Bedran Çiya Kurd. Siria Iparraldeko eta Ekialdeko Administrazio Autonomoko presidenteordea

«Turkiako Estatuak bultzatzen duen proiektuak suntsipena du helburu»

Kurden iritziz, Ankara Siriako lurrak «okupatzen» ari da, nazioarteko «edozein lege urratzen», eta gatazkari irtenbidea aurkitzeko ahalegin oro «oztopatzen». Baliabideen ustiaketa ere salatu du.

BERRIA.
2021eko urriaren 3a
00:00
Entzun
Siria Iparraldeko eta Ekialdeko Administrazio Autonomoak, 2012az geroztik, lortu du eredu plural, demokratiko, deszentralizatu, barneratzaile eta horizontal bat garatzea, non bere eremuan dauden herriek erabakietan eta bizitza politiko eta sozialean parte hartzen duten diskriminaziorik gabe. Eskualde autonomo hori de facto osatzen dute Afrinek, Jazirak, Eufratesek, Raqqak, Tabqak, Manbijek eta Deir ez-Zorrek, eta han bizi dira kurduak, arabiarrak, asiriarrak, turkomanoak, armeniarrak, zirkasiarrak eta yazidiak.

Gerran egon arren, eredua indarrean dago: Konfederalismo Demokratikoa da, PKK Kurdistango Langileen Alderdiko buru Abdullah Ocalanek pentsatu eta sustatutakoa. Ocalan preso dago 1999tik Imrali uharteko segurtasun handiko espetxean (Turkia).

Bedran Çiya Kurdek, Administrazio Autonomoko presidenteordeak, BERRIArekin hitz egin du Siriako gatazkaren egungo egoeraz, elkarrizketek hura konpontzeko duten aukerez eta nazioartean aitortza ofiziala lortzeko administrazioaren ahaleginez.

Siriako gatazkari buruzko zure txostenean, gerrak hamar urte bete zituenean argitaratutakoan, Europako Parlamentuak aitortzen du Turkiak Sirian duen presentzia okupazio bat dela, eta dei egiten du Turkiak bere tropak erretiratzera. Uste duzu neurri zehatzak hartzen ari direla hori gerta dadin?

Turkia Siriako lurrak okupatzen ari da, eta nazioarteko edozein lege urratzen. Terrorismoa babesten du, eta oztopatu egiten du Siriako gatazkari irtenbidea aurkitzeko ahalegin oro. Hori guztia egunero egiten ari denez, inolako oztoporik aurkitu gabe, egin genezakeen irakurketabakarra da Turkiak ez diola horri uko egin nahi, baina argi esan behar dugu Europako Batasuna ez dela bere zatia betetzen ari.

Europako Batasunari eskatzen diogu jar dadila bere tokian, eta joka dezala argi, Turkiak xantaia egin arren terrorismoaren mamuarekin edo migratzaileak kartak balira bezala baliatuz Europa isilik gera dadin. Edo agian, hain zuzen ere, xantaia hori amaitzeko.

Lanean ari zarete nazioarteak Administrazio Autonomoa aitor dezan, baita hemen Europan ere. Azken hilabeteetan Frantziako presidente Emmanuel Macronekin bildu zarete, baita Genevan bulego bat zabaldu ere, Suediako eta Danimarkako gobernuekin bilerak egiteaz gain. Zer garrantzi du aitortza horrek, eta bideko zein puntutan zaudete?

Herrialdeak bizi duen nahasmena handitu dezakete Siriako gatazkari irtenbidea aurkitzeko hainbat agentek orain arte proposatutako eta garatutako proiektu eta alternatibek. Horregatik uste dugu Administrazio Autonomo gisara garatu dugun proposamena garrantzitsua dela.

Horren oinarria da Siriako lurraldeen eta nazioaren batasunari eutsi behar zaiola. Lurraldea zatitzearen aurka gaude, eta, aldi berean, uste dugu gerra hau konpontzeko egitasmoak inklusiboa izan behar duela, eta lur hauetan bizi diren herri guztiek hartu behar dutela parte eta guztiak babestu behar dituela.

Guk tematuta jarraitzen dugu eredu hori defendatzen. Baina mehatxu handiak daude Turkiaren eta talde mertzenarioen aldetik, eta horietatik asko —ez dugu ahaztu behar— Turkiako Estatuak finantzatzen ditu. Talde horiek eta Turkiak ez diote irtenbide inklusibo bat eman nahi gatazkari. Nahi dutena da, hain zuzen ere, mertzenario talde horien boterea handituko duen irtenbide bat. Hala ere, oztopo horiek guztiak gorabehera, guk gure proposamena lantzen eta azaltzen jarraitzen dugu, baita Europan ere.

Zer-nola joan da Frantziako presidentearekin egindako bilera?

[Siriako Indar Demokratikoen adar politikoa den eta alderdi politiko eta mugimendu kurdu, armeniar, asiriar eta arabiarrak biltzen dituen] Siriako Kontseilu Demokratikoaren ordezkaritza bat Macron presidentearekin bildu zen uztailaren 21ean. Eliseora joan zen ordezkaritza Administrazio Autonomoko kideek eta Siriako Batzar Demokratikokoek osatzen zuten.

Bilera oso baikorra izan da, gure iritziz. Siriako gatazka konpontzeko prozesuan eman beharko liratekeen urratsez hitz egin genuen, batez ere. Aldi berean gure proposamena aurkeztu dugu, zeinak elkarrizketa eta nazioen arteko akordio bat aurreikusten dituen. Estatu Islamikoaren [EI] aurkako nazioarteko koalizioarekiko elkarlanaz ere hitz egin dugu.

EIren mertzenarioen eta haien senideen auzia zabalik dago oraindik, eta inoiz baino kezkagarriagoa da. Zuek proposatu duzue nazioarteko auzitegi bat eratzea. Eman da pausorikhorretan?

Tamalez, ez, ez da ezer mugitzen. Munduari esan nahi dioguna hau da: arazo orokor bat dela, ez guri bakarrik eragiten digun zerbait. Gai honen inguruko elkarlana ez da inolaz ere nahikoa eta egokia. Siria iparraldeko eta ekialdeko eremuetan dauden EIko mertzenarioek eta haien senideek nazioarteko laguntzaren beharra dute. EIko presoak pisu handia dira guretzat; ez daukagulako azpiegiturarik eta pertsonal egokirik haiei eusteko. Ez dugu logistikarik eta baliabiderik horretarako.

Baina agian are garrantzitsuagoa da mertzenario horiek ekinean jarraitzen dutela, baita espetxeetan eta esparruetan ere, non ideologian oso sartuta dauden emakumeak dauden beste senide eta errefuxiatuak arriskuan jartzen dituztenak. Turkiak harremanak ditu oraindik ere, eta mertzenarioei laguntzen die. Haietako batzuei ihes egiten laguntzea ere lortu du.

Egoera horrek guztiak helburu bakarra du: EIri berrantolatzen laguntzea. Badakigu eta salatu dugu Turkiak arma kopuru handiak mugitu dituela Siriako gerraren hasieraren urteurrenean, joan den martxoan. Eta horrek zer esan nahi du? Turkia tematuta dagoela oraindik ere Siriako lurrak inbaditu eta okupatzeko asmoetan, Otomandar Inperioaren antzinako mugak berrezartzeko.

Ez dago zalantzarik Turkiak Siria ekialdeko eta iparraldeko lurralde batzuk okupatu nahi dituela, baina lurralde horietako baliabideak ere ustiatu nahi ditu. Bere helburuak lortzeko eskualdeok bonbardatzen ari da, baina ez hori bakarrik: ura ere baliatzen ari da zibilen aurkako arma gisara; ingurumena suntsitzen ari da, petrolioa eta Afringo oliba olioa lapurtzen eta berriz ere saltzen... Eta inork ez du ezer esaten.

Bost milioi pertsona baino gehiago bizi dira Turkiak egindako erasoen gerrak suntsitutako eskualde autonomoetan, bahimenduen eta zibilen aurkako izu politiken menpe. Herritarren laurden bat baino gehiago [1,3 milioi] barne desplazatuek osatzen dute, eta giza laguntzaren menpe daude.

Hau esatea gustuko ez dudan arren, nazioarteko komunitatea ez da ezer egiten ari armen bitartez egindako eta ingurumena hondatuz eta eskualdeko baliabideak lapurtuz bultzatutako masakre bikoitza eragozteko. Turkiak oso modu neurtuan jokatu zuen gatazkaren hasieratik. Siriako barne politikan esku hartu zuen talde islamistak erabiliz, finantzatuz. Okupatutako eremuetan lapurreta eta arpilatze sistema bat ezarri du Turkiak. Ez dezagun ahaztu gerran Turkiak Aleporen aurka jo zuela bereziki.

Gure datuen arabera, Alepoko mila fabrika arpilatu eta Turkiara lekualdatu zituzten. Ankarari lotutako mertzenario taldeek 86.000 milioi euroren kaltea eragin zuten eskualdean 2012. eta 2016. urteen artean. Gainera, Turkiak suntsitu egin zituen iritsi ezin izan zen lekuen %80. 2018tik, Afrin okupatu zuenetik, Turkiak eta haren mertzenarioek lapurretak eta arpilatzeak egiten dituzte, guztia suntsitzen dute, genozidio kulturala egiten dute, eta aldaketa demografiko selektiboak bultzatzen. Ehunka mila olibondo moztu zituzten. Turkiako Estatuak Afringo olibak eta olioa bahitu zituen, eta handik saldu zizkien Europako herrialdeei. Lapurreta horiekin bakarrik, urtean 69.000 euroren irabaziak dituzte.

Ura gerrako arma gisa erabiltzea da Turkiaren praktiketako beste bat, eta kolpetik murriztu du Eufrates ibaiaren ur emaria, nazioarteko akordio guztiak urratuz. Koronabirusaren pandemiari ur eskasia gehitu behar zaio, baina nazioarteko komunitateak ezer esan gabe eta ezer egin gabe jarraitzen du.

Gainera, Rojavako inguru zenbaitetan, eta zehazki Xehbanen Turkiak okupatu zituen eta Afringo errefuxiatuak bizi diren inguruan, Damaskoko erregimenak ezarritako bahimendu oso gogor baten pean bizi dira.

Kasu horretan ere, harrigarriena da nazioarteko komunitatearen isiltasuna. Negua badator. Kanpalekuetan eta hondakin artean dauden Afringo errefuxiatuei erregairik ematen ez bazaie, giza hondamendi bat izango da.

Uda honetan, Siria Iparraldeko eta Ekialdeko Administrazio Autonomotik dei bat egin diegu nazioarteko komunitateari eta [NBE] Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluari, Yarubiyahko mugako pasabidea berriz irekitzeko, giza laguntza sar dadin. Janarien, botiken eta giza laguntzarako bestelako baliabideen garraioa ezin da erabaki politikoen menpe egon, ez eta arma gisa erabilia izan ere.

Azken asteetan, Turkiaren erasoak ere ugaritu dira. 2015ean sortutako SDF Siriako Indar Demokratikoek —YPG eta YPJ milizia kurduen aliantza militarrak eta arabiarrek, asiriarrek, armeniarrek, turkomanoek eta zirkasiarrek osatutakoak—eraso horiek eragoztea lortu dute, baina egoera tentsio handikoa da oraindik, eta, batez ere, biktima zibil asko daude.

SDF zibilak defendatzen ari da, autodefentsarako eskubidea aldarrikatuz. Turkiak nahita erasotzen die hiri barruko eremuei, bai Sirian, bai Irak iparraldean. Nabarmendu nahi dut Turkiako estatuak bultzatzen duen proiektuak suntsitzea duela helburu.

Egitasmo hori arriskutsua da, eta ez du bakarrik gure eskualdea mehatxatzen. Lege printzipioak eta printzipio etikoak urratzen ditu Sirian, eta politika berberei jarraitzen die Iraken. Mediterraneoarentzat, Europarentzat eta Asiarentzat, eta bereziki Libia eta Greziarentzat, politika hori arriskutsua da oso. Afrikako kontinentean, Turkiako estatuak Anaia Musulmanak babesten ditu. Sirian rol ezkorra eta ankerra jokatu du, eta krisiaren hasieratik okupazioa, zatiketa eta gizartearen polarizazioa izan dira haren konpromiso bakarrak.

Gainera, Azerbaijanen eta Armeniaren arteko gerran, Turkiak Azerbaijani eman zion babesa, eta bere okupazio nahia eta zabaltzeko gosea erakutsi zituen mertzenario jihadistak lekualdatuz. Bi estatu, nazio bakarra lelopean, [Recep Tayyip] Erdoganek gerrako parte hartzaile zuzen bilakatu zuen Turkia.

Zein puntutan daude, baldin eta jarraitzen badute, Damaskorekiko kontaktuak?

Tamalez, kontaktuak besterik ez dira izan. Ezin dugu esan elkarrizketa bat hasi dugunik, eta are gutxiago negoziazio bat. Gure jarrerari eusten diogu, eta Damaskorekiko elkarrizketaren bitartez lortutako irtenbide bat sostengatzen eta bultzatzen dugu. Gure jokabidea bat dator jarrera horrekin.

Beste aldea ez da horren kontsekuentea, baina, batez ere, ez du Siriako gatazkaren errealitatea ikusi nahi. Elkarrizketen alde gaude, eta nazioaren batasuna eta interesak babesten dituzten irtenbideen alde.

Eta zer-nolakoa da AEBekiko harremana, batez ere orain, Joe Biden presidentearekin?

AEBetako Estatu Departamenduko funtzionarioak eskualdean izan dira Biden aukeratua izan ondoren, eta dagoeneko izan dugu bilera bat baino gehiago. Hitz egin dugu EIren aurkako borrokarekin jarraitzeko moduaz eta Siriaren etorkizunaz. Siriako Kontseilu Demokratikoko ordezkaritza bat Etxe Zurian izan zen irailaren 25ean.

Errusiarekin ere izan dituzue kontaktuak azken asteetan. ?

Hala da, bai. Siriako Kontseilu Demokratikoko eta Siria Iparraldeko ordezkaritza bat eta Ekialdeko Administrazio Autonomoko beste bat bildu ziren Errusiako Atzerri Ministerioko kideekin. Bilera baikorra izan zen, eta hitz egin genuen Siriako krisi politikoa konpontzeko bideez, NBEren 2254. ebazpenean jasotakoez hain zuzen, eta baita instituzio autonomoek prozesu politikoan parte hartu beharraz ere. Ankarak Siriaren subiranotasuna nola etengabe urratzen duen ere hizpide izan zuten ordezkaritzek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.