Gregorio Pacheco. Ancongo Artisau Arrantzaleen Elkarteko presidentea

«Arrantzaleak gara; ez gaude limosna eskean ohituta»

Pachecok dio «suminduraren eta abailduraren artean» daudela, gobernuak «erabat ahaztuta» dauzkalako. Arrantzale asko «ezer gabe» daude.

JON ARTANO.
Jon Artano Izeta.
Ancon
2022ko uztailaren 15a
00:00
Entzun

Gregorio Pachecok (Pisco, Peru, 1965) «bizi osoa» darama itsasoan: «45 urte arrantzan, joan den urtarrilera arte». Repsolen findegian izandako isuriak hankaz gora jarri dio egunerokoa, «iritsi ezinda» ari direlako Ancongo Artisau Arrantzaleen Elkartean inguruko kaltetuei laguntzen —horko presidentea da—. «1.200 lagunek diru laguntza jasotzen hastea lortu dugu, baina zoramena da». Esan du «zortea» izan duela, alturako arrantzontzi batean lana aurkitu baitu.

Urte erdi pasatu da. Zer aldarte sumatzen duzu inguruan?

Suminduraren eta abailduraren artean gabiltza... gobernuak erabat ahaztuta gauzkalako. Ez digute laguntza txikienik ere eman.

Zer analisi egiten duzue gertaturikoaz eta etor daitekeenaz?

Pasatu denaz, analisi bakarra: tragedia handi bat etorri zaigu, ez zutelako ezer egin isuria geratzeko. Hasieran bat-bateko sagaila, olatu handiak etorri zirela esan zuten. Ez da egia: gu arrantzan izan ginen, eta ez zen aparteko mugimendurik itsasoan. Makina bat aldiz egin dituzte deskargak itsaso askoz okerragoarekin, eta mangerak ez dira askatu... Zerbaitegatik dago ontziko kapitaina ihes eginda... Hemen kaltea egin dutenak haiek dira. Neurriak hartu izan balituzte, ez geundeke orain ilaran... janari kaxen bila etortzeko, Repsoli pixarren eskean. Gu ez gaude limosna eskean ohituta; gu arrantzaleak gara.

Zer egin dute lehen kostatik hurbil aritzen ziren arrantzaleek?

Ahal izan dutena. Arrantzaleek eta kontserba lantegietakoek, izotz-zaleek, buzoek, sare konpontzaileek... Mototaxiak gidatzen hasi dira batzuk, eraikuntzan beste batzuk, alturako arrantzan besteak; baina asko ezer gabe daude...

Noiz arte segituko duzue Repsolek emandako bonua jasotzen?

Estatuko erakundeek beren ikerketak egin bitartean, gutxienez beste zortzi hilabetez laguntza hori ematen jarraituko dutela uste dugu. Gero, kalte ordaina eman beharko digute.

Eta laguntzak etengo balira, edo kalte ordainik ez baletor?

Martxak antolatuko ditugu Repsol gerarazteko.

Leheneratuko da itsasbazterra?

Adituek esan dute 5-10 urte beharko direla birpopulatzeko. Nik ere uste dut luze joko duela flora eta fauna leheneratzeak. Arrainak errutera kostara etortzen hasterako, urteak pasatuko dira. Eta itsasoa zerbait mugitzen den aldiro, petrolioa agertzen da. Itsas hondoan dago petrolioa; azalekoa baino ez dute garbitu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.