Albistea entzun

KRITIKA. Antzerkia

Eromen gaua

Agus Perez -

2021eko uztailak 3

'Guateke'

Konpainia: Eromen produkzioak. Egilea: Iñigo Dierez. Zuzendaritza: Amancay Gaztañaga. Zuzendari laguntzailea: Erika Olaizola. Eszenografia eta argiak: Amancay Gaztañaga. Jantziak: Ainhoa Badiola. Makillajea: Xanti Agirrezabala. Antzezleak: Zestoako antzerki eskolako kideak. Lekua: Zestoako Caravan Park pabilioia. Eguna: ekainak 30.

Zailtasun guztien gainetik eta antzerkiak dauzkan balio agorrezinetan sinistuta etorri da aurten ere Zestoako Antzerki Astea. Beti bezala, antzezlan interesgarriak programatu dira —Iluntzen, Atzerrian lurra garratz, Fadoak entzuten zituen gizona...—, baina, normala denez, zentraltasuna hartu du hango Antzerki Eskolak prestatu duen Guateke lanak.

Indarrean dauden neurriak kontuan hartuta, ezin zen ohiko aretoan emanaldirik eskaini, eta —herri-elkartasuna zer den— bertako enpresa bateko pabilioian atondu dute antzokia, baldintza txukunetan atondu ere. Taula gainean herriko 31 antzezle ikustea —lau euskal dantzari eta txistularia barne— pozerako motiboa da, eta hori ere izan da gainditu beharreko oztopoa, entseguak azpitalde txikiagotan egin behar izan dituztelako. Hala ere, emaitza eszenikoa polita eta borobila izan da, Amancay Gaztañagaren gidaritzatik espero zen bezala, eta beste behin baieztatu da talde ustez amateurrek sorkuntza estimagarriak edo bikainak ere plazaratu ahal dituztela kalitatezko testu batekin eta zuzendaritza on baten pean.

Iñigo Dierez dugu Guateke honen egile —bera ere egon da antzezle, gaiztoetan gaiztoenaren rolean—, eta bere planteamenduan guateke zoro batean daude antzezleak, munduaren gaitzetatik urrun. Emanaldiaren hasiera probestu du egileak pertsonaia berezi batzuk aurkezten joateko —DJa, Edith Piafen ahotsa duen abeslaria, polizia autoritarioa eta bere laguntzaileak, drogazalea eta droga saltzailea...—, eta gauzak korapilatu ahala gai askori heldu dio, hala nola feminismoari, amatasunari, Zaldibar eta Donostiako zuloei, COVID-19ari eta gorputzen gaineko abusuei.

Halako batean, munduaren amaiera iragarri die zoro itxurako batek —Andoni Mutiloa— festako partaideei, eta hauts zuria airetik masiboki zabaldu denean askoz surrealistagoa bihurtu da guztia, antzezle batzuek beren buruari galdetu arte nor ote zegoen hilik, haiek edo besteak, alegia.

Gaztañagaren dramaturgia testuaren zerbitzura egon da une oro, eta guatekeko dantzaldi libreak unean uneko solasaldiekin konbinatu ditu antzerki zein zinema teknikak erabiliz: dantzarien irudi izoztuak, kamera geldoko mugimenduak, antzezleen talde eskultorikoak eta mugimendu koreografikoak, besteak beste. Jantzien koloretasunak eta makillajearen diseinuak pantomima giroa eman diote gizartearen erretratu ironikoari, eta eszena batzuek bikaintasuna eta esangura sakona lortu dute testuaren eta dramaturgiaren elkarketa emankorrari esker. Azkenik, hona hemen emanaldiaren funtsa adierazten duen etsenplu bat: eromenaren apoteosian alfa ar batek bere burua bota du amildegira, inork eskatu ez dion ekintza heroiko bezain burugabe batean.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Askotariko materialez egindako lanak ikus daitezke <em>Gaurko euskal eskultura</em> erakusketan. Irudian, Guillermo Olmo eskultorearen <em>Arina</em> lana. ©MONIKA DEL VALLE / FOKU

Eskulturaren topalekua

Olatz Enzunza Mallona

Santurtziko Azken Muga elkarteak 95 artistaren lanak bildu ditu 'Gaurko euskal eskultura' erakusketa ibiltarian. Otsailaren 16ra arte ikusi ahal izango da

Pantx Records kolektiboko kideek Durangoko Azokan aurkeztu zuten bilduma. ©FACUNDO QUEVEDO TRONCOSO

Euskal Herritik Kingstonera

Alex Uriarte Atxikallende

Pantx Records kolektiboak 'Reggaean jarrai: Euskal folklore jamaikarra' izeneko bilduma kaleratu du. Euskal ondarea eta kultura jamaikarra uztartu dituzte proiektuan

Mikel Martinez aktorea, Marieta Diaz de Toledo eta Bertol Arrieta saridunekin, atzo, Bilbon. ©RAUL BOGAJO / FOKU

Gidoia abiapuntu gisa

Andoni Imaz - Olatz Enzunza Mallona

Bertol Arrietak, Mikel Fernandinok eta Marieta Diaz de Toledok irabazi dituzte aurtengo Cafe Bar Bilbao antzerki gidoi laburren sariak

Antonio Gramsci pentsalari, idazle eta politikaria. Haren kartzelako gutunak euskaraz irakur daitezke orain. ©BERRIA

Preso denaren kezkak, gutun azaletan bilduak

Ainhoa Sarasola

Antonio Gramsciren 'Kartzelako gutunak' eman du Katakrakek, Ekaitz Sirventen itzulpenean. Pentsalari ezkertiarrak espetxean idatzi zituen 218 eskutitzetan, haren «alde guztiak» aurki daitezke

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.