Herrien arteko sareak ehuntzen

Askapena erakunde internazionalistak brigadak antolatu ditu beste urte batez. Brigadistek Europako, Asiako eta Hego Amerikako herriak ezagutzeko aukera izan dute. Iñaki Orradrek, Ane Urkolak eta Eneritz Zabalak brigadetan hartu dute parte. Palestinan, Brasilen eta Parisen egon dira.

Palestinako brigadako kideak. Orradre, eskuineko behe aldean.
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
2019ko irailaren 17a
00:00
Entzun

Mende laurdena baino gehiago betea du Askapena erakunde internazionalistak. Herrien arteko elkartasun politikoa oinarri, lanean dihardu 1987az geroztik. Ordutik, egin ditu ehunka kanpaina, antolatu ditu hamarnaka brigada. Euskal Herria burujabe izan dadin, eta, gainontzeko herriekiko elkartasuna gogoan, brigadistek ezagutu dituzte Boliviako, Venezuelako, Palestinako, Libanoko, Greziako eta Herrialde Katalanetako hamaika borroka. Finean, joan etorriko elkartasuna izan da garrantzitsua. Urte honetan ere, udaberrian zein udaran, antolatu dituzte brigadak. Helburuetako bat da munduko beste herrialdeetako borroketatik ikastea; baita ekarpen txiki-handiez bertako errealitatean laguntzea ere.

«Euskal Herriak aske izan nahi badu, zalantzarik gabe, beste herriekiko elkartasuna behar du; zentzu batean, aliatuak behar dira burujabe izateko», azaldu du Izaskun Goienetxea Askapenako kideak. Erakunde internazionalistak, sortu zenean, jarriak zituen lehen harriak elkartasun horretan, besteak beste. Garai hartan, 1980ko hamarkadan, pil-pilean zeuden Hego Ameriketako zenbait iraultza, eta Euskal Herrian ikusmira sortu zuten. Goienetxeak esan du Nikaraguako iraultza izan zela horietako bat, eta gaineratu du horren barruan kokatu behar dela Askapenaren sorrera: «Jendeak solidario izan nahi zuen beste herriekin, baina ez era altruista batean, baizik eta ekarpen politiko batetik». Elkartasun politikoa eta joan-etorrikoa zen, beraz, erakundearen oinarri nagusienetako bat.

Goienetxeak azaldu duenez, egun, sorrerako oinarrizko zutabeek zutik diraute: «Herrien arteko zubi lana, ekarpen politikoa egitea da gure zereginetako bat», adierazi du Askapenako kideak. Eta gaineratu du zubi lan horretan eta Euskal Herriaren emantzipazioaren alde beharrezkoa dela gainontzeko herrietatik «elikatzea». Finean, nabarmendu du gainontzeko «herri zapalduen» borrokak ezagutzeak onura ekar dezakeela, «etsaia» ere berbera den heinean: sistema kapitalista heteropatriarkala. Borroka horiek ezagutzeko asmoz, brigadak antolatzen dituzte. «Brigadetan kanpora joatean, ez dugu inolako irakaspenak ematera joan behar, baizik eta herrien prozesuetatik ikastera», esan du Goienetxeak. Aurten 50 pertsona inguruk parte hartu dute brigadetan. Europara, Asiara eta Hego Amerikara antolatu dituzte.

Hain zuzen, Askapenako kideak dei egin du ahal den neurrian brigadetan parte hartzeko. Nabarmendu du elkartasuna dela herriek bizirik irauteko duten mekanismo bakarrenetako bat, eta Che Guevararen hitzak izan ditu gogoan: «Elkartasuna da herrion arteko samurtasuna». Herritik eta herriarentzako filosofia oinarri hartuta, herrien artean sareak eraiki beharra izan du aldarri.
 

IÑAKI ORRADRE

Palestinan egondako brigadista

 

 

«Kontraeraso posizioan gaude, erantzuna zerbait gertatzean ematen»

Palestinako brigada mistoan parte hartu du Iñaki Orradre brigadista nafarrak, udan. Helburu argi batekin erabaki zuen brigadaren parte izatea: Palestinako herriarekiko elkartasuna ez itzaltzeko. Izan ere, esan du badirudiela Euskal Herrian bertako egoera «normalizatuta» dagoela, eta, beraz, beharrezkoa dela elkartasuna «berpiztea». Are, nabarmendu du bertan egotean eta errealitatearekin talka egitean ikuspegi ezberdin batetik ulertzen dela egoera. Mugimendu zenbait ezagutzeko aukera ere izan dute.

«Ildo politiko jakin bat egiten duten erakundeekin elkartu gara, politikoki ezkerrean kokatuko liratekeen alderdi eta erakundeekin», azaldu du Orradrek. Eta, beraz, gaineratu du borroka horietatik irakaspenen bat edo beste ere jaso dutela. Azpimarragarriena, ordea, «batasun militarraren» garrantzia iruditu zaio: «Argi dute okupazioa bukatzeko batasun militarrak egon behar duela guztiaren gainetik». Hala ere, azaldu du behin okupazioarekin amaitzean herritarrek argi dutela beren arteko gatazka egongo dela. «Israelen okupazioa bukatzea lehenesten badute ere, argi dute politikoki ez dutela sekula bat eginen».

Gogoan izan du Palestinak alboko herriekin duen elkartasuna ere. Azaldu duenez, «etsaia» sionismoa den heinean, argi dute libanoar eta siriarrekin bat egin behar dutela hari aurre egiteko. «Elkar laguntza eta elkar babesa nabariak dira»; eta gaineratu du Euskal Herrian ere egotetik egitera egin beharko litzatekeela jauzi: «Kontraeraso posizioan gaude, erantzuna zerbait gertatzean ematen». Beraz, esan du beharrezkoa dela borrokak ezagutu eta ikuspegi «itxia» irekitzea, hango borrokari jarraitutasun batekin babesa eskaintzea.

 

 

 

 

ANE URKOLA

Brasilen egondako brigadista

 

 

 

 

«Herrien borrokak elkar ezagutzea eta elikatzea da ekarpenik handiena»

Herrien arteko elkartasuna martxan jartzeko asmoz, Brasilgo brigadako kide izan da Anoetako (Gipuzkoa) Ane Urkola. Esan du herrialdea bertako herritarrekin ezagutzeko gogoa zuela, baita gizarte mugimenduekin ere. Hala, MST Lurrik Gabeko Landa Langileen Mugimendua izan du bidelagun udaran eginiko brigadan. «Euskal Herrian, galtzen ari gara lurrarekiko harremana, baina han ederra da nolako erlazioa duten», azaldu du Urkolak. Izan ere, hirietatik irten eta komunitatea osatzeko asmoz latifundisten lurrak okupatzen dituen mugimendua da MST.

Hain zuzen ere, brigadistak jakinarazi duenez, Brasilgo diktadura militarra amaitu ostean, konstituzioan lege bat jasotzen zen: lurrek funtzio sozial bat bete behar zuten. Lege horri tiraka okupatzen dituzte lurrak. «Familia bakoitzak hamar hektarea lantzen ditu, eta, gainera, sekulako komunitate izaera daukate», adierazi du brigadistak. Eta gaineratu du lurra lantzeari ez ezik formakuntzari ere garrantzi handia ematen diotela bertako herritarrek. Esaterako, kanpaleku finko batzuetan eskolak sortu dituzte, transmisioa bermatzeko.

Hala ere, Urkolak nabarmendu du gizarte mugimenduarentzat ez dela momentu egokia. Azaldu duenez, Jair Bolsonaro Brasilgo presidenteak haien aurkako gorroto diskurtso indartsua du. Aurre egiteko, internazionalismoa izan du gogoan: «Herrien borrokak elkar ezagutzea eta elikatzea da ekarpenik handiena». Eta gaineratu du han bizi izandakoa irakaspen prozesu handia izan dela: «Sentitzen dut bertan txoko bat dugula, bertako herritarrek hori transmititu digute».

 

 

 

 

ENERITZ ZABALA

Parisen egondako brigadista

 

 

 

 

«Brigadista izateak perspektiba zabaltzeko aukera ematen du»

Udan brigadista izateko denbora gutxi zuela eta, udaberriko brigadetan parte hartu zuen Bilboko Eneritz Zabalak. Gainera, Frantziako egoera ez ezik, Europakoa ulertzeko nahia ere bazuen, eta, beraz, Parisko brigadan parte hartu zuen. «Brigadista izateak perspektiba zabaltzeko aukera ematen du», esan du Zabalak. Eta nabarmendu du sarri asko Frantziako errealitatea ez dela ezagutzen, batik bat Hego Euskal Herrian. Brigadak, ordea, horretarako aukera eman dio.

Hainbat mugimendu ezagutzeko aukera izan zuten. Esate baterako, Les Balas kolektiboa. «Gizon langile migratzaileek osatzen dute, eta, zentzu batean, etxebizitza eta migrazioaren problematika biltzen ditu», esan du Zabalak. Izan ere, gizarte zerbitzuetarako erabiltzen zen eraikin bat dute okupatua. Palais de la Femme etxean bizi diren emakumeen mobilizazioa ere gogoan izan du. Besteak beste, brigadistak azaldu du gizarte zerbitzuen pribatizazioa salatzen dutela: «Bazterketa egoera larrian dauden emakumeak bizi dira han, eta sekulako kuotak kobratzen dizkiete».

Zabalak nabarmendu du brigadista izatea aukera «ederra» dela borroka ezberdinak ezagutzeko eta norbere herrietan borrokan jarraitzeko. Are, gaineratu du halako esperientzia batean borrokak «erdi-erdian» bizi direla; ekarpena eginda, baina betiere mugimendu horietako kide ez zarela gogoan izanda.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.