Presidentetzarako bozak Brasilen. Nekazaritza. Joao Paulo Rodrigues. MSTko zuzendaritza nazionaleko kidea

«Lulak hobeki ulertzen du zein beharrezkoa den nekazaritza erreforma»

Rodriguesen ustetan, mugimenduak «lortu» du nekazaritza erreforma «berriz ere txertatzea» Brasilgo ezkerraren agendan: «Garai hagitz zaila izan da borroka politikoari dagokionez, eta eustea lortu dugu».

BERRIA.
Cecilia Valdez
Sao Paulo
2022ko urriaren 28a
00:00
Entzun

Brasilgo Lurrik Gabekoen Mugimendua (MST) Latinoamerikako gizarte antolakunderik handienetako bat da, eta lurraren alde borrokatzea, nekazaritza erreforma gauzatzea eta gizarte bidezkoago bat lortzea du helburu, bertzeak bertze. Mugimendua 1984an sortu zen, eta landu gabeko lurrak okupatzea da haren borroka molde nagusia. Aurten, hauteskunde orokor batzuetan lehen aldiz, MSTko hautagaiak daude Luiz Inacio da Silva Lula-ren aldeko koalizioan.

Ikusi gehiago:Lurrik Gabekoen Mugimenduaren bidean barrena

Erabaki hori justifikatzeko, MSTko kideek diote beharrezkoa dela bozetan parte hartzea kolpea geldiarazteko, ez baitute uste lurrak okupatzea aski denik horretarako. Joao Paulo Rodrigues MSTko zuzendaritza nazionaleko kidea da, eta Lularen presidentetzarako kanpaina koordinatzen duen taldean ere badabil.

Zer ibilbide izan duzu MSTko kide gisa?

Aita MSTren sortzaileetako bat izan zen; 3 urte bertzerik ez nituenean, lur okupatu batzuetan kanpatzera joan nintzen. MSTren oinarriak paratu zituztenen seme-alaben lehenbiziko belaunaldikoa naiz, eta uste dut ni naizela zaharrena garai hartako borroka politikotik gatozenen artean.

MSTk ia berrogei urte daramatza borrokan. Zer diozu orain arteko prozesuaz?

Garai hagitz zaila izan da borroka politikoari dagokionez, eta eustea lortu dugu: kolpe bat izan da, politika neoliberalak... Sozialistak ere bagara; beraz, historiaren ikuspegitik, porrot egindako kausa baten alde ari gara. Edozein modutan, iruditzen zaigu irabazi dugula, lur okupatuetan milioi bat familia ezartzea lortu baitugu.

Gutxi goiti-beheiti, 30 milioi hektareaz ari gara: horien erdiak MSTren esku daude, eta gainerakoak, berriz, bertze antolakunde batzuen gain. Hala, lortu dugu berriz ere ezkerraren agendan txertatzea nekazaritza erreformaren auzia, agroekologiarena eta jaki osasuntsuen ekoizpenarena. Gure arazo nagusia zera da, estatuak, latifundioak babesten dituen horrek berak, mugimenduko kideak galarazten dizkigula etengabe.

Zer leku du nekazaritza erreformak Lularen agendan?

Ezkerrean arazo orokor bat dago nekazaritza erreforma gauzatzeari dagokionez. Ikuspegi klasikoari jarraikiz, sozialisten eta kapitalisten erreforma proposamenak lau eskaera jaso behar zituen: industriarako lehengaiak ekoiztea, herrialdearen barnealdea garatzea, enplegua sortzea, eta jakiak ekoiztea. Kapitalistek agronegozioaren politika ezarri zuten, eta, hala, eskaera horiei guziei erantzun.

Beraz, zertarako balio du nekazaritza erreforma bat egiteak, baldin eta biztanleriaren parte handi bat hiriguneetan bizi bada eta aise merkeagoa baldin bada politika urbanoak egitea? Lulak badaki familia nekazaritza sustatzea eta ingurumena babestea dela auzi hori konpontzeko modu bakarra, eta nekazaritza erreformatzea ezinbertzekoa dela horretarako.

Zer iruditzen zaizue Lularen eta PT Langileen Alderdiaren gobernuek agronegozioaren alde egin izana?

Agronegozioak indar politiko handia du. Kongresuko diputatuen erdiak [513 daude] agronegozioan sartuak daude. Gobernuak bertze eredu bat garatu behar du, eta uste dut Lulak behar diren aldaketak eginen dituela.

Agronegozioak hiru arazo nagusi konpondu behar ditu: lehenbizikoa zera da, agrotoxiko anitz erabiltzen direla ekoizpenean; bigarrena landa eremuko indarkeria da, [Jair] Bolsonarok armak sartu baitzituen inguru horietan; eta, azkena, berriz, esportatzeko bakarrik ekoizten dela; are, agronegozioa sojatik bizi da. Hori aldatu ezean, arazoak izanen dira.

Uste duzu Lulak, bozak irabaziz gero, lehentasuna emanen diola ingurumenaren auziari?

Bai. Oraingo Lula bertzelakoa da, eta Brasilgo egoera ere ez da lehengo bera. Iruditzen zait denboraren joanak, kartzelan emandako aldiak eta egin dituen bidaiek modua eman diotela hobeki ulertzeko zein garrantzitsua den aldaketak egitea nekazaritza arloan, bai eta Amazoniari, indigenei, ingurumenari eta baliabide naturalei dagozkien arloetan ere.

Feminismoari eta aniztasunari dagozkien politikek zer leku dute MSTn?

Gu gara 2001etik maila guzietan sexu parekotasuna duen ezkerreko antolakunde bakarra, eta MSTko antolakuntza sail nagusiak emakumezkoek zuzentzen dituzte. Lularen agintaldian, erabaki genuen lur zatiek emakumeen izenean egon behar zutela. Eginahala egiten dugu emakumeak borrokarako trebatzeko, liskarrak sortzen direnerako, komando politikoak zuzendu eta arlo ekonomikoak kontrolatu ditzaten.

Kontrol politikoa beren gain hartu ahal izateko, kooperatiben kontrol ekonomikoa hartu behar dute lehenbiziko. Erranak erran, matxismoaren eta patriarkatuaren arazoa zinez errotua da.

MSTrentzat, lurrak okupatzea bezain garrantzitsua da herri hezkuntza…

Dudarik gabe. Alfabetatzerik ez bada, ezinezkoa da nekazaritza erreforma gauzatzea eta subjektu politikoa emantzipa dadin lortzea. Guretzat, hezkuntza eta lurren okupazioa ezin dira bereizi.

MSTk alfabetatze kanpainak sustatzen ditu bertze herrialde batzuetan ere. Zer bertze esperientzia izan dituzue?

MSTk zenbait brigada edo kolektibo ditu, eta ikasketak, trukeak eta laguntzak lantzen dituzte. Truke bat abiatua dugu Kubarekin agroekologiaren arloan, bai eta medikuen trebakuntzan ere. Boliviako Nekazarien Mugimenduarekin ere baditugu akordioak, bai eta Mexikorekin, Ekuadorrekin eta Argentinako hiri mugimenduekin ere. Berriki, itunak egin ditugu Afrikako bortz herrialderekin, gazteak eta helduak alfabetatzeko proiektu hagitz espezifiko baten harira.

Euskal Herriarekin ere badugu nekazaritza arloko kooperazio proiektu bat, Mondragon taldearekin, eta hamar urte daramatza martxan. Brasilgo teknikariak trebatzen ditu, kreditu kooperatibak eta ekoizpen agroindustrialekoak kudeatzeko eta berriki abiatutako proiektu bat gauzatzeko: Armazem do Campo markako gure produktuak merkaturatzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.