DARWIN ETA GU

Casanova linguistikoak

Jose Mari Pastor -

2019ko maiatzak 18
Bere hizkuntza ez lapurtzeko eskatu du Philippe Van Parijs-ek, Lovainako Unibertsitateko irakasleak, Die Zeit astekarian argitaratutako artikuluan. Aditu flandriarrak hizkuntzen funtzio komunikatiboa aztertu du hainbat lanetan. Linguistic Justice for Europe and for the World —Justizia linguistikoa Europarentzat eta munduarentzat— deritzon liburua da horietako bat.

Irakaslearen ustez, Erresuma Batuak EBtik alde egin arren, ingelesak hizkuntza ofiziala izaten segituko du praktikan. Van Parijsek ez du nahi ingelesa, nolabait bere hizkuntzatzat jotzen duena, Europako erakundeetatik desagertzea. Justizia linguistikoa egitea izango litzateke ingelesari eustea. Justizia linguistikoa Europako beste hizkuntzentzat ere gura du: «Lingua franca honek (ingelesa) gure hizkuntza natiboak baliogabetuko ditu? Ez. Gure hizkuntza propioak testuinguru pribatuetan ez ezik, gure herrialdeetako esfera publikoetan ere ezarri eta erabili behar dira. Eta gurera modu iraunkorrean bizitzera datorren jendeak ulertu beharko du hauxe espero dugula harengandik: adorea eta umiltasuna gure jatorrizko hizkuntza ofizialak ikasteko. Hizkuntza horiek baliabide nagusia izaten segitu behar dute hezkuntzaren arloan eta, kasurik gehienetan, komunikazio publikoan».

Hizkuntzentzat errespetua eskatu du irakasleak, arlo pribatu, publiko eta instituzionalean. Ikuspuntu interesgarria da teorian, baina ez hain erraza praktikan. Batez ere, Euskal Herrian. Flandrian baliteke, baina hemen ez ditugu bermatuak, inondik inora, hizkuntzaren erabilera, garapena eta iraupena. Gure hizkuntzek komunikazio tresna nagusia izaten segitu behar dutela dio adituak. Baina zer dugu mintzaira horiek oraindik tresna nagusia izatera heldu ez direnean eta, beraz, urrun daudenean baliabide nagusia izaten «segitze» horretatik?

Gure kasuan, esaterako. Europako hizkuntza zaharrenaren jabeak gara, baina batzuentzat trogloditen garaietako hondarra da euskara. Lasai asko suntsitu eta erraustuko lukete chauvinista linguistikoek. Ez dute umiltasunik onartzeko hemengo hizkuntzak nagusia izaten hasi beharko lukeela eremu publiko, instituzional eta komunikatiboan. Euskara ez ikasita, justizia linguistikoa ukatzen digute. Bitartean, «kontuz», «errespetuz» jokatzeko esaten digute gure erakundeek. Euskaldunok erdaldunak seduzitu behar omen ditugu. Euskarara erakarri, atseginak izan, jatorrak. Irribarrea ezpainetan beti.

Flandriarrek bermatuta dute hizkuntzaren geroa, ezustekorik ez bada. Ez alderatu bertako egoera eta bertokoa. Ofizialtasun bakarra dute haiek. Bai, jatorrizko hizkuntzen ezagutza maila oso desberdinak ditugu han eta hemen, baina hori ez litzateke aitzakia izan behar. Duela 40 urte katalanaren ezagutza ez zen oraingoaren modukoa, baina Katalunian adostasuna lortu zen hizkuntzaren alde egiteko, hezkuntzan murgiltze-sistema jartzeko. Erakundeek ez zieten katalan hiztunei sinpatikoak izateko eskatu.

Euskal Herrian, berriz, dena rollito ona. Borondatea. Gure hezkuntza sistemak eta hizkuntza eskakizunek ez dituzte espainiarrak kezkatzen. Eskuin muturrekoak ere ez. Funtsean, badakite kontua ondo kontrolatuta dutela hemen. Hara zer esan zuen joan den astean Rocío Monasteriok, Voxeko politikariak, laSexta Noche telebista programan: «Ni ingeniaria naiz, baina ezin dut lanik egin Feijooren Galizian, galizieraz hitz egiten ez dakidalako; eta Katalunian ere ez, katalanez ez dakidalako». Euskal Herriari buruzko kexarik? Bat ere ez. Hitzik ez. Zergatik ote?

Hemen halako pertsonek ez dute arazorik. Hemen oso jatorrak eta atseginak gara denak. Halakoak izateko eskatzen digute. Erdaldunak limurtzeko. Casanova linguistikoak izan behar dugu. Goizero dozena bat ostra gosaldu, il Signore Giacomok bezala, eta kalera irten erdaldun horiek euskararen ohantze laketgarri delizios epelean etzanarazteko, airean banilla eta kanela, bihotzean sua eta kandela. Casanova linguistikoak, bai, Atila kulturalak seduzitzeko.