BAKARRIZKETA

Aljeria errusiartuta

Medgazen galdarak Almeriako (Espainia) El Perdigal hondartzan. MEDGAZ.
Iker Aranburu.
2021eko urriaren 24a
00:00
Entzun
Abuztuaren 24an Aljeriak harreman diplomatikoak hautsi zituen Marokorekin. Gero eta gertuagoago dago urriaren 31. Data horretan Maroko igaroaz Iberiar penintsula gas aljeriarrez hornitzen duen Magreb-Europa gasbidea itxiko duela dio Aljeriak.

1. Ene, ene, ene... Falta zena! Gasa inoizko garestien, negua bertan. Zertan dabil Aljeria? Momentua baliatzen. Urriaren 31n betetzen da Magreb-Europa gasbidearen indarreko kontratua, eta hura berritzeko negoziazioak, gatazka politiko sakonak tarteko, etenda daude. Aljeriak uste du barne-krisi betean sinatutako akordioa hobetzeko unea iritsi dela... Eta guztia ez da ekonomia, Aljeriak nahi du ere Marokoren burua makurtu.

2. Maroko eta Aljeria, ez dira ondo moldatzen? Ez. Bizilagunen artean hori gertatzen da maiz, ezta? Ezinikusi batekin hasi eta betirako herran amaitu. Bi herrialdeon arteko kontrakotasuna ezaguna da. Azken gatazkan Marokok Aljeriari leporatzen dio bere su-etena hautsi zuen Fronte Polisarioa, Mendebaldeko Sahara askatzeko erakundea, laguntzea. Eta Aljeriak dio Marokok MAK Kabilia eskualdean amazigaren independentzia nahi duen alderdiari laguntzen diola. Tartean sute hilgarriak ere badaude... Ricard Gonzalezek BERRIAren orrialdeotan irailaren 8an idatzitako erreportajea irakurtzea onena, ezinikusiaren neurriaz jabetzeko.

3. Ez bada Aljeriako gasik Espainian eta Portugalen, are gehiago garestituko da gasa? Eta argindarra? Gauza bat da Maroko makurtu nahi izatea, eta beste bat Espainia eta Portugal gehiegi haserretzea. Aljeriak esan du gasa iritsiko dela Iberiar penintsulara. Hassi R`Mel-eko putzuetako gasa Alboran itsasoa zeharkatuz, zuzenean Almeriara (Espainia) eramaten duen Medgaz gasbidea luke horretarako. Aljeriak esan du haren kapazitatea handituko duela, eta hori nahikoa ez bada, eskaria handitzen den uneetan gasontziekin, gas natural likidotuz bete dezakeela hornidura.

4. Ados. Lasaitasuna orduan. Energia gaietan, lasaitasuna... Orain? Baita zera ere! Batetik, oraindik ikusteko dago dago Aljeria gai izango den Medgazen kapazitatea handitzeko. Bestetik, gas natural likidotua garraiatzeko gasontzien kontratazioan sekulako lehia dago Europaren eta Asiako herrialdeen artean. Eta Medgazen istripuren bat gertatuko balitz? Energia segurtasuna ere ordaindu egiten da. Alegia, oso posible dela gasa gehiago garestitzea, eta argindarra ere, jakina. Hain zuzen, gas garestiarekin eutsi diezaioke Aljeriak bere hordagoari. Larri ibiliko dena, hori bai, Maroko izango da. Aljeria ixtear dagoen gasbidetik pasatzen den gasaren %7 hartzen du Marokok, eta hori gabe geldituko da.

5. Marka da, eguzkia eta tokia sobran du Marokok, energia lortzeko. Gasarekiko menpekotasuna hausteko bide nagusia hori izan beharko da. Baina zaila da, garapen bideko herrialdeetan argindar eskaria askoz azkarrago handitu ohi delako hura betetzeko azpiegiturak baino. Dena den, Europa aurreratua ez dago inori lezioak emateko. Errusiak ere mehatxua indarrean du: Gas gehiago nahi? Zabaldu Nordstream 2 gasbidea. Eta mehatxu horrek inor biluzten badu Europa dependentea da (sartu irribarre vladimirputindar bat hemen).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.