Egiaz eta begiaz

Fusilaturik isilgordeena, Garcia Sanz

1975eko irailak 27 beti. Frankismo garaiko azkeneko bost fusilatuak. Sanchez Bravo, Garcia Sanz, Baena, Txiki, Otaegi. Haien ondoan militante ez gutxi, heriotzara kondenatuak izanak, zigorra kommutatuak. Askoren artean, Manuel Blanco Chivite. Bizi-bizirik du egun haietako oroitza samina. Ilun beltzaren muturrerainoko bidaia. Azkena.

2015ean Faro de Vigo egunkariko eskela.
Miel Anjel Elustondo
Madril
2022ko irailaren 27a
00:00
Entzun
Manuel Blanco Chivitek behin halako idatzi zuenez, eta oraindaino oroitzen denez, gizonak bizarra urdintzen hasia zuen, aurpegiko azala olibakara, begitarte garratza, begirada iheskorra eta, denak hark, eskas omen zituen hitzak. «Ez dakit oraindik ere halaxe iraungo duen, bizirik ote den, baina halaxe ikusi nuen nik 2005eko urriaren egun batez, Madrileko erkidegoko herri batean. Bion lagun batek egin zuen bitartekaritza. Miguel Angel Jimenez zuen izena, eta espetxe funtzionarioa izan zen bederatzi urtez. 1975eko irailean, auzitegi militarrek eta Francoren gobernuak faxismoaren kontrako bost militante hiltzea erabaki zutenean, funtzionario zen Jimenez, eta heriotzara kondenaturiko batekin eman zuen gaua, edo gauaren parte bat, bederen: Ramon Garcia Sanzekin».

Ikusi gehiago:Omenaldia egin diote Katalunian Txikiri, Guardia Zibilak fusilatu zuen lekuan

Garaian, erran delako Jimenez Carabancheleko erizaindegian zen lanean. Huraxe zuen destinu. Goizeko txanda zuen, eta eguerdian amaitu, eta etxera joan zen. Arratsaldeko seiak aldera, deiadarka ari zitzaizkion.

Behinola funtzionario harekin izandako elkarrizketa berritu digu oraingo egunean Blanco Chivitek. Haren hitzetatik ari gaituzue.

Funtzionarioaren egia

—Telefonoa jo zuten... —esan zion Miguel Angel Jimenezek Blanco Chiviteri orduko hartan—, Guztiok deitu gintuzten, denok, Carabanchelera behar genuela, salbuespenik gabe. Iluntzeko zortziak, bederatziak aldera heldu nintzen ni espetxera. Ordurako, hantxe ziren gure hiru zerbitzuburuak: Andres Mejuto, Liron de Robles eta Carlos de Frutos. Nonbait, ni artean ez bainintzen han eta ez nuen neure begiz ikusi, Mejutok, zenbait funtzionariorekin batera, kondenatuak beheko prebentzio-zeldetatik atera, eta epaileak zeuden gelara eraman zituen. Han, hilko zituztela esan zieten. Gero, kondenatuen galeriara eraman zituzten hirurak... Baina badiotsut, ez nuen ikusi. Heldu nintzeneko, erran delako galerian zeuzkaten, hatz-marka eta araketa bulegoen azpian. Hamar bat funtzionario jaitsi ginen, eta hantxe, ondoz ondoko hiru gelatan ikusi nituen Xose Humberto Baena, Jose Luis Sanchez Bravo, eta Ramon Garcia Sanz.

—Sanchez Bravo ez zen bakarrik. Ondoan zituen Silvia Carretero emaztea —Yeseriaseko espetxetik Carabanchelera eramana—, eta Maria Victoria arreba. Laster zen bertan Baenaren abokatu Javier Baselga ere.

Bi gerra kontseilu izan ziren, biak ere Goloson [base militarra, Madril]. Baena, lehen gerra kontseiluan epaitu zuten. Garcia Sanz eta Sanchez Bravo, berriz, bigarrenean; honetan, gerra kontseiluko presidenteak abokatu guztiak kanporatu zituen, eta, legezko defendatzaileen ordez, zenbait militar izendatu zituen, tramitea betetze aldera, nonbait ere. Hargatik ez zuten Garcia Sanzek eta Sanchez Bravok abokatuen bisitarik jaso ahal izan espetxean.

—Zeldetara jaitsi eta Garcia Sanz hirugarren gelan zegoela ohartu nintzen, eta bakarrik, ataka estuan lagunduko zionik gabe —erran delako Jimenez funtzionarioa da Blanco Chiviteri ari—. Eta joan, eta zeldara sartu nintzaion. Ez genuen askorik hitz egin, Ramon [Garcia Sanz] etorri handikoa ez zen, eta niri, berriz, nekezia handian zetozkidan hitzak. Zer egin behar zieten galdetu zidan, nola hil behar zituzten, alegia, baina nik ez nekien, ez nengoen seguru, eta ez nintzen ezer esatera ausartu... Haatik, banekien ez zituztela garrotez hilko, gailua hantxe baitzegoen beti, zegokion lekuan, eta ez zuten prestatua ere. Pare bat ordu egingo nituen Ramonen ondoan, honetaz eta hartaz berriketan. Aragoarra zen, eta baita neu ere. Tarazonan sortua zela esan zidan, eta Zaragozako hospizio batean hazi zutela, anaiarekin batera. Ez zuen amarik ez aitarik ezagutu. Bilbon ere bizi izan omen zen, osaba-izeba batzuen etxean. Bilbon, inprimategi batean lan egin omen zuen.

—Hargatik sartu genuen PCE (m-l)-n propaganda aparatuan —Blanco Chivitek.

—...eta Bilbotik Madrilera egin zuen. Ez batean ez bestean zuen inor.

—Ondoko zeldan zeukan lagunik onena, Jose Luis Sanchez Bravo, Madrilen adiskide egina.

—Ez dakit... Ez naiz oroitzen... Urte asko dira... Eta trantze larria izan zen... Baenak zigarroak erre baizik ez zuela egiten oroitzen naiz, hala ere. Egunsentiarekin zeldetatik irtenarazi zituzten, goiko patiora. Goizeko seiak aldera, esango nuke. Patioan nahi beste jende pilatu ginen, funtzionario, polizia, furgoi... Kondenatuak eskaileretan gora, eta orduantxe heldu ziren, nonbait, noizbait, Baenaren senideak.

—Vigoko ertzetik etorri behar izan zuten —Blanco Chivite ari da—, errepidean eman zuten gaua, semea bizirik ikusteko ahaleginean, baina ez ziren sasoiz heldu. Diote ez zietela garaiz jakinarazi ere... Dakidanez, esana didatenez, Jose Luis Sanchez Bravok ama eta anaia ere ondoan zituen, eta gora igoarazi zutenean, ama hura bere onetik atera, eta garrasika ekin omen zion: polizia batek pistola jarri omen zion lokian! Beharrik, hantxe ziren zenbait kazetari eta abokatu, eta eutsi zioten polizia odol-gaiztoari.

—Ez naiz horretaz oroitzen, zalaparta galanta izan zela besterik —funtzionarioaren oroitzen amaia.

Abokatuaren begia

Carabancheleko gau hartan, eta hurren zegoela, Garcia Sanz izan zen hiru kondenatuetan bakartiena. Juan Jose Agirre Alonso eta Gerardo Viada izan zituen abokatu, eta gaua Garcia Sanzekin eman nahi izan bazuten ere, leherrak eta ahalak eginagatik ere, ez zieten utzi. Espetxeko zuzendariak bi abokatuei eragozpenik ez zuela esanagatik ere, Auzitegi Militarraren oharra zeukan sakelan: «Ohar hark auzipetuekin harremanetan sartzea galarazten zigun», Agirreren hitzetan.

Auzitegia espetxean bertan zegoenez, behin eta berriz ekin zioten zuzendariari, zirkunstantziak guztiz bereziak zirela argudiatuz, epailea iritziz aldatu nahirik. Zuzendariak ezetz, esana ziola epaileari, eta ukatua ziola. Abokatuek ez zuten Garcia Sanz ikusterik izan. «Garcia Sanzi nire partetik besarkada bero bat emateko eskatu nion zuzendariari, ez baitzegoen besterik. Patiora kanporatu gintuzten, eta, laster, baita handik ere. Kalera». Garcia Sanzen defendatzailearen oroitzak...

Agirrek garaian kontatu zuenez, «instrukzio-epailea Carabanchelera heldu zenetik, irailaren 16an, lau alditan ikusi nuen Garcia Sanz, eta beti komandante militarra ondoan nuela. Hilaren 17an El Goloson ikusi nuen, gainerako akusatuekin batera zegoela eta hogeitaka poliziak lagun egiten zigutela. Akusatuak bilurrez loturik beti. Haiekin bakarrean hitz egin nahi genuela esan genien poliziei, baina ezetz, 'arrisku handienekoak' zirela».

Garcia Sanzen bi abokatuetan, Gerardo Viadak kondenatuaren berri gehiago zuen, beharbada. «Eskulangilea zen, sarrailagilea, Zaragozako Pignatelli umezurtz-etxean hazi zuten, eta Zaragozan, Bartzelonan eta Madrilen lan egin zuen. Bateko eta besteko ostatuetan bizi izan zen beti. Azkena izan genuen konbertsazioan esan zidan bazekiela hura kito zela, baina ez zuela garrotez hil nahi, fusilaturik hiltzea eskatu zidan. Mutil lasaia zen, denen artean ere bareena azkeneko ordura arte. Tamalez, ez zuen seniderik ikusi ahal izan, kapilaua besterik, eta Sanchez Bravoren senideekin eman zuen gaua, haiekin batera kantari eta solasean».

Hoyo de Manzanares

Carabancheletik Matalagrajako (Hoyo de Manzanares, Espainia) tiro poligonora berrogei kilometro baino gehiago dira. Hiru kondenatuak furgoi banatan eraman zituzten, hainbat polizia-ibilgailuk eskoltaturik: hamalau land-rover eta zenbait polizia-autobus ziren eskolta.

Hoyo de Manzanaresera heldu orduko, bidea utzi eta segizioa pista batetik gora hasi zen, Espainiako Armadaren Tiro Eskolaren atzetik itzulinguru joanez.

Izugarria omen zen isiltasuna.

Goizeko bederatziak laurden gutxi.

Exekuzioa publikoa baita, omen, inoren familiari ez senideri utzi diote sarraskia ikusten, hilketaren lekuko izaten.

Exekuzioa publikoa baita, omen, zenbait kazetarik fusilatzeko tokira hurreratzeko baimena eskuratu dute, nortara edo hartara. Haatik, tokitik distantzia jakin batera geldiarazi dituzte, Palancar izeneko sakanean, eta ez dute beren begiz ikusterik hiru kondenatuak fusilatuko dituzten lekua. Deskarga adituko dute, ez besterik.

Bederatziak eta hamarrean exekutatu zuten Ramon Garcia Sanz. Hamabi poliziak osatu ei zuten fusilamendu pelotoia, sarjentua eta tenientea barne.

Medikuak Garcia Sanzen heriotza egiaztatu, abadeak hari azken igurtzia eman, eta bigarren fusilamendua. Jose Luis Sanchez Bravo.

Ordu erdia baino gehiago igaro zen hirugarrena fusilatu baino lehen. Xose Humberto Baena ez baitzuten Garcia Sanz eta Sanchez Bravo hiltzeraino tirokatu zituzten poliziek akabatu, guardia zibilez osatutako pelotoiak baizik.

Beste zenbait iturriren arabera, guardia zibilek ez baina polizia armatuek hil zuen Baena, bera ere polizia armatu bat hiltzeaz akusatu baitzuten. Garcia Sanzi eta Sanchez Bravori dagokienez, aldiz, guardia zibil bat asasinatzeaz akusatu baitzituzten, guardia zibilek osatu zuten pelotoia. Kasu batean zein bestean, boluntario jardun zuten batzuek eta besteek, erran nahi baita, bi pelotoi hiltzaileetako kideek.

Hamarrak eta laurden zireneko, hiru heriotza zigorrak gauzatuak zituzten.

Hamar eta erdietan gorpuen kargu egiteko hitzordua agindua zuten senideek.

Javier Baselga abokatuak Baenaren gorpua ezagutu zuen.

Sanchez Bravorena, zinkezko kutxan fardel baldarraren pare sartu eta Murtziara eraman zuten, berak hala eskaturik, eta arreba Maria Victoriaren gogoa ere betez.

Garcia Sanzen hilotza ezagutuko zuen seniderik ez zen. Haren familiakorik inor ez. Tarazonako osaba baten aipu egin zuten batzuek. Zaragozako ospitalean zegoen anaiaren kontu, beste batzuek. Azkenaz beste, abokatuek ikuskapena egiten uzteko eskatu zuten. Ukatu egin zieten. Hoyo de Manzanareseko hilerrian ehortzi zuten, Baenarekin batera; honen aita eta anaia bat Vigotik Madrilera etorriagatik ere, ez zuten gorpua berekin eramateko baimena garaiz eskuratu. Geroko baten eraman zuten Vigora.

Garcia Sanzen gorpuzkiak Hoyo de Manzanaresen izan ziren, harik eta 1977ko amnistia legearekin, haren burkideak espetxetik irten eta Garcia Sanz gisa onean ehortzi zuten arte.

Oraingo egunean, Madrileko hilerri zibilean datza Ramon Garcia Sanz. Bakartia. Azkeneko orenak gizon-emakumea kolpatzen duenean, hobira igortzen duenak jotzean, ondoan seniderik izan ez zuena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.