COP26

2030erako metano isuriak %30 murriztea adostu dute Glasgown

Europako Batzordeak iragarri du muga zergak ezarriko dizkietela isuriak eragiten dituzten gaiei. Deforestazioa gelditzeko akordioa itxi dute ehun estatuk baino gehiagok

EMILY MACINNES / EFE.
arantxa elizegi egilegor
2021eko azaroaren 3a
00:00
Entzun

Klima larrialdiaren aurkako konpromisoak hartzen jarraitzen dute Glasgowko (Eskozia) COP26 goi bileran bildutako estatuburu eta gobernuburuek, nahiz eta ez duten askorik zehaztu horiek nola beteko dituzten. AEBetako presidente Joe Biden izan zen atzoko protagonista nagusietako bat. Buruzagi estatubatuarrak iragarri zuen batzarrean parte hartzen duten ehun herrialde inguruk onartu dutela 2030erako metano isuriak %30 murriztea. «Uste dut lor daitekeen helburu bat dela. Gaur ehun estatu inguruk sinatu dute hitzarmena, eta mundu osoko metano isurien erdia biltzen dute horiek. Aldaketa handia izango da», txalotu zuen Bidenek.

Metanoa ez da, izatez, karbono dioxidoa bezain iraunkorra atmosferan, baina hark baino azkarrago berotzen du, eta, beraz, luze gabe, zuzeneko eragina du klima larrialdian. Batez ere erregai fosilen kudeaketak isurtzen du metanoa, eta, alde horretatik, Etxe Zuriak iragarri du «arau zorrotzagoak» ezarriko dituela petrolioa eta gasa ustiatzeko, baita oliobideak eraikitzeko ere. «Teknologia berria eta nekazaritza iraunkorra bultzatuz, energia garbiarekin lotutako ekonomia sustatuko du Biden presidenteak», zehaztu zuten Washingtondik.

Ez zen hori izan, ordea, isuriekin lotutako iragarpen bakarra. Europako Batzordeko presidente Ursula von der Leyenek ere zeresana eman zuen, jakinarazi baitzuen hiru urte barru muga zergak ezartzen hasiko direla CO2 isuriak eragiten dituzten produktuei, besteak beste, zementuari, altzairuari, burdinari, ongarriei eta argindarrari, eta gauza bera egiteko eskatu zien gainerako herrialdeei ere. «Garrantzitsua da ahaleginak ez geldotzea karbono ihesen ondorioz», azaldu zuen Von der Leyenek.

2005etik, Europako Batasuneko 11.000 enpresak eta 500 aire konpainiak zerga bat ordaindu behar dute isurtzen duten karbono dioxido tona bakoitzeko —oraintxe bertan 60 euro ordaintzen dituzte—. Europako Batzordeak araudi bera ezarri nahi die zenbait eraikinen klimatizazioari eta errepide bidezko garraioari. Orain, Europako Batzordeak EB Europako Batasunari eta Europako Parlamentuari proposatu die batasuneko merkatuan sartzen diren zenbait produkturi ere zergak ezartzea. «Hasieran, gai jakin batzuei bakarrik ezarriko zaie, isuri gehien eragiten dutenei», zehaztu zuen Batzordeko presidenteak. Mekanismoak hiru urteko «probaldia» izango du, eta, jarraian, ondo bidean, indarrean sartuko da.

[YouTube]https://youtu.be/BWGD9-oEru0[/YouTube]

Hirugarren urrats bat ere egin zuen atzo nazioarteak, biodibertsitateari zuzenean lotutakoa. Astelehen iluntzean heldu zen akordioa, ehun herrialdek baino gehiagok sinatutakoa, eta basoak babestea du helburu. Hitzarmenaren arabera, sinatzaileek konpromisoa hartu dute 2030. urterako baso eremuen suntsitzea eta lurren degradatzea geldiarazteko, eta, helburu horrekin, 19.000 milioi dolarreko inbertsioak iragarri dituzte.

Sinatzaileen artean daude Errusia, Indonesia, Brasil eta Kongoko Errepublika Demokratikoa. Soilik lau herrialde horiek mundu osoko basoen %85 biltzen dituzte. Akordioa sinatu duten herrialdeetako basoek 33 milioi kilometro koadroko eremua hartzen dute.

Diru laguntzak

Itunak jasotzen du, gainera, herrialde aberatsek 12.000 milioi dolarreko funts bat sortuko dutela 2021etik 2025era bitartean garapen bidean dauden estatuei laguntzeko; besteak beste, horiek lur kaltetuak lehengoratu ditzaten eta suteak gutxitzeko proiektuak abian jar ditzaten. Horrez gain, arlo pribatuak beste 7.200 milioi euro jarri beharko ditu, eta konpromisoa hartu beharko dute 2025erako basoen ustiaketarekin lotutako egitasmoak bertan behera uzteko.

Biomas Carbon Monitor proiektuaren arabera, 2011tik basoek 760 milioi tona karbono dioxido xurgatzen dituzte urtero; hau da, isurtzen denaren %8 inguru. Baina urtetik urtera baso eremua txikituz doa, eta horrek zuzeneko eragina du klima larrialdian. Greenpeacek gogor kritikatu du Glasgowko egitasmoa, eta salatu du basoak babesteko bainoago deforestazioari beste hamar urteko bizia emateko balio duela. «Indigenek eskatzen dute Amazoniako %80 babestuta egotea 2025erako, eta arrazoi dute. Hori behar dugu», argudiatu du Greenpeaceren Brasilgo zuzendari Carolina Pasqualik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.