Albistea entzun

SERIEA. U-1etik bost urtera. Atarikoak eta ondorena.

Erreferendumak zer ekarri zuen

Galdeketara deitu zuten, lege bat onartu zuten horretarako, eta herritarrek bozkatu egin zuten, Poliziaren indarkeriari aurre eginez. Madrilek errepresioaren bidean segitu zuen, eta kartzelatzeak eta erbesteratzeak heldu ziren.
<b>1. U-1a.</b> Herritarren bozkatzeko nahiari indarkeriarekin erantzun zion Poliziak.
1. U-1a. Herritarren bozkatzeko nahiari indarkeriarekin erantzun zion Poliziak. ALBERTO ESTÉVEZ / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Igor Susaeta -

2022ko irailak 28

Artur Mas Kataluniako Generalitateko presidente zenak (2010-2016) hau adierazi zuen 2014ko azaroaren 25ean, azkenean, orduan zehaztuta ez egonagatik, 2017ko urriaren 1ean egingo zuten erreferendumerako bide orria plazaratu zuenean: «Kataluniak autogobernu handiagoa eskatzen duen bitartean, estatuak zentralizazio prozesu bati ekin dio». Gogoan zuen, esaterako, 2010ean Auzitegi Konstituzionalak murriztu egin zuela lau urte lehenago kataluniarrek erreferendum batean onartutako Kataluniako estatutu berria, eta 2012an Espainiako Gobernuak uko egin ziola Kataluniako Parlamentuak bultzatutako itun fiskalari buruz hitz egiteari. Hau da, autonomia handitzeko negoziazio orori ateak itxiak zizkion Madrilek —PP egon zen Moncloan 2011tik 2018ra—, eta horrek ekarri zuen, modu batean edo bestean, independentisten kopurua nabarmen handitzea.

Ikusi gehiago: Erreferendum bat noiz eta nola egin zehazteko argitasun akordio bat proposatu du Aragonesek

Bide orrian jasotakoa bururaino eraman, eta egin zuten erreferenduma. Aste batzuk lehenago, ordea, errepresioaren bidea ibiltzen hastea erabaki zuen Madrilek, eta horrek baldintzatu zuen bai eguna, baita hurrengo hilabete eta urteetako Kataluniako politikagintza bera ere. Orduan hartutako erabaki batzuen ondorioz irekitako zauriak ez dira itxi, gainera. 2017ko urriaren 1eko eta aurreko eta ondorengo asteetako gertakari nagusien bilduma bat da hau.

2017KO IRAILAREN 6A
Erreferenduma egiteko legea onartu zuten

Espainiako eta Kataluniako historian aurrekaririk gabeko egoera bat sortu zen, Kataluniako Parlamentuak urriaren 1ean independentziarako erreferenduma egiteko legea onartu baitzuen. Espainiako Gobernuari eta auzitegiei maniobratzeko ahalik eta tarte txikiena uzteko, Junts Pel Si —ERC Esquerra Republicanaren eta konbergenteen arteko koalizioa— eta CUP indar subiranistek egun horretan 09:00etan aurkeztu zuten legea tramitatzeko eskaria. Parlamentuko Mahaiak eguneko gai ordena aldatu zuen, eta horrek lehen tirabirak eragin zituen ganberan. Tentsio handikoa izan zen osoko bilkura, eta ia 22:00ak zirenean onartu zuten erreferendumera deitzeko dekretua, Junts Pel Si-ren eta CUPen aldeko botoekin. Ciutadanseko, PSCko eta PPCko parlamentariek ez zuten bozkatu, eta hemiziklotik alde egin zuten, protesta modura. Auzitegi Konstituzionalak hurrengo egunean baliogabetu zuen legea.

2017KO IRAILAREN 20A
Atxiloketak eta herritarren erreakzioa

Bartzelonako 13. instrukzioko epailearen aginduz, Kataluniako Gobernuaren zenbait kontseilaritzatan miaketak egin zituen Guardia Zibilak, eta hamabost pertsona atxilotu zituen; besteak beste, Generalitateko goi kargudun batzuk. Erreferenduma prestatzea egozten zieten. Herritarrek kalera ateraz erantzun zieten miaketei eta atxiloketei. Bartzelonako Rambletan, Ekonomia Kontseilaritzaren eraikinaren parean, 40.000 bat lagun elkartu ziren operazioaren kontra protesta egiteko. Ia gauerdian, demokraziaren eta erreferendumaren aldeko afixez jositako Guardia Zibilaren auto batera igo ziren Jordi Sanchez eta Jordi Cuixart ANC Biltzar Nazional Katalana eta Omnium Cultural elkarte subiranistetako presidenteak, hurrenez hurren, eta bildutakoei eskatu zieten protesta sakabanatzeko.

2017KO URRIAREN 1A
Poliziaren bortizkeria, erreferenduma gelditzeko

Espainiako Estatua eskura zituen baliabide guztiak erabiliz ahalegindu zen erreferenduma bertan behera uzten, baina azkenean egin zuten galdeketa. Botoa ematera deitutako herritarretatik 2.286.217k hartu zuten parte (%42), eta horietatik %90ek independentziaren alde bozkatu zuten. Poliziak herritarrei oldartu zitzaizkien, zenbait bozkalekutara indarrez sartu ziren, eta 1.066 zauritu eragin zituzten; horietatik bost, larri. NBE Nazio Batuen Erakundeak Madrili eskatu zion onartzeko giza eskubideetako adituen ikerketa bat. Emaitzari berari erreparatuta, Carles Puigdemont Generalitateko presidenteak jakinarazi zuen bete beharrekoa zela, eta instituzioek zutela herritarrek erabakitakoa ezartzeko agindua. Azpimarratu zuen aldarrikapenarekin bat zabaldu zen bidea egiteko nazioartearen bitartekaritza ezinbestekoa zela, baina Espainiako Gobernuak ateak itxi zizkion aukera horri.

2017KO URRIAREN 3A
Erreferendumeko indarkeria salatzeko greba

Espainiako Poliziak eta Guardia Zibilak erreferendumaren egunean erabilitako indarkeria gaitzesteko eta bozketa egunean zauritutakoei elkartasuna adierazteko, «lanuzte orokorrera» edo «greba orokorrera» deitu zuen Demokraziaren Aldeko Mahaiak, eragile sozialak eta sindikalak biltzen zituen plataformak. Deialdiarekin bat egin zuten, hortaz, ANC eta Omnium Cultural bi elkarte subiranista nagusiek, baita, besteak beste, CCOO eta UGT sindikatuek ere. Jendetza bildu zen Kataluniako herri eta hirietan antolatutako manifestazioetan, eta horrek eragina izan zuen lan jardunaren etetean. Horrenbestez, industrian, esaterako, ia erabatekoa izan zen lanuztea. Errepideak izan ziren protestaren ardatzetako bat, eta, guztira, ia 60 bat bide trabatu zituzten manifestariek. Generalitatearen arabera, «oihartzun masiboa» eduki zuen deialdiak.

2017KO URRIAREN 16A
Cuixart eta Sanchez, kartzelara

Aurreko asteetako jardunarekin lotutako espetxeratzeak hasi ziren, eta Carmen Lamela Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak agindu zuen Cuixart eta Sanchez bermerik jarri gabe kartzelatzeko. Irailaren 20an Generalitatearen Ekonomia Kontseilaritzaren egoitzaren parean egindako mobilizazioan Guardia Zibilaren aurkako «setio bat» hauspotzea leporatu zien, eta sedizioa egotzi. Epaile baten agindua betetzen ari ziren agenteak «beldurrarazi» zituzten. Bigarrenez deklaratu ostean kartzelatuko zituztelakoan, Cuixartek eta Sanchezek bi bideo utzi zituzten grabatuta, eta «konfiantza eta lasaitasuna» eskatu zuten Madrilen errepresioaren aurrean.

2017KO URRIAREN 21A
155. artikulua ezarri zuten, autogobernua deuseztatzeko

Puigdemontek proposatutako elkarrizketa eskaerei muzin egin, eta, aurreko asteetan planteatutako mehatxua betez, Espainiako Gobernuaren Ministroen Kontseiluak erabaki zuen, PSOEren eta Ciudadanosen oniritziarekin, konstituzioaren 155. artikulua aplikatzea, eta, ondorioz, Kataluniako autogobernua deuseztatzea. Senatuak handik egun batzuetara onartu zuen Mariano Rajoy buru zuen gobernuak hartutako erabakia. Kataluniako instituzioak kontrolpean edukitzeko neurriak hartu zituzten. Horiek justifikatzeko, Rajoyk esan zuen Generalitateak «inposaketa» proposatu zuela. «Eginezina zen zerbait nahi zuen».

2017KO URRIAREN 27A
Independentzia deklarazioa parlamentuan

Puigdemontek hauteskundeetara deitzea erabakita zeukan urriaren 26ko goizean. Horrek tirabirak eragin zituen buruzagi independentisten artean. Ordu batzuk geroago agerraldia egin zuen Kataluniako presidenteak, eta jakinarazi ez zuela bozetara deitu Espainiako Gobernuak ez ziolako bermerik eman 155.a bertan behera uzteko. Hurrengo egunean, 27an, Katalunia estatu independente izendatzen zuen ebazpena onartu zuen parlamentuaren gehiengoak, 15:27 zirenean, diputatu independentisten babesarekin. Parlamentuaren kanpoaldean elkartu ziren milaka lagunek emozioz ospatu zuten. Bitartean, Madrilen, Kataluniako Parlamentua desegin zuen Rajoyk, eta abenduaren 21erako bozetara deitu.

2017KO URRIAREN 30A
Puigdemont, Bruselan

Kataluniako Parlamentuak errepublika independentea deklaratu eta hiru egunera, Jose Manuel Maza Espainiako fiskal nagusiak eman zuen Kataluniako Parlamentuko Mahaiko kide subiranisten eta Generalitateko presidente eta kontseilarien aurkako kereilen berri. Hiru delitu egitea leporatu zien denei, nagusiki: matxinada, sedizioa eta diru publikoa bidegabe erabiltzea. Fiskalak delituak jakinarazi aurretik Kataluniatik alde egina zen Puigdemont, jakinik urteetako zigor eskaerei aurre egin beharko ziela hartutako erabakien ondorioz. 30ean jakin zen Bruselan zegoela. Hurrengo egunean prentsa agerraldia egin zuen han, sei gobernukiderekin batera, eta mezu argi bat bidali zion EB Europako Batasunari: «Erreakzionatu».

2017KO AZAROAREN 2A
Kataluniako Gobernua, espetxera

Lamela epaileak deliberatu zuen matxinada delitua egin zutelako zantzuak zeudela, eta bermerik gabe kartzelatu zituen Madrilera deklaratzera deitutako Generalitateko kontseilariak: Oriol Junqueras presidenteordea, eta Jordi Turull, Josep Rull, Raul Romeva, Joaquim Forn, Carles Mundo, Dolors Bassa eta Meritxell Borras. Puigdemontek adierazi zuen Madrilek «errepresioaren aldeko apustua» egin zuela. Bide batez, Puigdemont eta harekin Bruselara erbesteratutako Generalitateko beste kontseilariak (Antoni Comin, Lluis Puig, Meritxell Serret eta Clara Ponsati) estraditatzeko eskatu zuen Lamelak.

2017KO ABENDUAREN 21A
Subiranistak gehiengoari eutsiz bozetan

Rajoyk deitutako bozak egin zituzten. ERCk eta konbergente berriek baztertu egin zuten Junts Pel Si-ren moduko zerrenda bat errepikatzea, eta bakoitza bere kabuz aurkeztu zen. Hauteskundeetarako baldintzak salatu zituzten independentistek, horiek egin zituztelako instituzioak Madrilen mende eta buruzagi subiranistak kartzelatuta zeudela.

Ciutadansek irabazi zituen, baina JxC Junts Per Catalunyak —konbergenteen marka berria—, ERCk eta CUPek 70 parlamentari lortu zituzten —botoen %47,5 inguru—, eta, horrenbestez, parlamentuak jarraitu zuen gehiengo independentista edukitzen. JxCk botoen %21,7 lortu zituen, eta ERCk, %21,4.

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

Palestinako herritarrak Israelgo segurtasun indarrek hildako palestinar baten hiletan, Ramallahn. ©Alaa Badarneh / EFE

Israelen eta Palestinaren arteko gatazka «borborka hastear» dagoela ohartarazi du NBEk

Maddi Iztueta Olano

Erakundeak bi estatu sortzeko plana onartu zuenetik 75 urte betetzen dira gaur, baina liskarrak ez du etenik izan ia. Israelgo segurtasun indarrek lau palestinar hil dituzte bart.

Erreskatatu dituzten hiru gizonak, 'Alithini II' petrolio ontziaren lema gainean. ©@salvamentogob

Petroliontzi baten lemaren gainean 11 egunez iraun duten hiru lagun erreskatatu dituzte Kanarietan

Paulo Ostolaza

Ontzia Lagostik abiatu zen, Nigeriatik, azaroaren 17an. Lehen arreta eman eta gero, hipotermia zantzuekin ospitaleratu dituzte hiru gizonak.

Jens Stoltenberg NATOko idazkari nagusia, atzo, Bukaresten egindako agerraldian. ©ROBERT GHEMENT / EFE

Stoltenberg: «NATOk Ukraina babesten jarraituko du, eta ez dugu atzera egingo»

Mikel O. Iribar

Mendebaldeko aliantza militarra bilera egiten ari da Bukaresten. Reutersen arabera, NATO presio egiten ari zaie armak ekoizten dituzten enpresei, hornidura «arazoak» dituztelako.

Irango emakumeen aldeko protesta bat, Istanbulen (Turkia), larunbatean. ©ERDEM SAHIN / EFE

Iranek ez dio lagunduko NBEri protestetako errepresioa ikertzen

Maddi Iztueta Olano

NBEk misio bat sortu du Mahsa Aminiren aldeko mobilizazioetako errepresioa ikertzeko. Protestetan 300 lagunetik gora hil dituzte

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Hitzen, ekintzen eta errimen eztanda. Herri bat BERRIAren kulturaren plazan. Baliatu udazkenean BERRIAlagun egiteko eskaintza.