BAKARRIZKETA

Aireportu publikoen pribatizazio publikoa

YOAN VALAT / EFE

Iker Aranburu -

2019ko apirilak 14
1. Aizu, tituluan nahastu egin zara eta publiko bi aldiz jarri duzu. Ez litzateke lehen aldia izango halako zerbait egiten dudala, baina kasu honetan ez; hori da jarri nahi nuena.

2. Baina nola izan daiteke publikoa pribatizazio bat'? Kasu honetan, ez da oximoron bat; publikoa da, herritarrek erabaki beharko dutelako pribatizazio bati buruz.

3. Nortzuk? Ipar Euskal Herriko biztanleek eta Frantziako Errepublikako beste herritarrek. Erreferendum baten bidez erabakiko dute onartzen ote duten Parisko Roissy eta Orly aireportuak kudeatzen dituen ADP enpresaren pribatizazioa.

4. Hara, Macronek egia esan zuen agindu zuenean Jaka Horien krisiaren harira herritarren iritzia kontuan hartuko zuela? Tira, egia da Frantziako presidenteak esan zuela formulak bilatuko zituela herritarrei zeresan handiagoa emateko erabaki politikoetan, baina aireportuei buruzko erreferendumarena ez da Macronen ideia, hari aurka egin nahi diotenena baizik. Diputatuek behartu nahi dute galdeketa egitera. Haserre, «populismoari jokoa egitea» egotzi die Bruno Le Maire Finantza ministroak. «Ergelen konspirazioa» salatu du Patrick Mignola MoDem talde zentristako parlamentarioen buruak.

5. Diputatuak gobernuari aginduak ematen. Uste nuen horrelakoak Komunen Ganberan bakarrik gertatzen zirela... Ez zabiltza oso oker, baina behingoz Frantziako diputatuak ados jarri dira RIP edo ekinaldi partekatuko prozedura bat abiatzeko. 2008. urtean sortu zuten formula hori, baina oraindik ez dute inoiz erabili. Berez, ez da ziurra erreferenduma egitea, oraindik hainbat langa gainditu behar baititu.

6. Zer baldintza behar dira RIP baten bidez erreferenduma egiteko? Lehena da parlamentarien bostenek eskatu behar dutela, gutxienez 185 diputatuk eta senatarik. Kopuru hori aise gainditu du oraingo honetan: 248 izan dira, ezkerrekoak eta eskuinekoak. Ezkertiarrak, pribatizazio ororen aurka daudelako, eta eskuindarrak, uste dutelako hobe dela ADPk urtero ematen dituen mozkinak sakelaratzea. Behin parlamentarien babesa duenean, Kontseilu Konstituzionalaren galbahea gainditu behar du, eta, hark baiezkoa emanez gero, sinadurak bildu behar dira.

7. Zenbat lagunek sinatu behar dute? Hautesleen %10ek babestu behar dute, 4,5 milioi lagunek baino gehiagok. Baina azken hitza Errepublikako presidenteak du. Erabaki ahal du erreferenduma ez egitea parlamentuak ez badu gai horri buruzko legerik egin azken sei hilabeteetan. Hortaz, legeen egutegiak ere izan dezake zeresana.

8. Zergatik pribatizatu nahi du Frantziako Gobernuak ADP? Gaur egun, ADPren akzioen %50,63 ditu estatuak, legeak behartu egiten duelako akzioen gehiengoa izatera. Baina lege hori aldatzea erabaki zuen ostegunean Asanbleak, aldeko 147 boto eta aurkako 50ekin. Engie argindar konpainiaren salmenta eta FDJ Française des Jeux zori jokoen enpresarena ere baimentzen du legeak. ADPri dagokionez, 9.500 milioi euro lor ditzake, defizit publikoa txikitzeko eta 10.000 milioiren berrikuntzarako funtsa betetzen hasteko.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna