Kalma beltza Peruko kostaldean

Sei hilabete dira petrolio isuri batek Peruko historia hurbileko hondamendi ekologikorik handiena eragin zuela: kostaldeko ehun bat kilometroan hedatu zen orbana. Repsol konpainia jo dute erantzule nagusitzat, eta 4.500 milioi euroko salaketa jarri du gobernuak. Arrantzaleak lehorrean daude, etsipenaren eta amorruaren artean kulunkan.

Ancongo kostaldea (Peru) garbitzeko lanak, artxiboko irudi batean. OCEANA PERU.
Jon Artano Izeta.
Ancon
2022ko uztailaren 15a
00:00
Entzun

Litro bat olio begetal, kilo erdi bat dilista, kilo bat arroz, kilo laurden olo eta hiru poltsa pasta. «Akordatzerako desagertuko zaigu hau etxean...». Lehenengoz ari dira janari kutxak ematen Ancongo Artisau Arrantzaleen Elkartean (Peru), eta Jorge Armando Moravilchesek bat lortu du, «ilaran pare bat ordu» egin ostean. Begirada hitsa du itsasgizon horrek, elkartearen atariko errenkadan beste askok bezala.

Ivana Loyza arrain saltzailea da. Zen; urtarrilaren 17an isuria Anconera iritsi zen arte. Jende lerroaren azkenean dago, petrilean eserita ipurdi azpian kartoi bat duela. «Kobratu ahal izateko paperean sinadura bat behar omen dudalako etorri naiz. Apirilean egin ziguten lehen ordainketa, eta geroztik berandu jaso dugu bonua... Bi hilez behin kobratzen dugu, esate baterako. 3.000 sol horiek [760 euro] ez dute askorako ematen; 600 elkartera itzultzen ditugu, alargunentzat eta erretiratuentzat. Eta geratzen zaigunarekin ura, argia, eskolak... ordaindu behar dira. Ni bananduta nago, eta lau umeren ama naiz».

Orbanaren sorburua

Urtarrilaren 15a zen; Mare Doricum ontzia petrolio gordina husten ari zen La Pampilla findegian, Limako erdigunetik hogei kilometro iparraldera. 17:18an, zamaontziari eusten dion buia bateko txikota eten zen. Ontziaren mugimenduak petrolio isuria eragin zuen urpeko tutuan. Dena belzten hasi zen.

«Protokolo guztiak hautsi zituzten: itsasontziaren sarrerarena, amarratzearena, hustuketarena, arrisku sistemak ez zituzten aktibatu, isurien atzemate goiztiarra detektatzeko sistema itzalia zuten gau horretan, buzorik ere ez zuten urpera sartzeko, ez zuten isuria itsasoan geldiarazteko hesirik, ezta itsasontzi nahikorik ere, segurtasun balbularik ere ez zuten... Horregatik gertatu zen hondamendia. Utzikeriagatik. Utzikeria handia aurrez, eta gero ere bai». Zalantza izpirik gabe mintzo da Juan Carlos Riveros, biologoa eta Oceana erakundeko zuzendari zientifikoa.

«Lehen egunetakoa kaos erabatekoa izan zen, egoera sinesgaitza» jarraitu du. «Estatuaren erantzun koordinaturik ez zen izan. Eta konpainia ez zen ageri, eta, agertu zenean, jarrera ia kriminala izan zuen garbitzaileak nola antolatu zituen kontuan izanda».

Gregorio Pacheco, Ancongo Artisau Arrantzaleen Elkarteko presidentea: «Arrantzaleak gara; ez gaude limosna eskean ohituta»

Bat dator Yuri Hooker, itsaspeko bioaniztasunean espezialista: «Kotoizko buzo kaskar bat eta maskara bana emanda bidali zituzten arrantzaleak, haien bikotekideak eta gazte jendea, eguneko 50 solen truke [12 euro]. Garbiketan aritu den jende askorekin hitz egin dut, eta denek esan didate, salbuespenik gabe, zorabioak, goragaleak eta hainbat egun iraun duten buruko minak izan dituztela; batzuek konortea ere galdu izan dute. Osasun agintariek, ordea, ez dute garbiketan aritu direnen inolako jarraipenik egin. Eta hori ikaragarri larria da, petrolioaren gai kutsagarrietako batzuk kartzinogenoak baitira».

Baldintzez harago egindako lana ere gaitzetsi du: «Petrolioa ezkutatzen ahalegindu ziren. Bildutakoaren zati bat eraman egiten zuten, baina beste asko hondartzan bertan egindako zuloetan gorde zuten. Gero, jakina, itsasoak eraman egin zuen zuloetakoa».

Moilako arrantzaleak

Alturako harrapaketak jasotzen dituen lonjan —10 itsas miliatik aurrera dago onartua arrantza hegaluze kaxa batzuk daude kamioietan sartu zain, eta, zoruan, burua eta bizkar hegatsa kendutako ezpata marrazo pare bat. Mugimendu txikia. Baxurakoan, mugimendurik ez. Arrantzale gazteak, jokoan edo sakelakoari so. Kaian ilaran dauden dozena erdi jatetxeak hutsik daude ia, eta zerbitzariak garrasi batean, pasieran dabiltzan bisitari bakanak erakartzeko lehian.

Neoprenoz jantzitako lauzpabost behargin ontziratzekotan dira. Izenik eman nahi ez duten arren, zeharka Repsolentzat lanean ari direla kontatu diote BERRIAri. «Badiako uretan garbiketan aritzeko kontratatu gintuzten. Hamabost egunerako zen, baina hemen jarraitzen dugu. Egunero azaleratzen da petrolioa badian».

Bien bitartean, La Pampilla findegia lanean ari da. Hondamendiaren ostean gerarazi zuten aste batzuez, baina gobernuak berriz lanean hasteko baimena eman zion, planta horrek prozesatzen baitu Perun sartzen den petrolio gordinaren %55, eta bertatik ateratzen baita herrialdean kontsumitzen diren erregaien %40.

Gezurra, eta zikina

Istripuaren berri ematean, Repsolek 25 litro inguruko isuria deklaratu zuen. Peruko Kongresuko ikerketa batzordeak ia 2.000.000 litro izan zirela ondorioztatu du; gutxienez, 12.200 upel. Orbanak kosta belztu zuenean, Repsolek Tongan izandako erupzio batek eragindako tsunami bati egotzi zion istripua, eta armadari leporatu zion alerta eman ez izana. Egun hartan eta ordu hartan, baina, belaontzi estropada bat zen jokoan inguruan, eta haize eta olatu faltagatik bertan behera utzi zuten. Estropadalarien hitzetan, itsasoa «igerileku baten pare» zegoen, eta berek grabatutako bideoetan ere halaxe ageri da.

«Repsol hasieratik gezurretan aritu zen bere kontrol gaitasunaren inguruan, petrolioaren jatorriaz, isuria geratzeko egindako maniobra eta mekanismoez... Eta, gero, gezurretan jarraitu du garbiketa amaituta dagoela eta abar esanaz», ebatzi du Riverosek. «Lekuko batzuen arabera, Repsoleko beharginak hildako animaliak jasotzen aritu ziren, eta gero erraustu egin zituzten, faunari egindako kalteak txikiagoa eman zezan». Hondamenditik pare bat hilabetera, Espainiako konpainiak amaitutzat eman zuen hondartzen garbiketa. «Bistara zegoen petrolioa kendu zuten. Gisa honetako hondamendietan, ordea, isuritakoaren herena ere ez da jaso ahal izaten. Zati handi bat lurrundu egiten da, eta beste zati handi bat hondora joaten da», azaldu du Riverosek. Garbitze lan horretan, kostaldeko berezko baldintzek egin dute lanik zikinena, Hookeren arabera: «Humboldt itsaslasterrak hegotik iparralderako joera du Peru parean; oso indartsua da, eta olatu asko dakartza, eta horrek hondartza eta labarretatik itsaso barnera barreiatu du petrolioa».

Komunikabideetan, isuria ezkutatu egin da lehen lerroetatik. Albistegi nagusiek apenas egin dioten tarterik Kongresuko ikerketa batzordearen txostenari, zeinak argi uzten baitu utzikeriaz jokatu dutela bai enpresak eta bai estatuak. Repsolek komunikazio agentzia berri bat kontratatu zuen hondamendia gertatu eta gutxira. Riverosek hedabide handien estrategiaz gogoeta egin du: «Gertatu zenaren neurriak ez ikusiarena egitea eragotzi zuelarik, fokua animalietan eta ingurumenean egindako kaltean jarri zuten; pertsonengan izandako inpaktuari, aldiz, oso arreta txikia jarri zitzaion. Eta Repsolen estrategek oso ederki baliatu dute alderdi hori. Egia da pinguino, itsas otso, igaraba, hegazti eta abarrei kalte izugarria egin diela, eta latza da hori. Baina asaldagarria da ingurumena eta animaliak gailentzea pertsonen ongizateari».

Etorkizunaz

Hondamenditik urte erdi bete da, eta Anconen halako barealdi etsi bat suma daiteke. «Guri ordaintzen jarraitzen duten bitartean, hainbestean», dio jendeak. Noiz arte, baina? Ingurumen Ministerioa kalte-ordain sistema bat prestatzen hasi berri da. Repsolek bere kalkulu propioak egiten dihardu. Ikuskizun dago kalte ordainak nola bideratuko dituzten: litekeena da aldeen arteko desadostasunek kale itsu batera eramatea auzia.

Eta lehendik ere badira arazoak multinazionala ematen ari den bonuekin, gobernuak ez baitu orain dela egun gutxi arte kaltetu zerrenda bateratua osatu, eta Ancondik iparralderagoko biktima asko sosik jaso gabe egon dira. Giroa bero dago han. Asteon, Repsolek jakinarazi du 6.000 laguni ari zaiela laguntza ekonomikoa ematen eta aurrerantzean beste 4.000ri ere emango diela.

Auzibide dezente daude irekita hondamendiagatik. Utzikeria kriminalagatik salaketa fiskal bat dago Repsoleko arduradun nagusien aurka, lau goi kargudunek dute herrialdetik irteteko debekua. Isunez gain, kartzela zigorrak jar diezazkiekete. Bestalde, zigor administratiboak ere ari dira tramitatzen. Zigor ekonomikoak milioika eurorenak izango dira, ziurrenik. Litekeena da, baina, prozedura horiei helegitea jartzea konpainiak, eta, ohiko justizia sistemara bideratuz gero, joan-etorritan hilabete asko igaro daitezke, urteak ere bai, adituen arabera.

Hutsetik abiatu behar. «Isuriak reset eginarazi dio gure itsas sistemari», ekin dio Riverosek. «Eta orain, pixkanaka, birpopulatze prozesu bat hasiko da. Ornogabeak iritsiko dira aurrena, kutsadura jasateko gaitasun handiena duten izakiak... Itsasoak badu, epe luzera, petrolioa digeritzeko gaitasuna, baina denbora behar du. Gurea bezalako ekosistema hotzetan, sei-hamar urte beharko ditu, edo gehiago».

Hooker ez da ausartzen eperik ematen: «Auskalo zenbat denbora beharko den arrain eta itsaskiak itzuli eta toxina metaketa arriskutsurik izan ez dezaten... Ez daukagu aztarrenik ere. Arrantzaleek salatu dutena da, eta begi bistakoa dirudi, lehenbailehen itsasora atera daitezen bultzatuko dituztela, diru laguntzak ematen jarraitu behar izan ez dezaten».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.