Albistea entzun

Ehunka lagun bildu dira Gasteizen azpiegitura proiektu handien aurka

Euskal Herria Bizirik plataformak natura «benetan» babestuko duten politikak eskatu ditu
Protesta jendetsua egin zuen atzo Euskal Herria Bizirik elkarteak Gasteizen.
Protesta jendetsua egin zuen atzo Euskal Herria Bizirik elkarteak Gasteizen. ENDIKA PORTILLO / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Aitor Biain -

2023ko maiatzak 21 - Gasteiz

Landa eremuari eta naturaguneei «eraso» egiten dieten azpiegitura handiak arbuiatzeko eta eraikitzeari utz diezaiotela eskatzeko manifestazio jendetsua egin zuten atzo Gasteizen, Lurraren defentsan, Euskal Herria bizirik lelopean. Ehunka lagunek ozen salatu zuten «makroproiektuek» ekosistemen eta landa eremuko bizimoduaren «desagertzea» ekarriko dutela, eta gaitzetsi zuten enpresa handiak izango direla horren «onuradun bakarrak».

Izan ere, protestaren amaieran irakurritako agiri batean salatu zuten naturaguneak «industrializatuko» dituzten azpiegitura berrien «erasoaldi bat» gertatzen ari dela. Trenbideak, zentral eoliko eta fotovoltaikoak, erraustegiak, animaliak hazteko gune erraldoiak... trantsizio energetikoaren aitzakian eraikitzen ari direla azpimarratu zuten, eta, bitartean, administrazioak diru publikoa patrika pribatuetara «desbideratu» duela.

Horren aurka, «eredu ekosoziala» aldarrikatu zuten, eta agintariei eskatu zieten natura «benetan» babestuko duten eta «inbertitzaileen diru goseari men egingo ez dieten» politikak martxan jartzeko: «Energia eskuratzeko aukera unibertsala ekarriko duen politika nahi dugu, pertsona guztien beharrei erantzungo dien eredu energetiko deszentralizatu eta tokikoan oinarritua».

San Anton plazan hasi zen protesta, eta, Frantzia eta Bake kaleak zeharkatu ostean, Foru plazan amaitu zen. Traktoreek zabaldu zuten bidea, eta haien atzetik joan ziren manifestariak eta protestarako erabili zituzten elementuak. Asko izan baitziren: haize errotak, herrien izena zizelkatuta zeramaten hilarriak, politikari edo enpresari mozorrotutako jendea, eta baita elefante zuri bat ere, besteak beste.

Aldarriak ere ugariak izan ziren bide guztian. Pankarta nagusiaren atzean, AHTaren, parke eolikoen, Gaubeako tomate berotegiaren, Urdaibaiko Guggenheim museoaren, erraustegiaren eta gaitasun handiko autopista elektrikoen aurkako pankartak ikus zitezkeen.

Hain zuzen ere, proiektu horien aurkako protesta batzuk ekarri zituzten gogora Nafarroa Energia Eraldatzen taldeko Nuria Madotzek, Bizkaiko Interkonexio Elektrikoari Ez taldeko Alvaro Camposek, Ipar Euskal Herriko Ostia elkarteko Ellande Alfarok, manifestazioa erdibidean zela. Amaieran, berriz, sami komunitateko kide batek Statkraft enpresak —Euskal Herrian hainbat parke eoliko eraiki nahi dituen bera— eraiki nahi duen parke eolikoaren aurkako «borroka» izan zuen hizpide. Gogorarazi zuen auzitegiek ukatu egin ziotela baimena, baina enpresak entzungor egin duela. Azaldu zuen bi urte daramatzatela epaia bete eta azpiegitura desmuntatzeko eskatzen.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Martxelo eta Amagoia: lekuko aldaketa

«Kazetaritza egitea: hori da gure funtzioa»

Arantxa Iraola

Neurria ondo hartua diote elkarri. Otamendik 30 urte egin ditu zuzendari; Mujikak erredakzioko taupaden erritmoan egin du lan ibilbidea, eta, orain, arduraz hartu du zuzendari izateko «erronka». BERRIAren 20. urteurrenarekin batera dator aldaketa, egunkaria berritzeko ahalegin betean.
Martxelo Otamendi, Amagoia Mujika Tolaretxipi eta Beatriz Zabalondo ondoan dituela, atzo. ©JON URBE / FOKU

Amagoia Mujika Tolaretxipik hartuko du Martxelo Otamendiren tokia

Jon Ordoñez - Arantxa Iraola

Erretiroa hartuko du Otamendik, 30 urtean 'Euskaldunon Egunkaria'-ren eta BERRIAren gidaria izan eta gero. Hedabide bietan zaildutako kazetaria da zuzendari berria; zuzendariorde egin ditu urteok
RD-936 errepidea, Beskoitze (Lapurdi) parean. ©BERRIA

Bi lagun hil dira Beskoitzen, trafiko istripuan

Berria

Motorrean zihoazen biak, eta traktore baten kontra talka egin dute. Atzo arratsaldean gertatu zen ezbeharra.

Lasterbidean lasterketako korrikalariak, atzo, Villabona-Amasan. ©AITOR KARASATORRE / FOKU

Lasterbidean egin dute, euskal presoen eskubideen aldeko lasterketa

Mikel Elkoroberezibar Beloki

Pertsona ugarik egin dute korrika Villabona-Amasan; hainbat kontzertu ere egin dituzte. BERRIA izan da lasterketaren laguntzaileetako bat

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.