Itxaro Borda
Koronabirusa. GIZARTEA PENTSALDIAN

Wuhaneko gerezitzeak

2021eko apirilaren 2a
00:00
Entzun
Telebistan ikusi ditugu Wuhaneko karrikak eta bereziki hiriko parkeetan errotzen ziren gereziondoak loretan. Jendeak lasaiki zebiltzan, maskararik gabe, distantziarik gabe eta beldurrik gabe saldoan kalakari. Irriak ezpainetan zituzten, telefonoak bipil eta kezka existentzialak dagoeneko mila legoatan. Badirudi, COVID-19a sortu zen hiriak mamuaren atzaparretatik askatzea lortu duela, munduan barna askok amesten duten bizitza normalera itzultzen ari direlako. Itxura hunkigarriak dira.

Hunkigarriak, azken berrien arabera Europako lurraldean, epidemiak oraino ere luzaz iraungo duela ikasten delako. Erraten digute uda bezperan librekiago biziko garela, baina menturaz, larrazkenak eta datorren neguak ere kutsatze tasen, intzidentzia portzentaien, sendagai baliabideen, herio zerrenden zenbakiekin pataska aurkituko gaituzte. Txertatzeak astiroegi doaz, birusaren aldaera ezberdinak menperatzeko: epidemiologoak kezkatuak dira eta Macronen ahoan konfinamendu hitza tabu den honetan.

Txinan eta Japonian gerezitzeak lili direnean, natura berriz sortzen dela badakite herritarrek. Bi aste baino gutxiago dirauen ikusgarri efimeroa da. Iragan urtean, mugikorren pantailetan begietsi zuten momentu lorios hori, hiritarrak oro etxeetan entzerratuak zeudelako, pandemia uhinaren kukurusta gorian itoak. Baina, gaur, badu hiru ehun egun Wuhanen ez dela koronabirus kasu bakar bat ere azaldu eta hiria jada turistaz emokatua dago. Himalaia aldetik jaitsi eta Txinan barna hedatu zen gerezitzea, mila urte beranduago Japoniara heltzeko. Bi herrialdeak elkarri mokoka ari dira, lehena zein izan den erabakitzeko. Eztabaidatzeko orduan bederen, ez da koronabirusik aipatzen.

Nik ere maite dut sortetxe aitzineko Mendi Kaskoan, martxo erditsuan, lorez janzten diren gerezi-ondo salbaiak mirestea. Sahatsa sutzen da eta berehala gerezitzea. Igandeetan bisitaz nindoakionean, behatz kurkulatua zerura altxatuz, aita zenak totelkatzen zidan: «soizan, siisatzeak lili tun..».

Berri ona zen beretzat, are hobeagoa naski, Wuhanekobiztanleentzat, pasatu duten hamabi hilabeteko kalbario latzaren ondotik. Harremanen hormatze garaiak izan dira, esku ahur idor eta egunerokotasun murriztuena. Izu zaharra lilien zuritasunarekin ezkontzen denean, xendra zurruna irekitzen da.

Japoniar haiku baten idazteko tirria pizten zait, etxea bezain itxia, hamazazpi silabatan Wuhanetik Itsasurako gerezitzeen bidea kantatzeko. Hitzgutxi aski delako covid-free etorkizun hurbil baten irudikatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.