Sanchezentzat, fiskaltza gobernuaren menpe dago Puigdemonten auzian

Espainiako fiskalen elkarte nagusiak gobernuko presidentea kritikatu du. Kataluniako alderdi subiranisten ustez, Espainiako Estatuan botere banaketarik ez dagoela geratu da agerian

Igor Susaeta.
2019ko azaroaren 7a
00:00
Entzun
Pedro Sanchez gobernuko presidenteak ahal duen bakoitzean ahoratzen du Espainia zuzenbide estatu bat dela, baita, horrenbestez, botere banaketa argia dela ere. Isabel Zelaa gobernuko bozeramaileari galdetu zioten iazko uztailean ea Moncloak eskatuko zion fiskaltzari Kataluniako buruzagi subiranista espetxeratuak askatzeko. «Ez dizkiogu aginduak ematen organo independente bati», erantzun zuen. Kataluniako gatazkarekin loturiko gertaerek erakusten dute kontrakoa egiten duela Espainiak, eta goratzen duen botere banaketa kolokan jartzen du bere adierazpenekin, atzo gertatu bezala.

Sanchezek joan den asteleheneko hauteskunde debatean nabarmendu nahi izan zuen Carles Puigdemont Kataluniako Generalitateko presidente erbesteratua Belgikatik Espainiara «bueltan ekartzeko» konpromisoa duela. Haren kontrako euroagindua emanda dago, eta abenduaren 16an du auzi saioa Bruselako lehen instantziako auzitegian. Asteleheneko eztabaidan mahaigaineratu zuena nola egingo duen galdetu zioten, atzo, RNE irrati publikoan. Itzulinguruka ibili zen Espainiako presidentea hasieran, eta kazetariak esan zion entrega eskatzea «estatuari, justiziari» dagokiola. Orduan, galdera erretorikoa Sanchezek: «Noren menpe dago fiskaltza?». Kazetariak: «Bai, bai. Gobernuaren menpe». Eta Sanchezek azken hitza: «Bada, hori».

Horren berri eduki eta gero, fiskalek belarrietatik tira egin zioten. Fiskalen Elkartea da nagusi Ministerio Publikoko 2.500 kideen artean, eta ohar batean argitu nahi izan zuen fiskaltza «independentea» dela, eta ez dituela «gobernuaren aginduak» betetzen.

Gobernuak izendatzen du fiskal nagusia, bai, baina ez organikoki eta ez funtzionalki ez dago gobernuaren menpe. Konstituzioaren arabera, fiskalek modu «erabat objektiboan eta independentean» jokatzen dute.

Carmen Calvo Espainiako presidenteordeak Sanchez defendatu zuen, eta gobernuaren esku hartzea ukatu zuen. «Konstituzioaren 124. artikuluaren arabera, nork izendatzen du fiskal nagusia?», galdetu zien kazetariei. 124.1 artikuluak esaten du fiskal nagusiaren «misioa» dela, besteak beste, «interes orokorra» eta «herritarrak» defendatzeko «justizia hauspotzea».

Kataluniako Generalitatearentzat, «oso larria» da Sanchezek adierazitakoa. «Botere banaketarik ez dagoela geratu da agerian», esan zuen Meritxell Budo bozeramaileak. Laura Borrasentzat (JxC), Espainiako presidentearen hitzek botere banaketaren «heriotza» egiaztatu dute.

Paluzie, ikerketapean

Societat Civil Catalana elkarte unionistaren eskaera ontzat hartuz, Bartzelonako Fiskaltza Elisenda Paluzie ANC Biltzar Nazional Katalaneko presidentea ikertzen hasi da, ustez Katalunian azken asteetan gertatutako istiluak defendatu dituelako.

Kolpea Espainiako Estatuari
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.