KEINU ARRUNT HORI

Hamar etxebizitzatik batean zailtasunak dituzte energien fakturak ordaintzeko. Datorren urtera begira, diru laguntzak handitu dituzte erakundeek, baina adituek uste dute neurri gehiago behar direla. Energien prezioen igoerak pobrezia energetikoaren eztabaida berpiztu du.

Pertsona bat etxeko berogailu baten termostatoa pizten. BERRIA.
jokin sagarzazu
2021eko azaroaren 7a
00:00
Entzun
Hotzari aurre egiteko etxeetan nahikoa izaten da berogailua piztea, baina Hego Euskal Herrian 172.000 pertsona inguruk diote ezin dutela keinu arrunt hori egin horretarako beharra izaten duten bakoitzean. Bestela esanda, hamar etxebizitzatik batean zailtasunak dituzte energien fakturak ordaintzeko. Kopuru hori 2020koa da, baina nahiko egonkor mantendu da urteetan; 2019tik 2020ra, ordea, gorakada nabarmena gertatu zen: beste 25.000 familiak aitortu zuten arazo hori zutela. Aurten, argiaren eta gasaren prezioek izan duten neurrigabeko garestitzea dela eta, administrazio publikoek uste dute kopuru hori handitu daitekeela. Gainera, inflazioa orokortua da, beste kontsumo ondasunei ere eragiten die, eta soldata berarekin gastu horiei guztiei aurre egiteko estutasunak handitu egin dira gero eta familia gehiagotan.

Etxebizitza baten urteko batez besteko energia kontsumoa 1.200 eurokoa da Hego Euskal Herrian. Familia askorentzat eramangarria izan daiteke hilean 100 euro ordaintzea, baina ez denentzat. «Gaur egungo lan kontratuengatik, kideren bat langabezian geratu delako edo aurreikusia ez zuten gasturen bat izan dutelako, etxe ugaritan estu eta larri dabiltza ordainketa guztiak egiteko; eta hori gertatzen da, hein handi batean, egungo soldaten erdia baino gehiago alokairurako edo hipoteka ordaintzeko erabiltzen delako», adierazi du Txomin Ondarre Arabako Gurutze Gorriko Gizartekintzako buruak.

Haren ustez, etxebizitzaren prezioen eta soldaten arteko aldea da pobrezia energetikoa deiturikoaren jatorri nagusia. Adibide bat jarri du: azkenaldian beren bulegoetara emakume gehiago joan dira fakturak ordaintzeko laguntza eske, baina baita partekatutako etxebizitza batean bizi diren pertsonak ere, gazteak eta migranteak bereziki. Alegia, lan kontratu prekarioenak izaten dituztenak ari dira laguntza eske.

Erpin ugariko auzia

Energiaren prezioen igoerak berriz ere ekarri du pobrezia energetikoaren auzia lehen planora. Eta datozen urteetan, trantsizio energetikoa dela eta, maiz gertatuko dela uste du Macarena Larrea Deustuko Unibertsitateko Orkestra Institutuko ikerlariak. «Etorkizunera begira, pentsa liteke kontsumitzaile mota gehiagori eragingo diola pobrezia energetikoak. Egungoaren moduko prezio igoerek familia ahulenei ez ezik, enpresa sare osoari ere eragiten diote, eta horrek eragina du enpleguan eta soldatetan, eta, ondorioz, desberdintasun sozialen handitzean ere bai».

Adituen arabera, pobrezia energetikoa fenomeno konplexua da, eta ez die soilik gizartetik baztertzeko arriskuan dauden taldeei eragiten. Gaur egun gizarteko gero eta esparru gehiagotara zabaltzen ari dela ohartarazi dute. Dena den, oraindik zaila da zehaztea zenbatek duten egoera hori. Hala uste du Ondarrek ere: «Pertsona askori kostatzen zaie guregana edo udaletako gizarte zerbitzuetara jotzea, estigmatizazioagatik-edo, eta horrek zailtasun gehiago sortzen ditu kasuak identifikatzeko orduan».

Pobrezia energetikoa ez da fenomeno berria, baina gutxira arte politika publikoetatik ez zaio berariaz heldu. Europako Batasunaren lehen neurriak 2000ko hamarkadaren hasierakoak dira, eta Eusko Jaurlaritzak 2015ean sartu zuen aurrenekoz diru sail bat bere aurrekontuetan fakturak ordaintzeko zailtasunak zituzten familientzako. Izan ere, pobrezia energetikoaren definizioan ez dago adostasunik, eta aldatuz joan da urteen joan-etorriarekin. Etxea tenperatura egokian mantentzeko zailtasun ekonomikoak dituztenekin lotzen da gaur egun, edo hori da behintzat ikuspuntu zabalduena. Baina ez luke neurgailu bakarra izan behar, Larrearen iritzian.

Pobrezia energetikoa, oro har, pobreziarekin lotutako arazo gisa identifikatzen da, eta horrek zaildu egiten du, haren ustez, «neurri eraginkorragoak» hartzea. «Denbora luzez, pobrezia energetikoa ez da arazotzat hartu, garabidean diren eta beharrezko azpiegiturarik ez duten herrialdeekin lotu izan da; gurean, gehienez ere, pobreziarekin lotutako gai gisa identifikatu da». Berak, berriz, nahiago du «efizientzia energetikoarekin» lotu.

Larreak adierazi du familien edo norbanakoen diru sarrerak ez ezik, beste faktore batzuk ere kontuan hartu behar direla, hala nola etxebizitzen parkea, haren ustez «oso zaharkituta dagoena», eta mugikortasuna. «Laguntzak daude ibilgailuak erosteko, baina zer gertatzen da beren diru sarrerei hobeto egokitzen diren baina garraio sare publikotik bakartutako eremuetan bizi direnekin? Gutxi hitz egiten da pobrezia energetiko horri buruz». Larreak gogoratu duenez, Frantzian bereziki eztabaida handia dago horren inguruan, erregaien zergak handitu zituztenetik eta Jaka Horien mugimenduaren protestengatik.

Laguntzak eta informazioa

Gaur-gaurkoz, pobrezia energetikoaren tamaina neurtzeko gehien erabiltzen den parametroa gizarte laguntzena da. Hego Euskal Herrian bonu soziala da nagusia: 69.000 familia inguruk jasotzen dute. Bestea da udaletako oinarrizko zerbitzuek ematen dituzten gizarte larrialdietarako laguntzena. 2017tik, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan energia ordaintzeko diru funts jakin bat dago. Iaz, 16.180 familiak eskatu zuten, eta onuradun bakoitzak, batez beste, 355 euro jaso zituen urtean. Eusko Jaurlaritzak funts horietarako igoera iragarri du 2022ko aurrekontuetan. Guztira, 42,5 milioi emango ditu gizarte larrialdietarako laguntzetarako —%15 inguru izan ohi da energiarako—; aurreko urtean baino 4,5 milioi gehiago da hori eta 2015ean baino %46 gehiago.

Nafarroan, aurten hogei milioi euro bideratu dituzte udaletako oinarrizko gizarte zerbitzuetarako, baina, Eskubide Sozialen Sailak azaldu duenez, berak ezin du argitu kopuru horretatik udalek zenbat erabiliko duten larrialdiko laguntzetarako eta zenbat zehazki energiarako: «Udal bakoitzak zehazten du hori bere aurrekontuetan».

Gizarte larrialdietarako laguntzez gain, 2015. urteaz geroztik Eusko Jaurlaritzak diru sail bat du larrialdi laguntzak eta diru sarrerak bermatzeko errenta (DSBE) jasotzeko baldintzak betetzen ez dituztenentzako. Gurutze Gorriak kudeatzen du poltsa hori. Aurten, lehen seihilekoan, 1.059 familiak eskatu dute; 220 euro dira, batez beste. Aurtengo poltsa agortuta dago, eta Gasteizko gobernuak jada iragarri du hurrengo urterako diru saila handituko duela.

Ondarrek azaldu duenez, laguntzak egoera zaurgarrienean daudenentzat direla, baina bestelako soslai batzuk dituztenak ere gerturatzen dira Gurutze Gorrira. «Zorrekin etortzen dira gurera, eta hornidura etengo dieten beldurrez. Batzuk gurekin geratzen dira, eta besteak udaleko gizarte zerbitzuetara bideratzen ditugu».

Ordainketei aurre egiteko dirua emateaz gain, Gurutze Gorrian eta gizarte zerbitzuetan beste laguntza mota batzuk ere eskaintzen dituzte. Adibidez, konpainia elektrikoekin jartzen dira harremanetan kaltetuaren egoera ekonomikoaren berri emateko, ordainketan malgutasuna lortzeko eta errekarguaren zenbatekoa murrizteko, adibidez. Halaber, kontsumo ohitura batzuk neurtzeko eta aldatzeko tresnak eskaintzen dizkiete. «Gure helburua ez da soilik dirua ematea».

Larreak egoki ikusten ditu instituzioen laguntzak, baina nabarmendu du gehienak aldi baterakoak direla eta ez dutela «sakoneko arazoa» konpontzen. Haren iritzian, funtsezko bi gai daude jorratzeko erakundeen aldetik. Batetik, etxebizitzak zaharberritzeko politikak sustatzea, eta, bestetik, energiaren prezioen «koiunturazko igoerak mugatzeko neurriak» ezartzea. Ikerlariak gogoratu duenez, faktura elektrikoaren %50 bakarrik dago elektrizitate horniduraren benetako kostuarekin lotuta; gainerako %50a beste kargu eta kostu arautu batzuek osatzen dute. Larrearen ustez, Espainiako Gobernuak ezabatu egin beharko lituzke horiek, eta murriztu zergek fakturetan duten pisua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.