AKPk hogei urte agintean Turkian

Erdogani pilatu egin zaizkio krisiak

AKPk, Turkiako presidentearen alderdiak, hogei urte egin ditu boterean. Oraintxe, herrialdea krisi ekonomiko larri baten erdian dago, eta, 2023ko hauteskundeetarako inkesten arabera, gain behera doa haren boterea.

Erdogani pilatu egin zaizkio krisiak.
Istanbul
2022ko azaroaren 5a
00:00
Entzun
Turkiak 83 milioi biztanle ditu, eta erdiek 30 urte baino gutxiago dituzte. Herritar horiek AKP Justiziaren eta Garapenaren Aldeko Alderdiaren gobernupean eman dute beren bizitzaren parte handi bat, eta, hortaz, haiengan funtsezko eragina izan du alderdiaren fundatzaile eta kiderik ezagunenak, Recep Tayyip Erdoganek. Duela hogei urte, azaroak 3 zituela, AKPk hauteskundeak irabazi zituen lehen aldiz, eta Turkiako Parlamentuan sartu zen. Hilabete gutxi batzuk lehenago sortua zuten alderdia, eta gehiengo absolutuz irabazi zuen 2002ko bozetan; harrezkero, ez du behin ere galdu: hamabost aldiz jarraian irabazi du legebiltzarrerako hauteskundeetan, tokikoetan eta erreferendumetan.

Gaur egungo gobernuan, zaila da antzematen orain dela hogei urte lehen aldiz hauteskundeak irabazi zituen alderdi haren zantzurik. AKP etengabe aldatuz joan da, atzerri politikan egindako aldaketa handiak barne, eta kapaz izan da krisi guztietatik abantaila ateratzeko. Gobernuan izan zen lehen urteetan, sekulako arrakasta izan zuen, krisi ekonomiko larri batetik atera baitzuen Turkia, eta hango azpiegiturak nabarmen hobetu. Lana sortu zuen, eta kale eta auzo jakin batzuk biziberritu ere bai, beste gobernu batzuk ukitzen ere ausartu ez ziren kale eta auzoak, hain zuzen.

Erdogan, garai hartan lehen ministro zena, karismaz betetako buruzagi bat zen, herri xeheari mintzatzen zitzaiona eta Istanbulgo alkate izan ondoren ospe ona lortua zuena. AKPk, gainera, zenbait arau sozial laxatu zituen, eta, horren ondorioz, handitu egin ziren hala sekularismoa nola herritarren arteko berdintasuna. Eskua luzatu zien turkiar-armeniarrei, eta bakea lortzeko hitz egiten hasi zen kurduekin. Nazioartean, islamismo moderatuaren eredu zen alderdia garai hartan; Europako Batasunera sartzeko bidean jarri zuen Turkia, eta Zibilizazioen Aliantzaren proiektu gerora zapuztua babestu ere egin zuen.

Azken urteetan, ordea, desagertu egin da AKP hura. Alderdi autoritario bat da orain, eta presidentearengan pilatu du botere exekutibo guztia. Orain, bereizgarri du oposizioko alderdi eta taldeak etengabe estutzea. Segurtasun indarrek apenas onartzen duten kaleko protestarik: ez sindikatuenak, ez nazioarteko zenbait egunetan egiten direnak—hala nola emakumeen egunean—, ezta atentatuen biktimak gogoratzekoak ere. «Uste dut AKP alderdi eskuindar populista bat dela orain, joera autoritario gogorrekoa», azaldu du Istanbulgo Sabanci Unibertsitateko Zientzia Politikoetako irakasle batek, Berk Esenek. «Kulturaren arloan, diskurtso islamista bat daukate orain, tarteka Turkiako ideia nazionalista batzuekin nahasten dutena. Esparru ekonomikoan, berriz, nahiko alderdi liberala da», erantsi du.

Hazkunde geldiezina

Lehen legealdian, AKPk krisi bete-betean aurkitu zuen Turkia, baina, Nazioarteko Diru Funtsaren erreskate bat zela medio, berrabiarazi egin zuen ekonomia, pribatizazioen bidez, eta esportazioak sustatu zituen, Txinaren hazkunde datuen parekoak lortzeraino.

Hain zuzen ere, AKP gobernuan denetik, hazkundeak gora eta gora baino ez du egin: aurtengo bigarren hiruhilekoan, BPG barne produktu gordina %7,6 handitu da, nahiz eta inflazio krisi larri batean dagoen herrialdea. Hobekuntza ekonomikoak egitearekin batera, instituzioak malgutu zituzten, eta, lehen aldiz, unibertsitateetan eztabaidak antolatu ziren armeniarren genozidioaz, LGTB komunitateaz eta kurduen auziaz, besteak beste. AKPk, halaber, armadako kide batzuk aldatu zituen, ezkutuko boteretzat jotzen ziren horiek hain justu: errepublikaren fundatzaile Ataturkek ezarritako estatu laikotasunaren zaindariak, estatu kolpeak emateko joera zutenak.

2007an, berriz ere lortu zuten gehiengo absolutua, eta huraxe izan zen haien ospe onaren gailurra. Turkia NBE Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluko presidentea zen, eta bilera guztiz ezohiko bat antolatzea lortu zuen, Simon Peres Israelgo presidentearen eta Mahmud Abbas Palestinakoaren artean, bake prozesuaz hitz egiteko.

Erdoganek kurduengana hurbiltzeko plan bat iragarri zuen, eta Greziarekin zeukan harremana normalizatu, Zipreren inguruan zeukan jarrera aldatuta. AKPk erreferendum konstituzional bat egin zuen, bere legeak Europakoetara moldatzeko. Handik lau urtera, berriz ere alde izugarriz irabazi zituen hauteskundeak, eta orduantxe piztu ziren udaberri arabiarrak. Erdoganek babestu egin zituen aldaketa haiek, eta bira bat egin zuen Libian, Tunisian eta Egipton barrena, bere eredu politikoa erakusteko. «Ordu hartan, AKPk atzerri politika oso errebisionista zeukan. Nire ustez, ahalegina egin zuen Ekialde Hurbileko botere oreka aldatzeko, baina ez zuen lortu», esplikatu du Esen politologoak. Arabiar matxinadak itzali egin ziren azkenean, leku bakoitzean ezberdin itzali ere: auzoko herrialdean adibidez, Sirian, gerra piztu zen, eta Egipton, berriz, estatu kolpe militar batek eraitsi egin zuen Anaia Musulmanen gobernu ahula, hain justu Erdoganek babesten zuena.

Bira bat autoritarismorantz

Istanbulen, non Turkiako biztanleen %20 bizi baitira, 2013an protesta bat piztu zen hiriaren erdialdeko azken berdeguneetako bat kentzearen kontra: Geziko parkea kentzearen kontra. Manifestazio ekologista hura mugimendu jendetsu handi bat bihurtu zen, AKP hartzen ari zen errepresioranzko joeraren kontra egin zuena. Polizia gogor oldartu zitzaien protestariei, eta halaxe ito zuen mugimendua: ehunka lagun atxilotu zituzten, eta hogei bat hil, negar gasa arnastu izanak ekarritako arazoen ondorioz gehienak. Protesta haiek izan ziren garaian, gainera, gobernuko zenbait kideren audioak filtratu ziren, agerian utzi zituztenak AKP barruko ustezko ustelkeria kasu batzuk. Gobernuak Fethullah Gulen erlijiosoaren kofradiari egotzi zion errua: erakunde islamista bat da, epaileen artean eta Polizian kideak dauzkana, ordura arte AKPren aliatua zena.

2015ean, AKPk gehiengo absolutua galdu zuen lehen aldiz, HDP Herrien Alderdi Demokratikoa parlamentuan sartzeaz batera; kurduen aldeko indar ezkertiar bat da HDP, Geziko proposamenen legatua bildu eta politika feminista eta ekologista baten alde egin duena, baita turkiarren eta kurduen arteko berdintasunaren alde ere. Erdoganek, presidente karguan egonagatik, ezin izan zuen gobernua osatu; hortaz, hauteskundeak berriro antolatu, eta bozetako oztopo hura gainditzea lortu zuen orduan.

Hala, bertan behera geratu zen kurduen gerrillarekin bakea lortzeko prozesua; Erdoganek agindua eman zuen matxinada armatua zapaltzeko eta HDP erreprimitzeko, alderdi huraxe jo baitzuen erreboltaren adar politikotzat. 2016ko uztailean, Erdoganen kontrako estatu kolpe bat jotzen saiatu ziren, baina hutsean geratu zen, milaka herritarrek kalea hartu baitzuten, eta armadak eta segurtasun indarrek ez baitzuten bat egin altxamendu militar harekin. Kolpea jotzeko saialdi haren ondoren, Turkiak bi urte eta erdi eman zituen larrialdi egoeran; garai hartan, 300.000 lagun baino gehiago atxilotu zituzten, eta laurehun bat mila beren lanpostutik kendu, Fethullah Gulenen kofradiarekin zerikusia izatea egotzita. Izan ere, Ankarak Guleni leporatzen dio matxinada militarra antolatu izana.

Larrialdi egoera hartan, erreferendum bat egin zuen gobernuak, sistema parlamentario presidentzialista ezartzeko eta, hartara, presidentearen esku uzteko botere exekutibo osoa. AKP garaile atera zen, eta, harrezkeroztik, Erdoganek txitean-pitean hartzen ditu erabakiak dekretu presidentzialen bidez, goizetik gauera argitara emanik estatuaren aldizkari ofizialean: besteak beste, Istanbulgo Hitzarmenetik atera du Turkia —indarkeria matxistaren kontrako nazioarteko itun bat da—, Banku Zentraleko presidentea aldatu du, eta Santa Sofia basilikako museoa meskita bihurtu du. Bestalde, AKPk kontrol handia dauka epaileen gain. Hilero, bostehun pertsona inguru atxilotzen dituzte sare sozialetan presidentea ustez iraintzeagatik, eta erakunde humanitario batzuetako buruzagiak kartzelan sartu dituzte «terrorismoarekin» zerikusia dutelakoan edo ustez estatua eraisten saiatu direlakoan.

Erdoganek «terrorismoa» leporatu ohi die usu oposiziokoei, eta bere alderdiaren kontra dauden atzerriko indarrez baliatzen da. Seren Selvin Korkmaz politologoaren iritziz, presidenteak maiz esan ohi du atzerritik erasoka ari zaizkiola, boto emaileen arreta piztuta edukitzeko. «Erdoganek dio gauza bera dela gure ekonomiari eraso egitea eta gure errezoari eta banderari eraso egitea; esaten du Turkiako nazioa esklabo bihurtu nahi dutela. Horren helburua da irudipena ematea ezen gobernua borroka eternal batean dabilela, gaur egungo kezketatik harago; lotura estua dagoela gobernuaren eta herritarren kezken artean», kontatu du Korkmazek Turkiako oposizioari buruzko argitalpen akademiko batean.

Ekonomiaren egoera

Hilabeteotan, alderdiari pilatu eta pilatu ari zaizkio arazoak. Presidenteak Banku Zentralean esku sartu izanaren ondorioz, lira turkiarra amildu egin da, eta inflazioa, berriz, handitu: datu ofizialen arabera, %83 inguru da inflazioa oraintxe; ikerlan independenteen arabera, %170. Ekonomia da herritarren kezka nagusia, eta badu isla boto asmoari buruzko inkestetan. AKPk inoizko daturik txarrenak ditu oraintxe. Duela bost urte pasatxo, botoen %50 zituen aldeko; orain, berriz, %33 baino gutxiago, inkesten arabera.

Presidentetzarako eta parlamenturako bozetarako zortzi hilabete falta diren honetan, gobernua ahaleginean ari da ekonomia hondoratu ez dadin, eta bi aldiz ere handitu du gutxieneko soldata. Hainbat ekonomialarik diotenez, gobernuak hilabeteak daramatza Banku Zentraleko erreserben parte handi bat dolarretan saltzen, lira are gehiago eror ez dadin. Parlamentuan gehiengoa segurtatzeko, berriz, indarrean eutsi nahi dio ultranazionalisten MHP Mugimendu Nazionalistaren Alderdiarekin osatzen duen koalizioari, eta hauteskunde legea aldatu du, alderdiek nahikoa izan dezaten botoen %7 lortzea parlamentuan sartzeko. AKPk, ordea, zailagoa izango du presidentetzarako hauteskundeetan.

Lehen aldiz, oposizioko alderdi nagusiak, CHP Herriaren Alderdi Errepublikano sozialdemokratak, gaina hartuko dio Erdogani, inkesta batzuen arabera. «AKPk bere lehen legealdietan lortu zuen egonkortasun ekonomikoa dela-eta ematen diote askok botoa oraindik», azaldu du Esenek. «Boto emaile askok ez dakite zer gertatzen ari den oposiziokoekin, hedabide gehienak gobernuaren kontrolpean baitaude. Horregatik ere badu AKPk halako arrakasta: aukera berdintasunik ez dago».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.