Iker Aranburu.
BAKARRIZKETA

Etxe bat Suitzan

2019ko abenduaren 1a
00:00
Entzun
1. Atxagaren beste liburu baten izenburua? Ez zabiltza urruti. Asteasuko idazleak badu nolabaiteko joera etxe hitza erabiltzeko bere liburuen izenburue- tan —Zazpi etxe Frantzian kaleratu zuen 2009an, eta Etxeak eta hilobiak aurten—, eta nire izenburuak hari egiten dio erreferentzia. Baina istorioaren protagonista ez da Atxaga, Jose Maria Aristrain De la Cruz baizik (Olaberria, Gipuzkoa, 1963).

2. Aristrain? Hori ez al da fabrika baten izena? Bai, Arcelor Mittalek Olaberrian bertan duen lantegiari deitu ohi zaio Aristrain; hain zuzen ere, Jose Maria Aristrain Noainek sortu zuelako. Baina hura 1986an hil zen, helikoptero istripuz, Montecarlotik Nizara zihoala bere hegazkin pribatua hartzera, eta negozioa semearen esku geratu zen.

3. Suitza, Monte-Carlo, hegazkin pribatuak... Aberatsek ere negar egiten dute. Egingo dute negar, baina glamour handiko lekuetan. Kasu honetan, Suitzan. Izan ere, Jose Maria Aristrain Suitzako pertsona aberatsenen zerrendan agertu da, lehen aldiz, 107. lekuan hain zuzen ere. Bilan aldizkariaren arabera, 900 eta 1.300 milioi euro arteko ondasunak ditu.

4. Hari ez dakit, baina niri bai sartu zait negar egiteko arrazoia... Ez da harritzekoa. Baina istorioaren berritasuna ez da Aristrain aberatsa dela, baizik eta Suitzan diotela Suitzan bizi dela. Eta horrek badu bere inportantzia. Izan ere, Aristrain zerga iruzurrarengatik auzipeturik dago Espainian. Fiskaltzak 64 urteko kartzela zigorra eta 1.190 milioi euroren isuna eskatu du harentzat, Madrilen bizi arren, Suitzan bizi zela esan eta zergak pagatzeari uko egin ziolako. Salaketaren arabera, Herbehereetan, Luxenburgon, Birjina Uharteetan eta beste herrialde batzuetan sozietateak sortu zituen bere irabaziak desbideratzeko.

5. Eta, egiazki, non bizi da? Azkenaldian ez omen da Espainiako hiriburutik askorik azaltzen, leku nahiko arriskutsua bilakatu zaiolako. Ogasunak 750 milioi euroren berme bat jarri dio, eta bahitu egin dizkio hainbat etxe: Madrilen erdialdean bata bestearen ondoan dauden bost eraikin, Sevillako jauregi bat, pare bat etxalde Espainia hegoaldean...

6. Tira, mila milioi euro inguru baditu, badu dirua berme hori aise ordaintzeko. Gosez ez da hilko, horregatik ez kezkatu, baina Jose Maria Aristrainek ez du diru gehiena bankuan, ondasunetan baizik. Esaterako, azken informazioek zioten Arcelor Mittalen %2 zuela, eta horrek 320 milioiren balioa du gaur egun; Tubacexen %10ek, berriz, 38 milioi. Diru freskoa lortzeko yate bat saldu zuen, eta bere luxuzko auto bildumako harribitxia ere salgai jarri zuen: 1960ko hamarkadako Ferrari 250 GTO bat, 60-70 milioi balio duena.

7. Eta noizko bildu behar du bermerako dirua? Denbora badu, bere auzibidea luzatzen ari delako. 2011n ireki zuten, eta urrian zuten epaitzekoa, Madrilgo Auzitegian. Baina auzitegi horrek Espainiako Auzitegi Nazionalaren esku utzi nahi du afera, Aristrainek ustez egindako trikimailuak konplexuegiak direla argudiatuta.

8. Eta galdera inportanteena: Aristrainek ba al du etxerik Suitzan? Bai, eta, pentsatuko zenuenez, ez da 70 metro koadroko apartamentu bat Zurich kanpoaldean. Herrialdeko txaletik garestiena zena eraiki zuen 2007an, eta 75 milioi euro inguru balio du. Etxetzar bat Suitzan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.