Sanjoanak Arbizun

Mila kolore eta mila kultura festan

Hirugarrenez eginen dute Arbizuko bestetan kulturarteko jaia. Aurten, musika eta dantza izanen dira protagonistak. Herria bestetan murgilduko da ortzirala arte

Musika da besten protagonistetako bat. Irudian, musikari batzuk kalea alaitzen. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Ainhoa Larretxea Agirre.
2019ko ekainaren 25a
00:00
Entzun
Festaren zurrunbiloan murgilduta dago egunotan Arbizu (Nafarroa). Musikak eta ekitaldiek bete dituzte karrikak igandetik, eta datorren ortzirala arte horrela izanen da. Horretarako, herriko kultur batzordeak ekitaldi andana antolatu ditu. Ekitaldi horien artean bada bat azken urteetan indarra hartu duena: kulturarteko festa. Ortziralean ospatuko dute bestaren hirugarren aldia, 12:30ean hasi eta 14:30 arte.

Hainbat lurraldetako kultura ezagutaraztea eta integrazioa bultzatzea da festaren helburua. Horretarako, zenbait kulturatako folklorea eta gastronomia eramango dituzte Arbizura; aurten, gainera, musika eta dantza ugariezagutarazteko ekintzak ere eginen dituzte. Nahia Urkia arbizuarra da kulturartekotasun festaren antolatzailea eta bultzatzailea festaren sorreratik: «Arbizun aniztasun handia dugu. Festetako egun baterako ekintza aproposa iruditu zitzaidan, kulturak elkarrengana hurbiltzeko». Lehenagotik Munduko Arrozak gisako egitasmoak ezagutzen zituen Urkiak, eta bertatik otu zitzaion Arbizun horrelako egun bat antolatzeko ideia.

Festaren sorreratik herritarrengandik jaso duen harrera ona azpimarratu du Urkiak: «Arbizun marokoarrak, senegaldarrak, ukrainarrak, hegoamerikarrak eta ijitoak daude. Lehenengo urtean etxez etxe joan nintzen parte hartzera bultzatzeko, eta harrera bikaina izan zuen». Urkiak nabarmendu du parte hartzaileez gain Arbizuko herritarrek besta hagitz ongi hartu zutela. «Lehen urtean jendeak ez zekien besta zergatik eta zertarako egiten den, baina harrena ona izan zen; bigarren edizioan parte hartzea handiagoa izan zen», esan du.

Lehenengo aldian, folklorea izan zen bestaren protagonista. Bigarrenean, folkloreaz gain, gastronomiari ere egin zioten lekua, eta aurten musika ere gehituko diote aitzineko guztiari. «Musikak eta dantzak herriak elkartzen ditu», nabarmendu du Urkiak. Horretarako, hainbat jatorri eta kulturatako musika eta dantza izanen dituzte Arbizun. Kulturartekotasuna lantzen du Irantzu dantza eskolak, eta emanaldi bat eginen du. Mila Kolore elkarteak ere bere alea jarriko dio festari; bertan, aniztasun funtzionala duten hainbat kulturatako gazteak biltzen dira.

Festaren mila aurpegiak

Bestak irauten duen bitartean, Marokoko gozoak dastatzeko aukera izanen da. Nora Dourzikek, Altsasun bizi den marokoar batek, hango postre tipikoak prestatuko ditu. Gainera, lehenengo aldiz, henna tailerra ere eginen du Olatzagutian bizi den saharar batek. Ekintza horiek haurrentzat eta helduentzat izanen dira. Kulturartekotasun festaz harago, ordea, bertze zer egin anitz dago egun hauetan Arbizun. Erretiratuen eguna da gaur, eta haientzat espresuki antolatutako ekintza batzuk izanen dituzte. Eguerdian, egunero bezala, auzatea izanen da, eta, ondotik, Puro Relajo mariatxi taldeak emanaldia egingo du. Bihar, aldiz, gazte eguna ospatuko dute: Arbizuko Gazte Asanbladak antolatu ditu gazte bazkaria, kalejira eta kontzertuak. Ortzirala bitartean, ordea, festak ez du etenik izanen. Asteazkenean, haurren eguna ospatuko dute; ortzegunean, kintoen eguna, eta, ortziralean ,bestak bukatzeko elkartasun eguna.

Bestan murgiltzeko aukera izanen du Arbizura bertaratzen denak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.