BAKARRIZKETA

Gasbidea ala galbidea?

NORD STREAM 2.
Iker Aranburu.
2019ko otsailaren 17a
00:00
Entzun
1. Hara, ezer gutxi argitzen duten hitz joko polit horretako bat. Zertaz ari zara? Nord Stream 2 gasbideaz, eta horrek Poloniari eta Ukrainari ekar diezaiekeen galbideaz.

2. Zergatik ekar dezake gasbide batek galbidea? Gaur egun, Errusiak Europa erdirantz edo mendebalderantz esportatzen duen gasaren zati handi bat Poloniatik igarotzen da (Jamal gasbidea), eta Ukrainatik (Brotherhood gasbidea). Herrialde horietatik igarotzearen truke, tasa bat ordaindu behar du esportatzaileak, Gazprom enpresa errusiarrak. Gas hori Nord Stream 2tik igaroz gero, diru sarrera horiek gal ditzakete, eta hori arazo larri bat izan daiteke, batez ere Ukrainarentzat, diru behar gorrian baitago.

3. Errusiak eta Ukrainak nolako harremanak dituzten ikusita, hori al da Moskuren asmoa? Ezetz dio Gazpromek, Europaren hornidura sarea hobetu nahi duela. Baina ez da oso sinesgarria. Izan ere, Errusiak ez du, berez, gas gehiago esportatuko gasbide bat gehiago izateagatik. Ukraina zeharkatzen duen Brotherhoodek, esaterako, garraia dezakeen gasaren %50 soilik garraiatzen du.

4. Zigor bat da hori? Moskuk dio ez dela errentagarria gasbide hori erabiltzea, Kievek tarifa garestiegiak kobratzen dituela gasa garraiatzeagatik. Baina gasbidea borrokarako tresna izan da azken urteetan: Errusiak Ukrainari gasa saltzeari utzi zion 2006 eta 2009 artean, prezioei buruzko desadostasunengatik. Eta Ukrainak tarifak igo zituen Errusiak Nord Stream 2 iragarri zuenean. Hau da, gasa garraiatzeko hodi bat ez ezik, borroka politikorako tresna bat da.

5. Eta nondik igaroko da Nord Stream 2? Zatirik handienean, Nord Stream 1-en ondoan. Hots, Baltikoaren azpian, Errusiako Ust-Luga portutik Alemaniako Greifswaldera. 2017an hasi ziren lanak, eta urte honen bukaeran dira amaitzekoak.

6. Eta zer interes du Alemaniak gasbide horretan? Baliteke prezio merkeagoak lortzea. Gainera, Errusiako gasaren hub edo banaketa zentro nagusia bihurtuko litzateke, horrek ekar ditzakeen diru sarrerekin.

7. Baina Alemaniari on egiten badio, eta Poloniari mesede, Europako Batasunak izango du zeresana, ezta? Bai, baina neurri batean soilik esku hartu nahi du. Joan den astean baldintza batzuk jarri zizkion Nord Stream 2-ri. Funtsean, EBn hasi eta bukatzen diren gasbideei jartzen dizkienak: gasaren eta gasbidearen jabea enpresa deserdinak izatea, gasaren %10 hirugarren parteei eskaini beharko zaiela... Baina, Berlin askorik ez haserretzeko edo, Alemaniaren esku utzi du baldintza horiek nola betetzen diren egiaztatzea.

8. Eta horrek zer esan nahi du? Berri ona da Gazpromentzat, aliatu indartsuak dituelako Alemanian. Nord Streameko akziodunen ordezkaria Gerhard Schroeder kantziler ohia da. Eta proiektuaren atzean daude Uniper eta Wintershall Alemaniako konpainiak ere. Engie frantziarra, OMV austriarra eta Shell britainiarra dira beste hirurak.

9. Hori da saltsa! Eta ahaztu zait esatea baduela beste osagai bat: AEBek mehatxu egin dute gasbidearen aurkako zigorrak jartzearekin, Ukraina aliatua baztertzeko egitasmo bat delakoan. Baina ezin da ahaztu AEBek badutela beren interes ekonomikoa ere: beren gas likidotua Europan saltzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.