Bazterketak eragindako heriotzak

Wichi komunitateko zortzi adingabe hil dira Argentinako Salta probintzian ur eta elikadura faltaren ondorioz. Komunitateak salatu du egoera aspalditik dela asaldagarria, eta neurriak hartzeko eskatu diete agintariei.

Magdalena Odarda, wichi komunitateko indigenekin. MARTIN PAMIO.
Cecilia Valdez
Buenos Aires
2020ko martxoaren 25a
00:00
Entzun
Desnutrizioak zortzi ume wichi hil ditu Argentina iparraldean (Salta probintzian), eta hori kolpe handia izan da: kezka handia eragin du, baita sumin handia ere. Urtea hasi zenetik erregistratutakoak dira aipatu zortzi heriotza horiek, baina, komunitate haietako zenbait kideren esanetan, egoera aspalditik da asaldagarria; eta zenbait kasu ez dira zenbatu, edo ez dira komunikabideetan azaldu.

Inguru ez hain bakartu horietan, ur eta elikagai falta, langabezia, etxebizitza duinik eta osasun arretarik eza ez dira kontsigna hutsa, baizik heriotzak eta gaixotasunak eragiten dituzten arazo larriak.

San Martin, Oran eta Rivadavia departamentuetan dauden wichi komunitateetako kideak pairatzen ari diren bazterketa ez da berria historian; baina, egoera larriagotu egin denez, arazoak oihartzuna izan du komunikabideetan, eta, horrek behartuta, hainbat organo jurisdikzionaletako buruzagiek esku hartu eta 180 eguneko larrialdi soziosanitarioa ezarri behar izan dute.

Argentinako wichi komunitateak Chaco, Salta eta Formosa probintzietan daude gaur egun. Bolivian weenhayek deitzen dira. INDECek (Estatistika eta Errolda Institutua) egindako ikerketaren arabera, 2004an eta 2005ean 36.260 lagunek wichi komunitateko kidetzat zeukaten beren burua. Gainera, Argentinako jatorrizko herrien artean kide gehien dituztenetariko bat da wichi komunitatea.

Heriotzak

«Hemen inguruan, Mora I-ean, mutiko bat zendu zen, basualdotarra, eta gero El Quebrachalgo bat ere hil zen. Heriotza horiek elikagai eta ur faltaren eta gurasoen langabeziaren ondorio izan ziren. Las Curvitasen ere beste bat hil zen», esan du Modesto Rojasek. Rojas 67 familiaz osatutako komunitate wichi bateko kazikea da, eta Argentinako Errepublikako Elkarte Indigenako (AIRA) koordinatzailea. «Oraingoz, zortzi umeren heriotzaren berri eman da, baina jakinarazi ez direnak ere badira. Beste bat hil zen duela astebete El Retiron, baina ez zuten jakinarazi, ez Probintzian ez beste inon. Ezkutaturik daukate. Duela bi aste ere 32 ume zeuden erietxean».

Ur gabezia

Kazikeek (komunitateetako buruzagi indigenek) ura eskatu zuten bereziki, Magdalena Odarda Gai Indigenen Institutu Nazionaleko (INAI) buru berriak adierazi zuenez. Lurrak nekazaritzara bideratzeko asmoz, inolako ardurarik gabe zuhaitzak moztu eta basoak deforestatzen dira, eta horrek lotura estua dauka wichiek aspaldidanik pairatzen duten ur gabeziarekin, Ordaren esanetan.

«Ur falta duela urte asko hasitako arazo bat da. Guk astebete daramagu edateko ur hornidurarik gabe. Hemendik 400 metrora hodi bat dago, eta bidoiekin joan behar izaten dugu hara, bete ahal izateko», dio Rojasek. Daniel Arroyok ere, Nazioko Gizarte Garapeneko ministroak, adierazi du ura dela arazo nagusia.

Beste arazo batekin ere egin»dute topo ura eskuratzeko zuloak egin dituztenean: lur kutsatuek artseniko eta metal kontzentrazio maila handia dute.

Azken urteotako ikerlanek jakinarazi dutenez, Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) gomendaturiko gehienezko neurria baino 75 aldiz handiagoa da putzuetako urak duen artseniko kontzentrazioa.

Rojasek dioenez, «soja eta indaba soroak fumigatzen dituzten enpresariek pozoiz beteriko bidoiak botatzen dituzte urtegietara eta mendiarteetara, eta kutsatutako toki horietatik bertatik hartzen dute ura komunitate batzuek. Pozoi hori erre beharrean, ura pasatzen den mendiarteetara botatzen dute; halaxe gertatzen da Guamanche eta Retiroko wichi komunitateetan».

Odarda eta Rojasek beren ibilbideetan topo egin ez badute ere, biek diote ur falta eta langabezia direla wichien egoera larriagotzeko arrazoi nagusiak. Rojas Km 5 (Tartagal) komunitateko kide da, eta egunero ibiltzen da kaltetutako eremuetan zehar.

«Ez dago lanik, ez dago elikagairik eta ez dago urik: horregatik gertatzen da desnutrizioa. Oraindik ezin izan dut inolako salaketarik egin, galdetuta ere inork ez baitit esaten non egin behar dudan».

Gainera, Rojasek parte hartu zuen Salta probintziako buruzagi Gustavo Saenzekin egindako bilera batean, baina hark ez omen zien kasu handirik egin eskualdeko biztanleei eta euren eskaerei. «Bi kazikek soilik hitz egin zuten, baina ez zieten entzun. Nik ohartarazi nion Luis Almaraz Gomezi, Indigenen Gaietako Probintziako Idazkaritzako buruari, borroka egingo dugula».

Erantzukizunak

Egoera lazgarri hori eragiten duten arrazoiei dagokienez, orokorrean ados daude batzuk zein besteak. Bi aldeetakoen iritziak entzutean, ordea, agerian geratzen da komunitateen ohiturak ez datozela bat Estatuak gauzatutako politika soziosanitarioekin.

Horren adibide da duela egun gutxi Saltako Osasun Publikoko Ministerioak igorritako oharra; bertan, gurasoak egiten ditu egoeraren erantzule nagusi. Antonio de Los Rios Osasun Zerbitzuko idazkariak, berriz, arazoa «kultura kontua» dela esan, eta azpimarratu zuen «gaixoak mendian» ezkutatzen dituztela.

Arroyo zuhurragoa izan zen, eta aintzat hartu beharreko arazotzat jo zituen bai osasun arretarik eza bai anbulantzia falta; baina ez zuen biktimen gain jarri erantzukizuna. Bestalde, Odardak esan zuenez, «betaurreko bereziekin aztertu behar da komunitate indigenen egoera, Hego Amerikako pobrezia tasarik handiena baitute, eta ikusezinak izan baitira denbora luzez».

Larrialdi soziosanitario horretan, beharrezkoa da erakunde nazionalak, probintzialak eta udal erakundeak elkarlanean aritzea egoera leunduko duten ekintzak gauzatzeko.

Berria zabaldu zenetik, nonahi ikusten dira eremu kaltetuetako egoera ezagutzera joaten diren funtzionarioen irudiak. INAIk bi oharren bidez jakinarazi du zer neurri hartu diren edota hartuko diren inguru horiek ikusi ondoren.

Urgentziaz gauzatuko diren neurri nagusiak honako hauek dira: ur putzuak zulatzea, erraztasunak ematea hiri inguruko komunitateek ekoitzitako eskulanak merkaturatzeko, janari txartelak banatzea (elikagaiak erosteko Estatuko laguntza plana), eta proiektu bat sustatzea ekoizle indigenak kreoleekin (kooperatiba mistoak) integratzeko.

Gainerakoan, Odardak komunitateen eskaera txosten eta karpeta ugari jaso zituen inguru kaltetuetan izan zenean, eta zereginen artean sartzeko konpromisoa adierazi zuen. Estrategia horren arabera, plan bat ezarriko dute epe luzekoa, ur eta saneamendu faltaren arazoak konpontzeko.

Lurra eta lanpostuak

Deforestazioarekin lotuta dago ingurune baldintzen gaineko eta elikagai eta lan aukeren gaineko eztabaida nagusietako bat. Rojasen arabera, langabeziak are larriagoa egiten du egoera, «langabe asko baitago, eta, gainera, ez dute inolako laguntzarik jasotzen gobernuarengandik».

Bestalde, Rojasen esanetan, egurra moztea debekatu izanak jende askorengan du eragina: «Jende asko hortik bizi zen. Egurra funtsezkoa da jatorrizko herrientzat; horrekin eskulanak egin eta saltzeko modua dugu. Baina haiek diote basoa eraisten dugula. Ikatzetik eta egurra saltzetik ere bizi gara».

Rojasen iritziz, papergabeen egoera erregularizatu ezean, arazo bat da janari txartelak erabilaraziko dituen laguntza plan bat abian jartzea.

«Hilabete amaieran operatibo bat iritsiko da komunitateetara, papergabeen egoera erregularizatzera. Nik dokumentaziorik gabeko 740 lagun zenbatu nituen bisitatzen ditudan komunitateetan, eta operatibo bat eskatu nuen ohar baten bidez».

Lurraren Aldeko Langileen Batasunak (UTT) egindako txostenaren arabera, basoko 2.074.210 hektarea eraitsi ziren Salta probintzian 1976 eta 2012 artean. 2018. urtean bakarrik, 20.000 hektarea gehiago bideratu ziren monolaborantzara.

Deforestazioak eraginda bioaniztasuna galtzea hertsiki lotuta dago galera kulturalarekin, eta elikatzeko olioa, karbohidratoak eta irina erabiltzera behartzen ditu komunitateak. Horrek osasun arazoak sortzen ditu.

Gainera, familiak lurra lantzeko eta elikagaiak ekoizteko aukerarik gabe geratzen dira, soja (agrotoxikoz jositako transgeniko bat) bezalako laborantza produktuak ekoiztera bideraturako lurren kontzentrazioaren ondorioz.

Zigorra aspaldikoa da historian, eta arrazoiak estrukturalak dira; epe luzera begira berehalako irtenbideak bilatzea, aldiz, oraingo kontua da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.