Albistea entzun

UDAKO SERIEA. Hizkuntza baterako bidaia (V). Ana Isabel Morales.

Zubi bat bi ilunpetarantz

Besteak beste, Jane Austen, Virginia Woolf eta Judith Butler itzuli ditu Ana Isabel Moralesek ingelesetik euskarara. Gogoratu duenez, ordea, nerabezaro hasierara arte ezezagun zitzaizkion bi hizkuntzak, eta, beraz, ezinbestean, bi norabidekoa izan da aldi berean haren bidaia linguistikoa.
Monika del Valle / Foku Tamaina handiagoan ikusi

Iñigo Astiz -

2022ko abuztuak 20 - Leioa

Jorge Luis Borgesen ipuin bat balitz bezala, zubia eraikitzen hasi ahala bakarrik hasten dira agertzen haren bi ertzak lotzen dituzten lurraldeak Ana Isabel Morales itzultzailearen kasuan (Bilbo, 1969). Besteak beste, Jane Austen, Virginia Woolf, Edna St. Vincent Millay, Charlotte Perkins Gilman, Hassan Blasim eta Judith Butler euskaratu ditu ingelesetik, baina gaztarora arte erabat ezezagun zitzaizkion orain korapilaturik dagoen soka horren bi muturrak. 14 urte inguru zituela hasi zen euskara ikasten, eta garai bertsuan hasi zen ingelesarekin ere. Zerotik. Gero, Deustuko Unibertsitatean Euskal Filologia ikasi zuen, Euskal Herriko Unibertsitateko itzulpen zerbitzuko langile postua lortu zuen, genero ikasketak egin zituen Marylanden, Nazio Batuen Erakundeko itzultzaile eta interprete izan zen New Yorken, eta, EHUko itzultzaile taldeko langile ez ezik, Xerezaderen Artxiboa izeneko literatur atari digitalaren bihotza ere bada egun. Eta, orain ere, hor, hasieran bi ilunpetarantz altxatutako zubi horren gainean seguru bermaturik, zalantza jaurti du airera lehen-lehenik: «Nire hizkuntzak oso arruntak dira, eta ez daukat halako istorio exotikorik kontatzeko...».

Bikoitza da hizkuntzarako Moralesen bidaia. Bi norabidekoa, aldi berean. Jatorrizko iturburuaren mitorik gabea. Guztia eraikia. Eta, beraz, euskarara nola heldu zen azalduz hasi du kontakizuna. «Hori izan zen nire lehenengo bidaia linguistikoa, eta arrazoi afektiboengatik hasi nuen».

Jakin bazekien euskara existitzen zela, baina sekula ez zuen euskarazko eskola bakar bat ere jaso, eta inguruan ere ez zuen euskaldunik. Francisco Navarro Villosladaren Amaya o los vascos en el siglo VIII eleberria irakurtzen gogoratzen du bere burua gaztetan, eta, dioenez, baita «euskalduntasunaren kontzientzia» hartzen ere. Institutu sasoian jaso zuen bere lehen euskara eskola ikastetxean, bere kabuz egin zituen lehen irakurketak, eta hizkuntza eskolan eman zuen izena gero. Eta barrez borobildu du azalpena. «Nik hizkuntzekin beti egin dudan gauza bat izan da neure buruarekin asko hitz egitea, eta oso ondo joan zait!».

«Ezinezkoa da hizkuntza bat ikasten bukatzea», azaldu du lehenik Moralesek, «baina euskara ikasten bukatzea zen nire helburua, gero Euskal Filologia ikasi ahal izateko. Irailean atera nuen EGA, eta urrian hasi nintzen eskolekin. Hura izan zen benetako murgiltzea». 1987an sartu zela zehaztu du, eta orduan «bekatua» zela eskola haietan erdaraz aritzea. «Orduan bai, orduan Euskal Herrira heldu nintzen».

Herrialde oso bat azaldu zitzaion San Ignazio auzotik Deustu auzorako bidean.

Euskararen «paraleloan» joan zen ingelesa ere. Emanak zituen eskola batzuk umetan, eta bere kasa hasi zuen bide hori gero, Bilbon bertan beti, ingeles hiztun den ezein herrialdetan sekula egon beharrik gabe.

Austenen urratsen atzetik

Ezinbesteko bidaidea izan da literatura beti Moralesentzat edozein hizkuntzarako bidaian. Haren eskutik egin du beti aurrera hizkuntza ikasketetan, eta haren bidez heldu zen Ingalaterrara ere, lehenengoz.

Jane Austenen Harrotasuna eta aurrejuzguak eleberria izan zen euskaratu zuen lehen lana, eta Literatura Unibertsala bilduman argitaratu zuten, 1996. urtean. Ingeles literaturako katedral bat da lana. Eta lan horretan murgilduta zebilela egin zuen bere lehen bidaia fisikoa ingelesera. Bath herrira joan zen zehazki; herriak Austenekin zuen loturagatik. Bertan bizi izan baitzen idazlea 1801etik 1806ra, eta hura hartu baitzuen argitaratutako sei nobeletako biren inspirazio iturritzat. Eta, guztira, lau egun eman zituen han Moralesek. Nahikoak, halere, ingelesezko C2 titulua lortzeko ahozko azterketan hango gozotegi batean okin aritu zela esan, eta aztertzaileak gezur hura osorik irensteko.

Austenen lanetik beretik hasita, nabarmena da generoaren gaiak Moralesen itzulpen lanetan duen garrantzia. Hark itzuli zuen euskarara, esaterako, Judith Butler pentsalariaren Genero nahasmendua lan esanguratsua, Elkar argitaletxearen eta Jakin aldizkariaren Eskafandra bildumarako, 2018. urtean, eta generoarekiko kezkak bustitzen ditu itzulitako gainerako autoreak ere: Woolf, Perkins Gilman... Dioenez, ordea, «era intuitiboan bakarrik» izan zen feminista, harik eta Marylanden, AEBetan, genero ikasketak egin zituen arte. 1998. urtean izan zen hori. Butlerrek generoari buruzko bere liburua kaleratu eta zortzi urtera. «Ordurako, jadanik gaindituta zegoen debatea, eta feminismoa trans inklusiboa zen, edo, behintzat, hala zen han».

Ez zen Moralesen hasierako asmoa. Itzulpengintzako master bat egitera joan zen berez AEBetara, baina, unibertsitatean izena eman ostean eta lehen hiruhilekoaren matrikularen prezioaz jabetutakoan, aldatu egin behar izan zuen plana, eta, gogoratu duenez, bikotekide zuen gizonak gomendatuta eman zuen izena genero masterrean. «Pentsa», barrez. «Eskolen lehen minututik azken minutura egoten nintzen ikasten; super pozik egon nintzen».

Ikasketa haien aurretik ere, Austenen liburuaren itzulpenari ere 34 orriko azalpen testu bat gehitu zion Moraselek XIX. mendeko Ingalaterran ezkontzak emakumeei zekarkienari buruz. «Ezinegona banuen, noski; tresneriarik ez, ordea. Baina bai, hitzaurre hartan badago gogoeta feminista bat, besteak beste azaltzen duena ezkontza arazo ekonomiko bat ere bazela, eta, beraz, Jane Austenen nobelak ez direla ezkontzei buruzko eleberriak bakarrik, baizik eta baita ekonomiari buruzko eleberriak ere».

Opari zail bat

Dioenez, «oparia» izan zen gerora, urte batzuen buruan, Butler itzuli ahal izatea. «Ni Marylandetik guztiz butleriar itzuli nintzen, eta ohore handitzat daukat haren lana euskarara ekarri izana». Era berean, aitortu du orain arte gehien sufriarazi dion itzulpen lana ere huraxe izan zela. Beste katedral bat baita Genero nahasmendua. Kasu honetan, generoari buruzko pentsamenduaren historian. Filosofiaren historiari egindako kritika zehatzekin. Aipuz jositako ehunka orrirekin. Zehaztasun linguistiko handiarekin. Maiz sintaxi bihurriarekin. Eta, halere, opari bat.

Funtsean, generoari, sexuari, gorputzari eta desirari buruzko konbentzioak eraisteko proposamena da Butlerrena, eta eragin handiko lana izan zen argitaratu eta berehala. Mugarri bat, esaterako, queer teorientzat. Hala azaldu zuen liburu haren ekarpena Moralesek itzulpenaren aurkezpenean, 2018an: «Generoa egin egiten dela ondorioztatzen du Butlerrek. Ekintza errepikatu horien segida da genero eraikuntza. Beraz, muga horiekin ito beharrean, ekintzarako eta agentziarako aukera gisa erabil dezakegu egitate hori bera». Eta gero, honela borobildu zuen lanaren muina: «Ez dago esentzialismorik, subjekturik edo naturarik. Kultura baino ez dago. Kultura baino ez gara».

Guztia eraikia.

Aitortu duenez, Butlerren itzulpen hari aurre egiteko, berritu egin behar izan zuen aurrez Austenen lana itzultzeko bere buruari ezarritako irizpide sorta.

1996an eman zuen argitara lehenengoz Harrotasuna eta aurrejuzguak eleberria, baina hura berrikusita argitaratu zuen berriz 2013an. Dioenez, ez zuen aldaketa handirik egiteko beharrik izan, ordea. «Berrikuspena egiterakoan izan nituen irizpideak lehen itzulpen lana egiterakoan izandako berberak izan ziren; berberak, baina erradikalagoak».

Hain zuzen ere, Austen itzultzeko hiru tentaziori aurre egin behar izan ziela kontatzen du Moralesek berrikusitako bertsioarentzako idatzitako hitzaurrean. Puntuz puntu. Testua sinplifikatzeko tentazioa da lehena. Autorea baino jatorragoa izateko tentazioa da bigarrena. Eta gehiegi azaldu edo interpretatzeko tentazioa da hirugarrena.

Butlerrek behartu zuen zerrendari beste puntu bat gehitzera. «Whatever works printzipioa». Hau da, funtzionatzen duen edozerk balio duela. «Zuk badauzkazu printzipio batzuk, baina gero testuak agintzen du, eta liburu osoa hartu behar da osotasun moduan, eta ez esaldiz esaldi bakarrik aritu».

Familia linguistikoa

Marylanden egindakoaz gain, izan zuen beste egonaldi bat ere Moralesek AEBetan. 2003. urtean lortu zuen Nazio Batuen Erakundean itzultzaile izateko postua, oposizioa gaindituta. Frantsesa ere ikasi zuen horretarako, eta 2005etik hasita ia bi urte eman zituen New Yorken lan hartan, Euskal Herriko Unibertsitatean baimena hartuta. Gustura egon zen, dioenez. «Ikaragarri gustatzen zitzaidan hiria». Baina bueltatu egin zen. Zergatik? Faltan zuen euskararen inguruko harreman sarea: «Familia linguistiko hautatua».

Eta buelta egin zuen.

Eta, beraz, ba al du paisaia propiorik hizkuntza bakoitzak Moralesentzat? Eta erantzuna baiezkoa bada, zein da zehazki bakoitzaren paisaia? Segundo gutxi batzuetako isiltasun labur bat, eta baietz Moralesek, badakiela. «Ingelesaren paisaia bikoitza da; batetik, Bath da, noski, eta Brooklyn ere bai, bestetik». Eta euskara? «Euskara pertsonak dira: semea eta adiskideak». Bi leku jakin, beraz, ingelesaren kasuan, eta afektu sare bat euskararenean. Horra Moralesek eraikitzen duen zubiaren bi muturrak.

Bihar: Bego Montorio.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Argiartean jaialdia egingo dute gaurtik igandera, Donostian

Erredakzioa

Light-art instalazioak, proiekzio monumentalak eta zuzeneko emanaldiak izango dira Memoriaren Lorategian eta Iesuren elizan
Annie Ernaux. / ©Nobel Sariak, @NobelPrize

Annie Ernauxek irabazi du Literaturako Nobel saria

Iñigo Astiz

Stokholmen eman du sarituaren berri Suediako Akademiak, eta literatura fikzioaz harago zabaltzeko egindako lana laudatu dio idazleari. Iaz Abdulrazak Gurnah eleberrigileak irabazi zuen saria.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iñigo Astiz

Informazio osagarria

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Irakurleen babesa ezinbestekoa da kazetaritza independente eta konprometitua egiten jarraitzeko.