainan esan genuen ez zela izango minik gabea, Espainiako Estatuak bere botere eta indar osoa erabiliko zuela autodeterminazio eskubidea gauzatzea eragozteko. Herrialde Katalanetan baditugu adibideak independentistek eta disidentzia politikoak jasaten duten errepresioa islatzen dutenak, baina Euskal Herrian gertatutakoa oso argigarria da, eta frogatzen du estatuak zer nolako baliabide juridiko-politikoak dituen autodeterminazio eskubidea ukatzeko.

Guk aurreikusi genuen urriaren 1ean errepresioa izango zela, nahiz eta ez jakin estatuak zenbaterainoko indarra erabiliko zuen. Ondoren, erantzun jendetsu bat sortu zen, urriaren 3an [greba orokorra izan zen]. Egoerari eta mobilizazioari eusteko gai izan bagina, eta erakundeetako proposamenak eta herri mobilizazioarenak uztartu bagenitu, ziur aski orain bestelako indar harreman bat izango genukeen. Errealitate printzipioak dio independentzia ez dugula lortuko legedi batetik besterako urrats batekin, ez dela minik eta gatazkarik gabea izango, JxSik zioenaren kontrara.

Espainiak eskura dituen indar baliabide eta estatu botereen aurrean zer egin dezake independentismoak?

Bistan da errepresioak eragin handia izan duela, eta horrek agerian uzten du errepresioaren kontrako estrategia baten garrantzia. Errepresioaren aurkako egitura bat behar dugu lurralde osoan, erantzun bat ematea ahalbidetuko diguna.

Jende askoren atxikimendua ahuldu egin da, erakundeetatik ez zelako erantzunik izan. Jendea prest zegoen gorputza jartzeko eta dena emateko, eta erakundeek ez zuten erantzunik eman. Beldurragatik, ezjakintasunagatik edo orduko analisia beste bat zelako.

Zertan oinarritu beharko lirateke errepresioaren kontrako estrategia bat eta egitura bat?

Lehenik eta behin, jakin behar dugu hartutako konpromisoek zer ondorio izan ditzaketen. Zintzoki azaldu behar da hori, eta argi izan noraino heltzeko prest gauden. Ez da gauza bera isunak ekar ditzaketen erabakiak hartzea ala espetxea nahiz erbestea ekar dezaketen erabakiak hartzea. Horri guztiari buruz hitz egiteko aukera izan behar dugu, eta hori lantzekoa. Bestalde, oinarrizkoa da talde babesa. Jakitea sare oso bat dagoela errepresioari erantzungo diona; ez soilik arlo ekonomikoan, zeina funtsezkoa den, baina baita giza alorrean ere. Errepresioa psikologikoki oso gogorra baita. Uste dut ezker independentista oso presente dagoela horretan. Alerta Solidaria elkartea daukagu. Beti erantzuten du errepresio egoeretan, baina egia da inoiz ez ditugula izan horrenbeste kasu. Beharrezkoa da errepresioaren kontrako alorraren pisua berriz ere aztertzea.

JxCri eta ERCri dagokienez, errepresioari buruz duten ikuspuntu historikoa desberdina da. Gobernuko alderdiak dira, eta Mossos d'Esquadraren bitartez polizia indarkeria erabiltzen ari dira gure jendearen aurka. Kontraesan horri aurre egitea oso zaila da guretzat. Bilera guztietan behin eta berriz errepikatzen diegun gai bat da. Errepresioa amaitzen ez bada, oso zaila da izango zaigu haiekin zerbaitetan eskutik goazela justifikatzea.

ANCk alderdi independentistei eskatu die botoen %50 baino gehiago lortuz gero urratsak egin ditzatela independentzia deklarazio bati eutsi ahal izateko. CUP bat dator horretan?

CUP guztiz ados dago proposamen horrekin. Uste duguna da eman beharreko urratsak adostu egin behar direla. Guk lan egingo dugu indar independentisten arteko akordioa bilatzeko, autodeterminazio eskubidea gauzatze aldera. Proiektu ekonomiko eta sozial oso desberdinak ditugu, eta guk uste dugu ez dugula independentzia lortuko herri mobilizaziorik ez bada eta jendeak bultza egiten ez badu.

Une honetan, gure proposamena lantzen ari gara, eta urriaren erdialdera argitaratuko dugu. Argi daukaguna da indar independentisten arteko batasuna lortu beharra daukagula.

Hitz egiten ari zarete elkarlan hori bilatzeko?

Bai, gainontzeko alderdi independentistekin hitz egiten ari gara lanean hasteko. Baina bada zailtasun garrantzitsu bat: ez gatoz bat urriaren 1ean gertatu zenari buruzko analisian. Batzuen iritziz, aurrera egin behar da diagnostikoan bat ez etorrita ere, min handia dagoelako, denborarekin oso bestela ikusten diren hainbat gauza... Baina guk uste dugu badela errealitate material bat kontuan hartu beharrekoa. Badirela gertatu denaren arduradunak. Hori aintzat hartu beharrekoa da. JxSik ezingo zuen orain kanpainarik egin esanez independentzia legedi batetik bestera igarota lortuko dugula.

Zein izango lirateke CUPen baldintzak gobernu independentista bati babesa emateko edo haren parte izateko?

Hori guztia eztabaidatzen ari gara orain, bozen programa zehazten. Arlo ekonomiko eta sozialean ziurra da gizarte zerbitzuen kudeaketa publikoa funtsezkoa dela guretzat, eta autodeterminazio eskubidearen ariketa gauzatzeak lehentasunezkoa izan beharko lukeela gobernuarentzat. Argi daukaguna da, gure leloak dioen bezala, badela bizitzeko beste modu bat eta independentzia dela beste modu horretan bizi ahal izateko behar duguna. Sistema kapitalista eta patriarkalaren aurrean, guk feminismoa eta sozialismoa aldarrikatzen ditugu. Ezin dugu egoera hobe bat izan gure tesiak azaltzeko.

Pandemia honetan, nola jar daiteke martxan prozesu independentistaren aldeko herri mobilizazio bat?

Erronka handi bat daukagu hor. Gure ekintza politikoa espazio publikoaren esku hartzean oinarritzen da, protestan eta eskubideen defentsan, eta, beraz, bistan da pentsatu egin behar dugula hori guztia nola egin. Baina, zalantzarik gabe, osasun neurriak hartu beharko diren arren, guk espazio publikoan egon beharra daukagu eta molde berriak pentsatu beharko ditugu horretarako. Etxegabetzeak ez dira eten, eta horiek geldiarazten jarraitu behar dugu; segitu behar dugu indarkeria matxista salatzen pandemia garaian areagotu egin dira, gainera, emakumeen kontrako erasoak; lanpostuetan heriotzak gertatzen dira orain ere. Horra kontraesana: gu ezin gara mobilizatu, baina multinazionaletara lanera joan beharra dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.