Txirrindularitza. Francis Lafarge. Euskadi-Muriaseko Kanpo Harremanetarako arduraduna

«Euskal txirrindularitzak idoloak behar ditu, baina baita morroiak ere»

Txirrindularitzaz hitz egiteko iritzi kualifikatua da Lafarge, eskarmentu itzela baitu. Ilusioz hartu du Euskadi-Murias eta Fundazioaren arteko bileren albistea. Ez du urrun ikusten Tourra Euskal Herrira itzultzea: «Lapurdiko herri batek eskatua du jada».

GUIILAUME FAUVEAU.
Imanol Magro Eizmendi.
<i>Larresoro</i>
2019ko apirilaren 11
00:00
Entzun
Larresoro (Lapurdi) guztiak agurtzen duen pertsona bat da. Eta Euskal Herriko Itzuliko barrunbeetan ere mundu guztiari ematen dio bostekoa. Harreman publikoak dira haren espezialitatea, eta nabaritzen zaio. Francis Lafarge (Miarritze, Lapurdi, 1955) 1983az geroztik dabil eliteko txirrindularitzan, eta, besteak beste, Frantziako Tourreko azken 37 ekitaldietan egon da. Urte bat falta zaio erretiroa hartzeko, baina ez da txirrindularitzatik urrunduko. «Lagun batek txirrindularitza museo txiki bat du Kanbon [Lapurdi], eta hantxe pasatuko ditut goizak». Bertan atera ditu elkarrizketarako argazkiak.

Zer egiten du zehazki Nazioarteko Harremanetarako arduradun batek? Telefono zenbaki asko izango dituzu agendan.

Kargu berezia da. Euskadi-Muriasen arduraduna naiz Euskal Herritik kanpo lehiatzen denean. Antolatzaileekin harremanetan egoten naiz, taldea ordezkatzen dut UCIn.... Karguak izen ponposoa du, baina beti egin izan dudana da, nik bizitza osoan talde baten harreman publikoak kudeatu baititut. Tourrean denetarik egin izan dut, denetarik eta ezer ez aldi berean. Eta bai, telefono zenbaki asko ditut. Baina ez naiz ChristianPrudhomme bezalakoa [Tourreko zuzendaria da]; hark politikarienak ditu, eta nik, antolatzaileenak. Harreman sare ona dut eskarmentuari esker.

Nola iritsi zinen Euskadi-Muriasera?

Jon Odriozola aurretik ezagutzen nuen, Banesto taldetik. Txirrindulari oso serioa eta langilea zen, eta lagunduko niola esan nion. Harekin konfiantza erabatekoa dut, eta bide hau hastean, duela lau urte, Kontinental Mailako taldea ginenean, nik deitu nien antolatzaileek berehala onartu gintuzten. Frantziako Kopa jokatu dugu, lasterketa oso biziak. Urte batetik bestera bilakaera handia izan dute txirrindulariek: hazi egin dira. Frantziako talde eta antolatzaileek oso iritzi ona dute gutaz. Route du Sud-en, esaterako, lehen egunetik hartu gintuzten, baina antolatzaileak mesedea eskatu zidan: «Francis, gonbidatuak eraman behar dituzu». Baietz esan nion. Lagunak dira, eta hori World Tour baino gehiago da. Eta horrela antolatzaile askorekin. Giza harremanak dira. Dena ez da dirua.

Zu Movistarretik irten zinen, eta talde oso ezberdin bat aurkitu zenuen.

Tira, ez pentsa, Euskadi-Muriasekin hasieran bizitakoa Reynoldsen bizi izan nuen. Beste garai bat zen, beste jende bat, baina, orain, egoera hobea da. Hura ez dut ahaztuko. Garai gogorrak ziren; arropa eskuz garbitzen genuen, eta hala moduzko hotelak ziren. Miguel Indurainen oinak ohetik kanpo gelditzen ziren beti. Baina guk ilusioa sobran genuen.

Eta, hartaz geroztik, urtero izan zara Tourrean.

Urtero. Hurrengoa nire 37.a izango da. Reynolds, Banesto, Illes Balears... Abarcaren azpiegituran beti, Movistar iritsi zen arte. Ez zidaten jarraitzeko aukera eman. Denetarik egin dut: harreman publikoak eramaten nituen, baina zuzendari ere izan nintzen. Julian Gorospek Tourreko etapa irabazi zuenean [1986an], nik gidatzen nuen autoa. Denetarik izan naiz, mekanikari eta masajista izan ezik. Hurrengo urtean Tissot erloju etxearekin izango naiz.

Miguel Indurainekin izandako harremanak egin zintuen ezagun. Haren itzultzailea baino gehiago izan zinen.

Eta Pedro Delgadorekin izandako harremanak ere ezagun egin ninduen. Oraindik harreman estua dugu. Ni Pedro eta Miguelen managerra izan nintzen askotan. Kriteriumetako kontratuak-eta nik idazten nituen. Harreman publikoen karguak guztia eta ezer ez esan nahi du aldi berean.

Odriozolak dio Euskadi-Muriasek aitortza handiagoa duela kanpoan etxean baino. Ados al zaude?

Gai zaila da. Nik nazioarteko harremanak ezagutzen ditut, eta Frantzian badu aitortza. Telebista esatarientzat ere ia-ia Frantziako beste talde bat gara. Igandero lasterketa bat jokatzen dugu Frantzian. Frantziarekin alderatuta, Euskal Herrian eta Espainian lasterketa gutxi daude.

Egutegiak arrazoia ematen dizu. ASOk gero eta gonbidapen gehiago ematen dizkio Euskadi-Muriasi. Aurten, Fleche Wallonne, eta Lieja-Bastogne-Liejan onartuak izateko zorian egon zineten.

Liejara gonbidatuta geunden, baina azken unean kanpoan geratu ginen. Nik ez nuen deitu gonbidatuak izateko; naturala izan zen. Iaz bigarren izan ginen Yorkshiren, eta aurten berriro goaz. ASOrentzat zail da talde guztiak gonbidatzea. Adibidez, aurten Tourrean Orbea-Vital Concept kanpoan utzi du bigarren aldiz, eta Arkea-Samsic gonbidatu du. Talde horretako burua Frantziako Defentsa ministroa da. Politikak badu eragina.

Sintoma onak dira, dena den.

ASOrekin asko hitz egin dugu, eta zuk zeure burua ondo sal dezakezu, baina ez dira inozoak: maila ematen ez baduzu, ez diezu ziria sartuko. Guk gauza on asko ditugu alde: euskal txirrindularitzaren iragana, etorkizuna, zaleak... Iaz, Tourra Ipar Euskal Herrian erabaki zen, eta zaleek errepidea bete zuten. Astebete lehenago, Alpeetan, dena haserrea zen, Froomeren aurka. Hemen, aldiz, jende bizia ikusi genuen. Tourra salbatu zuten, eta ASOk hori badaki, eta aintzat du. Pirinioak gatzik gabe daudela ere badaki. Arduratuta beharko luke. Jendea ere behar duzu; dena ez da dirua.

Ardura horrek Muriasen alde egin dezake?

Agian, bai. Objektiboki, nik ez dut ikusten euskal txirrindularirik gabeko txirrindularitza eredurik. Euskal talde bat badago, hobeto, baina euskal txirrindularirik gabe, bai ezetz. Euskal txirrindulari eta zaleak Tourreko antzezlanaren parte dira, eta, pertsonaia bat kentzen baduzu, tira, baina bi kentzen badituzu, ez da gauza bera. Eta, munduko beste bazter bateko talde batekin ordezkatzen baduzu, jendea ez da berdin joango. ASOk ikusten du Euskal Herria txirrindularitza iturburu bat dela.

Eta zuk? Nola ikusten duzu euskal txirrindularitza?

Arlo ekonomikoan, gaizki, eta beste arlo batzuetan, indartsu. Jendeak badu zaletasuna, eta afizionatu mailako lizentzia kopurua mantentzen ari da. Elitean egonkor dago, oraindik belaunaldi oso on bat dagoelako: Landa, Izagirre anaiak, Nieve... Baina ez da nahikoa. Zergatik? 20 urte inguruko gazte bat lehen pausoak ematen ari denean ia ez duelako aukerarik. Gazte horiei irteera emango dien kirol azpiegitura sendo bat behar du, hurrengo urteetan ere hor eutsiko diola ziurta dezakeena. Euskal txirrindularitzak idoloak behar ditu, baina baita morroiak ere.

Euskadi-Murias eta Euskadi Fundazioa bat egitea aztertzen ari dira. Hortik etor daiteke diozun irtenbide hori?

Benetako aukera bat da. Baikorrak izan behar dugu, eta pentsatu jende hori elkarrekin eseri bada gauzak hobera egiteko dela. Talde duin bat sortzea da helburua, oinarrizko txirrindularitzan eragina izango duena eta gure tokia ziurtatuko diguna mundu mailako zirkuituan.

Euskal txirrindularitzak behar duen bultzada hori izan daiteke?

Ez da horrelako zerbait egiten saiatzen diren lehen aldia. Iaz ere gonbita egin zitzaion Fundazioari. Orain urrunago iritsi da kontua, eta ikusi behar nola bukatzen den. Niretzat aukera bakarra da mundu guztia pozik uzteko. Bi taldeak ari dira komeriak pasatzen; hori ez da ezkutatu behar. Nik ez dut Fundazioa epaitu nahi, baina gustura ikusiko nuke Frantzian gehiago lehiatzen, Bretainian... Bertako talde onenekin, gazteak irten daitezen. Ezin da aukera hau pasatzen utzi. Gazteei zor diegu.

Bateratzeak bultzada ekonomikoa erraztu dezake?

Beharko luke, baina oraindik ez dakigu nola bukatuko den. Garen hori erakusteko aukera ona da hau. Ez da talde bat, Murias edo Fundazioa: Euskal Herriko txirrindularitza kultura osoa da. Gure DNA da eskaintzen dugun hori.

Muriasen borroka babesle bat lortzea izan da. Ipar Euskal Herritik edo Frantziarik etor daiteke?

Gaizki pasatzen ari naiz, politika asko ikusten baitut atzean. Nik nire iritzia emango dut, eta garbi utzi nahi dut ez naizela taldeko bozeramailea. Ikusten dudan aukera bakarretakoa da Caisse D'Epargnerekin gertatu zitzaigun antzeko zerbait gertatzea, baina ez kopuru horietan. Illes Balears babeslea joan zenean, lagun batek deitu ninduen, eta bost urte eta 49 milioi euroko babes bat eskaini zidan Caisse d'Epargne bankuaren izenean. Ez gabiltza irtenbide horretan pentsatzen, baina gertatu ohi dira horrelakoak. Gure taldean gerta daiteke? Txirrindulariak eta kirol azpiegitura ona dira, eta, norbaitek txirrindularitzan sartu nahiko balu, ez litzateke hutsetik hasiko. Diru hori Euskal Herritik ez badator, arrazoia edozein dela, agian kanpotik etorriko da. Taldeak Euskal Herrikoa izaten jarraituko luke, baina egoitza, agian, Baionan egongo litzateke.

EAEko lehendakariak eta Euskal Elkargoko buruak duela gutxi esan dute lanean ari direla Tourra Euskal Herrira itzul dadin. Zer dakizu horri buruz?

Ez dakit ezer. Hedabideetan ikusitakoa. Deituko nautela espero dut, baina, ez bada horrela, ez da ezer pasatuko. Argazkian agertu nahi dute denek.Politikarien ardura bakarra, askotan, argazkian agertzea da. Nik Tourra Hendaiara, Baionara, Kanbora eta Senperera etortzen lagundu nuen, eta, nire laguntza nahi badute, izango dute.

Gerta daitekeela uste duzu?

Auzi oso politikoa da. Gerta daiteke, nahi badute. Indar politikoak batu egin behar dira, baina, bakoitzak bere hiriaren edo probintziaren alde jotzen badu, ez goaz inora.

Hitz egin zen irteera Bilbon egiteaz, baina Tourra garestia da.

Antolakuntzarentzat Frantzia den horretatik kanpo, oso garesti da. Ipar Euskal Herrian askoz merkeagoa litzateke. Lapurdiko hiri batek jada eskatu du etapa baten irteera izatea, nire bitartez, Etxegarai eta Urkulluren agerpenaren aurretik. Ideia ona da, baina zenbakiak egin behar dira. ASOk baietz esango die, baina faktura jarriko du, eta, ez badute nahi, Italiara joango da, edo Danimarkara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.