Presidentetzarako bozak Brasilen. Nekazaritza

Lurrik Gabekoen Mugimenduaren bidean barrena

Urtez urte bere helburuak mantendu baditu ere, MSTk egokitu ere egin behar izan du garai historiko bakoitzera. Lurraren, nekazaritza erreformaren eta gizarte justuago baten alde egiten du borroka; egun, 450.000 familia inguru daude Brasilgo 24 estatutan kokatuta.

MSTko bi kide, Sao Pauloko kanpoaldeko (Brasil) kanpamentu batean. BERRIA.
Cecilia Valdez
Sao Paulo
2022ko urriaren 28a
00:00
Entzun

Hauteskunde garaia da Brasilen, eta mundu guztia Luiz Inacio da Silva Lula-ren eta Jair Bolsonaroren arteko bigarren itzuliaren zain dago, etzi izango baita. Lurrik Gabekoen Mugimenduaren (MST) buru Cicero de Cratok, tarte bat hartu, eta MSTren kanpamentuetan barrena egiten duen ibilbidera eraman du BERRIA, Sao Pauloko kanpoaldera. Ekoizpenerako laguntza teknikoa ematen du De Cratok, eta ibilbide hori egiten du ekoitzitakoa biltzeko. Gero, mugimenduaren biltegian merkaturatuko da ekoitzitakoa, edo mugimenduak hirian dituen aliatuen artean banatuko da kooperatibaren bitartez.

Ikusi gehiago:«Lulak hobeki ulertzen du zein beharrezkoa den nekazaritza erreforma»

Urtez urte MSTk (1984) bere helburuak mantendu baditu ere, egokitu ere egin behar izan du garai historiko bakoitzera. BERRIArekin egindako ibilbidean, agerian geratu da lurraren aldeko borrokaren eta erresistentziaren historia hori, eta agronegozioak nola moldatu zituen jatorrizko helburu horietako batzuk.

Lurren okupazioa

Lurraren, nekazaritza erreformaren eta gizarte justuago baten aldeko borrokak aspalditik dira MSTren helburuen eta borrokaren parte. Haren webgunearen arabera, gaur egun 450.000 familia inguru daude 24 estatutan kokatuta. Kokatzea okupazioaren ondotik dator, hau da, agintariek legez baimentzen dutenean lurra lantzea. Dena dela, familia batzuek 20 urte baino gehiago daramate lurra okupatzen, eta oraindik ez dute lortu beren egoera erregularizatzea.

1960ko hamarkadako nekazaritza erreforma motz geratu zen; 1985etik aurrera, diktadura militarra amaitu ondoren, gogor ekin zioten lurrak desjabetzeari, eta bost urtean 4,7 milioi hektarea desjabetu ziren, eta 115.000 familia kokatu. 1995ean, Fernando Henrique Cardosoren gobernuak, zeinak hasieratik aurre egin behar izan baitzien lurraren inguruko liskarrei, martxan jarri zuen nekazaritza erreformaren programa bat, pobrezia gutxitzeko, familientzako lursailak ezartzeko, nekazaritzarako lurren erabilera handitzeko, landa eremuan lan aukerak ugaritzeko eta landa eremuko indarkeria gutxitzeko politika gisa. 1995etik 2002ra, 608.655 familia kokatu ziren.

Kanpamentuak

Euria ari du egunotan, eta lursail askotan uzta oraindik ez dago bilduta eta prest De Crato heltzen denerako. Lanean hasteko ordua da, ondo babestu, baratzean sartu, eta, labana eskuan, eraman beharrekoa biltzekoa, batzuetan lurra okupatzen duenaren laguntzarekin, eta beste batzuetan ez. Lurra gorria da, eta garbi dago oso emankorra dela: landareen tamainan ikusten da hori, koloreen bizitasunean eta landareen dibertsitatean.

Jaki horiek osatzen dituzte Terra e Liberdade kooperatibak merkaturatzen dituen saskiak, eta MSTk nekazaritza erreformarako Grande Sao Paulo eskualdean dituen guneetan egiten dira saski horiek. Gainera, gune horien beste helburuetako batzuk dira hornikuntza agroekologikorako eraztun berdea mantentzea, aniztasuna handitzea eta ingurumen inpaktua gutxitzea. ?Bai Irma Alberta kanpamentuak eta bai Comuna de la Tierra Dom Tomas Balduino eta Dom Pedro Casaldaliga kokalekuak proiektu horren parte dira.

Irma Alberta kanpamentuan 50 bat familia bizi dira joan deneko hogei bat urtean, eta lurrak Sao Pauloko Estatuko ur enpresa batenak dira. Familia gehienak barazkiak, fruta, lekaleak eta arroz pixka bat ekoiztetik bizi dira. Estatuak proiektu bat zeukan okupazio gune hori zabortegi bihurtzeko, baina inguruko biztanleak kontra agertu ziren, eta okupazioaren alde egin zuten. Orain, Lulak irabazten duen ala ez, horren menpe dago lur horiek erregularizatzea, eta, gehienbat, Sao Pauloko gobernadoregai Fernando Haddadek irabaztearen menpe. Bai Lula eta bai Haddad erregularizazioaren alde agertu dira, eta behin eta berriz esan dute asmoa dutela berriz nekazaritza erreforma martxan jartzeko eta familia nekazaritzako produktuak merkaturatzeko.

Dom Tomas Balduino kokalekuan beste 68 familia bizi dira, eta ondoko Franco Da Rocha herria hornitzen dute. Ibilbidean bisitatutako lursailetako bat 12. lursaila da, Chico Mendes izenekoa. Mauro BERRIAren zain dago han, azukre kanaberazko zuku bat eskuan. Dom Pedro kokalekua da bisitaren hurrengo geralekua. Pedro Casaldaliga katalanaren omenez jarri zioten izen hori: nazioartean ezaguna da nekazari indigena eta lurrik gabekoen alde borrokatu zelako eta Liberazioaren Teoriaren aldekoa zelako. 2020ko abuztuan hil zen.

Nekazaritza erreforma

Gizarte Ikerketarako Institutu Trikontinentalak ikerketa batean adierazi duenez, gaur egun lurraren aldeko Brasilgo borrokak ez dauzka lehen zituen ezaugarri berberak: gaur egun, nekazaritza ereduaren inguruko borroka bat da. Alde batetik, agronegozioa dago: lursail handiak hartzen ditu monolaborantzarako, eta agrotoxiko asko behar ditu ekoizpenerako. Horren ondorioz, Brasil nekazaritzako pozoien munduko kontsumitzailerik handiena bihurtu zen. Beste alde batetik, agroekologia dago: ekoizpen sistema oso bat hartzen du barnean, baita giza harremanak eta lan harremanak, osasuna, kultura, aisialdia eta hezkuntza ere.

2000ko hamarkadaren hasieran agronegozioa finkatu zenetik, ez da posible izan modu klasikoan borrokatzea nekazaritza erreforma baten alde. Orduan, nekazaritza erreforma herritarrak ordezkatu zuen nekazaritza erreforma klasikoaren kontzeptua. Nekazaritza erreforma herritarraren arabera, lurra lantzen duenak izan behar du lurra, baina ez hori bakarrik: elikagai osasuntsuak ekoitzi behar dira herritar guztientzat. Horrela, nekazaritza erreforma ez da landa eremuan bizi direnen interesekoa soilik, baizik eta gizarte osoaren behar bat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.