Estepa sutan

Baionan jaioa, 1959an, eta Oragarren (Nafarroa Beherea) hazia. Hamar poema liburu eta beste horrenbeste nobelaren egilea da. Poesia arloan Bizitza nola badoan (1984) du lehena, eta Zure hatzaren ez galtzeko (2014) azkenekoa, oraingoz; nobelagintzan, Basilika (1984) kaleratu zuen aurrena, eta, oraingoz, Boga boga (2012) du azkena. Saiakerak, kronikak eta askotariko artikuluak ere argitaratu ditu.

Itxaro Borda
2015eko uztailaren 11
00:00
Entzun
Eguzkia sartzera zihoan. Lauhazka ozenak entzuten ziren eta lurraren azalaren aspaldiko ikara nabariak. Mehatxua egiaztatuko zela argi zegoen. Ortzaizaren marra hausten zuten, haize zirimolek harrotu hauts zutoinek. Soa sosegatuko zukeen mendi tontorrik ez zen, larre eta sasirik ere ez, are gutxiago arroilarik bidearen alde bietako norantzaren zehazteko. Arimaren mugak bertan zeuden, lanjeros eta erakargarri.

Sute baten arrastoak ketan ziren oraindik eta ikatzez beltzatu janari soberakinak metan. Itxindu gorriak txinparta ahulez zaparta zebiltzan besagainak ziztatuz eta errez. Tiroak aditzen ziren han-hemen, bake agiria izenpetua izan arren. Haro handiaz gertatu zen meniaren iragarpena eta hiriko palaziorik distiratsuenean bildu ziren hain luzaz elkarren etsai izan gerlariak.

Zelula transgenikoz osatu lau moskorekiko belea iratzartu zen, nahigabe. Nondik ari zen bada? Arbola bakar bat ez zen ageri lautada desolatuan. Azken hamarkadetan txoriek halaber ikasia zuten hutsean eta biluzian tapalakatzen: manatzen zitzaienean baizik ez zioten ekiten kantari. Gehienetan isilik egoten ziren zer gerta ere. Abere eta jende bitxiak ugaritu zitezkeen planeta urdinaren haranetan, beldurra eta ahultasuna biderkatuz.

Zartatze baten burrunba elkorrak bazterrak inarrosi zituen. Belearen lumak airatu ziren eta berehala erori berunezko biribilketa astunean. Oihartzunak ordoki idorra trabesatu zezakeen uhin telurikoak eraginez. Ximixta erraldoiak zeru zikina urratu eta kiskaili zuen. Erre usainak sudur orbainduak eraso zituen. Galtzearen gostu mikatza zintzilikatzen zitzaien aho-sabaietan, mihiak eta zintzur hodiak malgortuz.

Behakoa apaltzean, buztin lehorraren artetik, mugikor baten pantaila susmatu zen. Bateriarik gabeko tresnak ingurune horailak bezain hila zirudien. Eskuan hartu eta fazinaturik begira egon zitzaion baina behialako zartatzearen olatuak zorura bulkatu zuen. Hausnarrerako astirik ez zeukan. Alabaina. Errautsa irentsi zuen. Betazalak lehertu zitzaizkion, eztulez estofatu eta berea ez zen hizkuntza baten exilioko xendraren zaporeaz jabetu zen. Arrotza besterik ez zen. Gu guztiok bezala.

Zaldunak hor ziren. Hurbil-hurbilak. Aurpegiak otso larruz estaliak zituzten eta azote iltzedunak hegalda araztean, ekaitza ebakitzen zuten, debeku xerratan. Zakur alderraien zaunkek, zaldunen presentzia azpimarratzen zuketen. Hauek ere muturrak lardaskatuak zeuzkaten tratu txar anitzen lekukotasun odoltsua zekartela. Zauriak eta orbainak nahasten zitzaizkien bizkarrean eta saihets hezurretan. Ulu ilunak alha loriatzen ziren ustelduraren aintzira oparo horietan.

Buruzagia zalditik jaitsi zen, ezpata eta kate motzak gerrian klaskari. Estalkia baztertu zuen urrezko eraztunez hornitu ahur animalaz. Altzairuzko ninikek mundua neurtu zuten gorrotoz hanturik. Eskuak zabaldu zituen eta berehala apuñak hertsi, etsaiak zirtzikatuko zituela bere buruari hitz emanez. Bortitza zen, mendekua amesten zuen eta arerioak menperatuko zituen hondarreraino.

Sufritu zuten asko. Tribu kideak zuzengabe preso sartu zizkieten, familiak deseginak izan ziren bata bestearen ondotik eta nehor gehiago ez zen gerla zitalean zendu zirenez gogoratzen. Memoriak ezabatu ziren, jaidurak ezeztatu, koloreak eta gostuak birrindu. Herioaren zigilua dilindatu zen denetan, plaza irekietan, arku pe ilunetan eta dantza-toki keztatuetan.

Izaki zipotzik ez zegoen barkamena eskatzeko tenorean eta gatazka bukatu zen sasi-soldaduak unatu zirenean. Antzinako pistolero aho-bero zenbaitek hargatik sua atitxatzen jarraitzen zuten gazteak frentera igorri asmoz, beren nahikundea kontutan edukiz, noski. Aitatik semerako isuria segurtatua zen. Amatik alabarako zidorraren seinaleak doi-doia irakurtzen ahal ziren. Iragana dinamitatua zetzan, oraina ukatua eta etorkizuna iragarri ezina.

Lurrean zizare malatsa herrestan eta dantzari aurrera egiten saiatzen zen. Zaldunaren altzairuzko zapatak bizkarra lehertu zionean oinaze mutuz bildu zen borobilean. Irri karkara gordinak esteparen hedadura gatibatu zuen. Daldara itsuak sesitu zituen zangodunak oro. Hormatu. Ortzean ziztuan zihoan laino gris gotorretik harria bihikatu zen euria bailitzan.

Negarrek begirik ez zuten. Hitzek, sintaxia zer zen ez zekiten. Eromenean zihoazen aditzak, perpausak zoritxarrik salagarrienaz esperantzetan utziz. Lur azpiko tunelaren puntan arrano amildua zegoen, atzamarrak perlesiatuak. Kiratsa jasan gaitza zen. Hiroaren magalean kokatzea ez zitzaion desiratzen ahal auzorik herratsuenari ere.

Zaldunaren orroak lautada irauli zuen. Suge gorriak, inurriak, txitak, zazpi errapeekiko ardiak, guztiak mutanteak, ihesi joan ziren, gordagirik ez zutela erraz aurkituko jakin arren.

—Non hago?

Erantzunik ez. Isiltasun kartzelatuak estepa hormatu zuen. Glaziazioaren milagarren aldaera zitekeen. Seigarren masa suntsiketa. Hautsa, sute abandonatutik altxatu zen urrin karatsa zernaitzetan barreiatuz. Aspaldian desertatu ziren matrizaren eremu malguak. Adineko trauskilduak, eskaleak marmariak eta langileak eliminatu zituzten metodo zuzenak erabiliz, bankuen atarietako tematiak sangratu, odol freskoaren premia aldarrikatuz eta etxe-bizitza gorenetako pisuetan usoak hazten eta hezten ziren.

—Nola deitzen haiz?

Azotearen uhalak haragi minberak lardaskatu zituen. Ezpainak tinkatu ziren olio zatarrez malgutu behatzak bezain. Kopetak apaltzen ikusi eta bukaera oldartu zitzaien:

—Nola deitzen haiz?

—Izenik ez dut, estepan eratorrian dabilen arima erratua naiz. Zure aurretik zegoen guztiaren kontakizuna egin behar nizun baina, tormentaren zurrunbiloan, zure izpiritu ahanzkorrak nire erranak ezer ez bihurtu zituen. Ahalkez eta damuz apaindua datorkizu apokalipsia…

Akitua zen esteparen sabela.

Sutan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.