Aterpe more bat Kurdistanen

Patriarkatutik eta gizarte kapitalistatik ihes egin nahi duten emakumeentzako babesgune bat sortu dute Rojavan, Siriaren menpeko Kurdistanen. Ekialde Hurbileko lehena da, eta 2018ko azaroan jarri zuten martxan, Indarkeria Matxistaren Aurkako Nazioarteko Egunean.

Fatima Umm Nasrin, Jinwarreko bere etxean, Kurdistanen. J. M. LOPEZ.
Jinwar
2020ko martxoaren 13a
00:00
Entzun
Patriarkatuak mugatu egiten digu pertsona gisa dugun garapena, eta emakumeentzat bakarrik den toki batean bizitzea zera da: gizarte eredu bat sortzea haren botere zapaltzailetik urrun». Jinwar sortzeko batzordeko kideetako batek esan ditu hitz horiek, Nujinek. Aktibista gazte horrek, hainbat elkartetako emakume batzuekin batera, abian jarri du Ekialde Hurbileko emakumeentzako soilik den lehen eremua.

Ametsa bete egin zaie hainbat urtez lanean aritu ostean, demokrazian, aniztasunean eta ekologismoan oinarrituta. «Emakume guztiak aritu dira etxeak eraikitzen. Lurra, buztina, bazka eta zura erabili dituzte, produktu naturalak guztiak; ez dute kutsatzen, eta ez diote kalterik egiten ingurumenari. Elektrizitatea ere energia berriztagarrien iturrietatik lortzen dugu, nagusiki eguzkitik», azaldu du Nujinek.

Komunak triangelu forma du, eta 30 etxek osatzen dute; logela batekoak, bikoak edo hirukoak dira. 2018ko azaroaren 25ean jarri zuten martxan, Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Egunean, eta, oraingoz, etxe horietako hamabi daude okupatuta; emakume kurduak, yezidiak eta arabiarrak bizi dira etxe horietan, eta espero da udaberri hasieran askoz gehiago iristea. «Denak dira ongi etorriak. Babesleku bat ere izango da edozein motatako abusuak jasotzen dituztenentzat eta gerra garaian senarra galdu zuten eta seme-alabak dituzten alargunentzat, baita gizarte kapitalistatik urrundu nahi dutenentzat ere», dio Nujinek.

Fatima Umm Nasrinek 34 urte ditu. Emakume kurdu horren bizitza zeharo aldatu zen duela lau urte, senarra hil zitzaionean Kobanen, EIren aurka borrokatzen ari zela. Jinwarren bizi da duela hiru hilabetetik. «Ni emakume aktibista nintzen, eta ezagutzen nuen proiektu hau; horregatik erabaki nuen hona etortzea. Niretzat, gizarte beregain batean bizitzea aske izatea da», esan du, sei alabetan txikiena besoetan duela. «Hiri kontserbadore batetik nator, eta nire familia oso tradizionala da; han, emakumeoi ez digute uzten independenteak izaten, baina ni saiatuko naiz nire alabak beste modu batean hezten, bizitzan arrakasta izan dezaten. Ez dut asmorik berriz ezkontzeko; Jinwarrekin maitemindu naiz, eta nire bizia eskaini nahi diot», adierazi du.

Komunak oinarrizko zerbitzuak ditu, bertan bizi direnak beren kabuz moldatu ahal izan daitezen. Emakumeek lurra lantzen dute, abereak zaintzen dituzte, formakuntza ikastaroak jasotzen dituzte, eta umeak hezten dituzte eskolan. Gainera, herrixkaren erdialdean, okindegi bat, liburutegi bat, medikuntza naturaleko kontsultategi bat eta sukalde komunal bat daude, baita parke bat ere, txikiak jolastu daitezen. Aurreikusia dago udarako bukatuta egotea igerileku bat egiteko lanak, eta denak bainatu ahal izango dira han; izan ere, handik kanpo gizonek bakarrik dute bainatzeko eskubidea.

Etxeek osatzen duten triangeluaren izkina batean, Hawan Suli bizi da. Ez da haren benetako izena; identitatea ezkutuan mantendu nahi izan du. Suleimaniyan bizi zen, eta lehen aldiz ezkondu zenean 13 urte zituen. «Oso gaztea nintzen; ez nekien ezer bizitzaz, eta ez nekien zer esan nahi zuen ezkonduta egoteak. Senarra abusatzailea zen, eta asko jotzen ninduen; bost seme-alaba izan nituen harekin. Dibortziatu egin nintzen, eta berriz ezkondu nintzen. Bigarren senarrari esan nion alarguna nintzela, berak onar zezan nirekin ezkontzea, eta haren bigarren emaztea izan nintzen, baina egoera ez zen hobera joan. Asko sufritu dut. Gizonekin izan dudan esperientzia oso txarra izan da», kontatu du, atsekabetuta. «Neure buruaz beste egiten saiatu nintzen bi aldiz, neure buruari gasolina botata, baina jendeak eragotzi egin zuen», gehitu du.

Irakeko Kurdistanen ohikoak dira halako kasuak, eta gobernuak ez die inongo babesik ematen; babes etxeetan sartzen dituzte, besterik ez, eta, babes etxe baino gehiago, kartzelak dira horiek. Hawanek hilabete egin zuen han, eta, azkenean, ihes egitea erabaki zuen, inori ezer esan gabe. «Telebistaren bidez ezagutu nuen Rojava; orduan, harremanetan jarri nintzen YPGren gertuko alderdi politiko batekin, eta haiek ekarri ninduten, Sinjartik», esan du. Kontatzen segitu du: «Hasieran, zail samarra egin zitzaidan, bakarrik nengoelako eta kurdueraren beste dialekto batean hitz egiten dudalako, baina, orain, oso ondo sentitzen naiz familia hauekin. Gauzak egiten ikasi dut; okindegian eta landan aritzen naiz lanean. Beren buruaz beste egiten saiatzen diren beste emakumeei esango nieke badaudela irtenbideak; Jinwar, adibidez. Denak animatu nahi nituzke hona etortzera, beren burua aska dezaten».

Komuna autogobernatu egiten dute, kontseilu asanbleario baten bidez, eta hilean behin biltzen dira. Han, emakumeek elkarri ideia berriak proposatzeko aukera dute, elkarbizitza hobetze aldera; iritzi guztiei egiten zaie kasu, eta guztiek dute balio bera. Tarte egokia izaten da lanak banatzeko ere: txandaka aritzen dira, denek aukera bera izan dezaten lanbide guztiak ikasteko.

Haien asmoa da proiektu hau ez izatea bakarra, eta laster ekoherrixka gehiago egotea Siriako Kurdistan osoan. Herrixka horiek YPJ Emakumeen Babes Unitateen sorreran dute jatorria: emakume kurduen armada bat da, arabiar munduan lehendik inoiz existitu gabea, eta Siriako gerra zibila piztu zenean hasi ziren emakumeak izena ematen. Gizonekin batera borroka armatuan aritzeak parekatu egin zituen, eta borroka sozialak patriarkatutik askatu zituen.

Bizitza hobearen bila

Qamixlitik 60 kilometrora dago Jinwar, laborantzarako lurren eta fruta arbolen artean. Guda frontetik urrun, Estatu Islamikoak bere kalifa herri beldurgarria galdu zuen tokitik urrun, ekoherrixka hau sortu zen, bakezko, elkarbizitzarako leku bat izateko asmoz. «Komuna ez da espazio itxi bat», esan du Nujinek. «Bertan bizi direnak nahi dutenean sartu eta atera daitezke, eta edonor etor daiteke bisitan. Gizonak, ordea, ezin dira lotan geratu».

«Bizimodu hobe bat izateko aukera bakarra Jiwarrera etortzea zen», esan du Bedra Darwishek. Arabiarra da, Deir Ezzor probintziakoa. 35 urte ditu, eta zazpi seme-alaba. Duela urtebete, senarra hil zitzaion, EIren aurkako borrokan, eta ezin zituen seme-alaba guztiak zaindu bere kabuz. «Ni Estatu Islamikoarekin bizi izan nintzen, eta oso egoera zaila zen emakumeentzat; beti estalita joan behar nuen, eta ezin nuen ezer egin. Senarra ere nekatuta zegoen EIn egoteaz, eta, beraz, aukera izan zuenean, YPGn izena eman zuen. Ezingo naiz inoiz berriro ezkondu; hainbeste seme-alaba izanda ez nau inongo gizonek maitatuko», esan du, atsekabetuta. «Niretzat, hauxe da lehen aldia askatasun pixka bat dudala; inork ez dit esaten nola jantzi behar dudan, ezta zer egin behar dudan ere. Nire bizimodua zeharo desberdina da orain. Jinwarren, kurduak eta arabiarrak daude, eta denak ondo moldatzen gara. Nik ez dut ulertzen kurduera, baina jendeak lagundu egiten dit itzulpenarekin. Orain nire herrira bueltatuko banintz, ez nindukete onartuko; horregatik, betiko hemen geratzea erabaki dut».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.