Carmen A.Cares. Ikerketaren egileetako bat

«Gogoan izan emakume migratzaileen iragana; ekarpena egin dezakete»

ENDIKA PORTILLO / FOKU.
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
2021eko apirilaren 14a
00:00
Entzun
Ikerketaren egileetako bat da Carmen A.Cares Mardones (Txile, 1980) unibertsitateko ikertzailea. 30 emakumeren testigantzak jaso ditu, eta ateratako ondorioak izan ditu mintzagai. Haren ustez, andre migratzaileen eta helmugako lurraldekoen artean hitz egin behar da, eta «oraina eta geroa» feminismoz sortu.

Zer hipotesitatik abiatu duzue ikerketa?

Asko daude, baina, batetik, uste genuen emakume migratuek elkarteetan duten parte hartzea beste andre edo pertsona migratu batzuk zeuden eremuetara mugatuko zela, eta batez ere kultura mugimenduetara. Bestetik, emakume horiek elkarteei egiten dieten ekarpenean ere jarri nahi genuen arreta, benetan diskurtso propio bat dutela argudiatuta, eta genero perspektiba batetik sortua.

Hor intersekzionalitatea azpimarratu duzue.

Funtsezkoa da, andre migratzaileen egoera ikertzen baikabiltza. Generoak sor dezakeen desberdintasunaz harago, gogoan izan behar da jatorria ere, edo, kakotx artean, arraza. Horrek badu eragina diskriminazioan, eta klaseen arteko bazterketa ere sortzen du. Izan ere, genero edo jatorri jakin bat izanez gero, gizarte klase bat duzu; eskala sozial batean zaude.

Zer beste faktore izan behar dira gogoan?

Migrazioarekin, eta batez ere generoarekin lotutako ikerketetan, sarritan, hainbat puntu ahaztu egiten ditugu. Emakume migratzaileen egoera ikertzen da, baina elementu gehiago hartu beharko lirateke kontuan. Horietako asko ahaldundutako andreak dira, ez behartsuak, eta beren iragana gogoan izan behar da, gizarteari ekarpena egin baitiezaiokete. Batzuetan badirudi helmugako herrialdera iristean jaiotzen garela, perretxikoak bagina bezala, baina ez gara hemen jaio; badugu baliagarria izan daitekeen jakintza bat.

Baina andre batzuk ez dira mugimenduekin identifikatzen.

Kasu batzuetan, baliteke dagoeneko martxan dagoen eta bere balio propioak dituen elkarte bati aurre egin behar izatea, nahiz eta lantzen dituzten puntuekin bat etorri. Baliteke oraindik ere hemen ahaldundu den emakumea perretxiko bat lez sentitzea. Halako kasuetan, andre horien jakintzak aitortzea falta da, eta horrek asko urruntzen du parte hartzea. Ez zara identifikatuta sentitzen ordezkatzen zaituenarekin. Norbere ikuspegia eman daiteke, baina andre migratzaileek beren ahots propioa dute.

Jakintza hori, beraz, baliagarria izan daiteke elkarteentzat.

Beharrezkoa da. Behin baino gehiagotan gelditu gara harrituta haietako bakoitzak dakarren jakintzarekin. Badaude jatorrizko herrialdean lanpostu garrantzitsuak izan dituztenak, ikasketa aberasgarriak izan dituztenak, baina momentu batean immigratzea erabaki dutenak. Hori integraziorako bide ere izan daiteke.

Elkar ezagutu beharra dago?

Gehiago hitz egin behar dugu; emakumeok denbora gehiago igaro behar dugu elkarrekin, eta oraina eta geroa feminismoz sortu, intersekzionalitatez. Elkarteek lan boluntario garrantzitsua egiten dute bide horretan, eta haien lana ikusgai jarri behar da, gobernuei dagokien lana egiten baitute neurri batean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.