Johnsonek migrazio plana defendatu du Ruandan

Erresuma Batuko lehen ministroak kritikoei egotzi die «kondeszendentziazko jarrera» izatea. Agintariak Ruandaren aurrerapen sozialak goraipatu ditu

Johnson Commonwealtheko Gobernuburuen Biltzarrean. EUGENE UWIMANA / EFE.
Zuriñe Iglesias Sarasola.
2022ko ekainaren 24a
00:00
Entzun
Boris Johnson Erresuma Batuko lehen ministroak Ruandarako bidaia baliatu zuen atzo herrialde horrekin hitzartutako migrazio plana defendatzeko. Datozen egunetan Kigalin bilduko da Commonwealtheko Gobernuburuen Biltzarra, eta Johnsonek ez zuen aukera galdu migrazio planaren kontrakoei mezu bat helarazteko: Ruandarekiko «kondeszendentziazko jarrera» izan duten herrialdeei autokritika egiteko eskatu zien.

Erresuma Batuko lehen ministroak azpimarratu zuen garrantzitsua dela Ruandan egitea Commonwealtheko kideen goi bilera: batetik, migrazio planean erdietsitako akordioak zer eskaintzen duen ikusteko, eta gobernuek zer proposamen dituzten aztertzeko; eta, bestetik, beste herrialdeek Ruandarekiko dituzten «aurreiritziak» amaitzeko.

Johnson, Kigalira iritsitakoan, Paul Kagame Ruandako presidentearekin bildu zen. Bilkura horrek balio izan zuen bi herrialdeek iragan apirilean adostu zuten migrazio planarekin duten konpromisoa berresteko. Downing Streetek atera zuen ohar baten arabera, Erresuma Batuko lehen ministroak Ruanda «zoriondu» zuen azken hamarkadetan izandako aurrerapen ekonomiko eta sozialagatik. Horrez gain, Kagamek aferan duen «kezka» azpimarratu zuen Johnsonek. Izan ere, Ruandako presidentea errefuxiatua izan zen iraganean.

Asilo eskatzaileen planaren legezkotasunaren inguruan ere mintzatu zen lehen ministroa, eta argi du aurrera jarraituko duela, ez delako «legez kontrakoa». Hori aski ez, eta gaineratu zuen migrazio planak helburu duela Mantxako kanala gurutzatzen duten migratzaileen «abusuak» amaitzea.

Estrasburgoren abisua

Planaren legezkotasunaren inguruan, Giza Eskubideen Europako Auzitegiak hilabete hasieran eman zion lehen abisua Londresko gobernuari: auzitegiak atzera bota zuen azken orduan Ruandarako migratzaileen lehen hegaldia. Estrasburgoko auzitegiaren epaiaren ondotik, Erresuma Batuko Gobernuak ohartarazi zuen legeria berria ezarriko zuela Komunen Ganberan, auzitegiaren ebazpenari balioa kentzeko asmoz. Aldi berean, Londresek adierazi zuen beste hegaldi bat prestatzen ari dela.

Litekeena da lehen ministroak galdera gehiagori erantzun behar izatea datozen egunotan. Izan ere, iaz Erresuma Batuak dokumentu bat helarazi zion NBE Nazio Batuen Erakundeari, eta horretan Londresek kezkak adierazi zituen ea Ruandan errespetatzen ote ziren oinarrizko giza eskubideak. «Ruandan etengabe murrizten dira eskubide zibil eta politikoak, eta prentsa askatasuna ere mugatuta dago», dio dokumentuan. Horrez gain, Erresuma Batuak eskatu zion Ruandari «Commonwealthek babesten dituen balio demokratikoak, ordena publikoa, eta giza eskubideak errespetatzeko».

Asilo eskatzaileak Ruandara bidaltzeko Londresek eta Kigalik adosturiko planak kritika ugari jaso ditu. Besteak beste, gobernuz kanpoko erakundeena, Eliza anglikanoarena eta Erresuma Batuko oposizioko indarrena. Plan horren helburua da Mantxako kanala gurutzatzen duten migratzaile batzuk Ruandara bidaltzea, asiloa han eska dezaten Erresuma Batuan eskatu beharrean. Horren truke, Londresek 138 milioi euro baino gehiago emango dizkio Kigaliri, eta Erresuma Batuko Gobernuak finantzatuko ditu bidaiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.