Aldaketa dator hezkuntzara

Ipar Euskal Herriko ikasleak itzuli dira geletara. Curriculum berriak izango dituzte Hegoaldeko zenbait ikaslek. Eusko Jaurlaritzak hezkuntza lege berria onartzea izango da 2022-2023ko ikasturteko erronka nagusietako bat

Ikasle batzuk ikasgelan, atzo, Baionako Oihana ikastolan. GUILLAUME FAUVEAU.
Irati Urdalleta Lete.
2022ko irailaren 2a
00:00
Entzun
Horrela zioen BERRIAk duela bi urte, konfinamendurik hertsienaren ostean ikasleak ikastetxeetara itzuli zirenean: «Eskolaratzea, zalantzaz betea». Hala duela urtebete: «Pandemia garaiko bigarren eskola sartzea, iazko neurri bertsuekin». Bestelakoa da titularra aurtengo ikasturte hasieran: Euskal Herrian ez dute COVID-19aren aurkako neurririk izango ikasgeletan. Atzo izan zuten eskola sartzea Ipar Euskal Herriko ikasleek, eta datorren astetik aurrera itzuliko dira Hego Euskal Herrikoak.

Baina COVID-19aren aurkako neurriak bertan behera uztea ez da izango 2022-2023ko ikasturtearen berritasun bakarra: curriculum berriek, Eusko Jaurlaritzaren hezkuntza legeak nahiz azterketak euskaraz pasatzearen aldeko borrokak emango dute zeresana, besteak beste.

LEGEDIA

2022-2023ko ikasturteko erronka eta zeregin nagusietako bat izango da Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hezkuntza lege berria onartzea. Eusko Legebiltzarreko lau alderdi nagusiek —EAJk, EH Bilduk, PSE-EEk eta Elkarrekin Podemos-IUk— martxoaren 18an izenpetu zuten legearen oinarriak ezarriko dituen ituna. Ikusteko dago bertan jasotakoa nola eramango duten testu artikulatu batera.

Data zehatzik ez dago oraingoz, baina ibilbidea zehaztuta dago: Eusko Jaurlaritzak gobernu kontseiluan onartu beharko du aurreproiektua, eta Eusko Legebiltzarrera igaroko da handik, eragileek nahiz alderdi politikoek ekarpenak eta zuzenketak egin diezazkioten, eta ados jarriz gero, onartu dezaten. Bukaeran, Eusko Jaurlaritzaren esku egongo da legea onartzea. Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkulluk asteon eman du lehen data: «Irailean bertan lege asmoaren lehen proposamena onartuko dugu». Hezkuntza sailburu Jokin Bildarratzek esana du udaberrian onartu nahi dutela legea behin betiko.

Baina zenbait hezkuntza eragile —hezkuntza publikoan aritzen direnak, batez ere— ez dira ados agertu itunarekin, eta protestak ere egin zituzten igaro den ikasturtean. Ikusi beharko da auziak zein traza hartzen duen, baina eragile batzuek esana dute ez dutela baztertzen berriz ere mobilizazioen bidea hartzea.

Ez da araudi aldaketa bakarra izango: jada jendaurrean dago unibertsitatez kanpoko ikastetxeen sarea antolatzeko eta planifikatzeko irizpideak ezartzen dituen dekretu proiektua. Horren arabera, segregazioari aurre egiteko asmoz, ikasle zaurgarriak modu orekatuan jaso beharko dituzte ikastetxe guztiek. Gainera, Jaurlaritzak zentro publikoetako zuzendaritzen araudia ere aldatu nahi du urtea bukatzerako.

Hain zuzen, segregazioa da egun hezkuntza sistemak duen arazorik latzenetako bat. Horri erremedioa ipintzeko asmoz, beste erronka bat ere badu Eusko Jaurlaritzak: 2023an eskola segregazioaren aurkako akordioa erdiestea.

EUSKARAZKO MURGILTZEA

Euskarak hezkuntzan duen presentziak zeresana eman du azkenaldian Ipar Euskal Herrian. Azken urteetan bezala, iazko ikasturtean ere brebeta eta baxoa euskaraz pasatzeko eskubidearen defentsan kaleak hartu zituzten Seaskako ikasleek, familiek eta langileek. Parisek debekatu bazien ere, euskaraz egin zituzten azterketak. Ildo horretatik borrokan jarraitzeko asmoa erakutsi du Seaskak. Murgiltzeari dagokionez, berriz, hizkuntza gutxituei buruz «mintzatzeko prest» agertu zen Pap Ndiaye Frantziako Hezkuntza ministro berria. Peio Jorajuria Seaskako lehendakariak jakinarazi duenez, EEP Euskararen Erakunde Publikoa eta parlamentariak ministroaren kabinetearekin bilduko dira, hilaren 14an.

Mugak muga eta debekuak debeku, gero eta ikasle gehiagok ikasiko dute euskaraz Iparraldean: euskara gehiago izango dute Irisarriko (Nafarroa Behera), Barkoxeko eta Larraineko (Zuberoa) eskola publikoetan. Hala, euskara hutsean arituko dira hiru ama eskoletako ikasgela barnean, eta, Irisarrin, lehen mailan euskaraz eskola gehiago jasoko dituzte. Gainera, Seaskak ehun ikasle gehiago izango ditu.

Eta euskarazko hezkuntza zabaltzen jarraitze aldera, Seaskak bosgarren kolegioa eraikiko du aurtengo ikasturtean, Senperen. 2023-2024ko ikasturterako prest eduki nahi dute. Horretaz gain, Irunberrin (Nafarroa) D ereduko institutu bat eraikitzeko ahotsa ozentzen ari dira zenbait familia, egun Pirinio, Zangoza eta Irunberri inguruko 16 urteko ikasleek Iruñera joan behar izaten baitute Batxilergoa euskaraz egitera.

BALIABIDEAK

Eusko Jaurlaritzak eta Steilas, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek maiatzean sinatu zuten akordio baten ondorioz, baliabide gehiago jasoko dituzte eskola publikoek. Esaterako, langile gehiago jarriko dituzte berrikuntzarako, baita hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleentzat eta hizkuntza edo pedagogia proiektuetarako ere. Ratioak jaistea ere adostu zuten, baina hurrengo ikasturtetik aurrera murriztuko dira.

Itunpeko ikastetxeei dagokienez, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan talde bat ituntzeko gutxieneko ikasle kopurua murriztu egin dute: Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzan hamazazpi ikasle behar ziren orain arte, eta hamahiru aski izango dira orain.

LOMLOE

Espainiako Gobernuren LOMLOE hezkuntza legera egokitzen diren curriculumak indarrean sartuko dira Hego Euskal Herriko ikastetxeetan, maila bakoitietan. Madrilek curriculumaren erdia zehaztu du gehienez, eta Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak beste erdia. Iruñeak dagoeneko onartu ditu etapa guztietarako curriculumak; Eusko Jaurlaritzak, aldiz, oraindik ez ditu behin betikoak, baina eskolek jaso dituzte behin-behinekoak; Hezkuntza Sailak iragarri duenez, ez dute aldaketa handirik egingo. Curriculum berriekin eduki teorikoetan bainoago, konpetentzietan zentratu nahi dute.

Gainera, zenbait ikasgai sortu dituzte, eta Batxilergoan ere izango dira berrikuntzak. Lau mota eskainiko dituzte: zientziak eta teknologia; giza eta gizarte zientziak; artea musikaren eta arte eszenikoen adarrarekin; artea arte plastikoen adarrarekin; eta orokorra —arlo zientifikoko eta letretako gaiak uztartuta—. Azken batxilergo hori berria da, baita arteen batxilergoak bi adar izatea ere.

LAN GATAZKAK

Nafarroako haur eskoletan lan gatazka izan zuten joan den ikasturtean. 60 egunean greban egon ostean, ekainaren amaieran utzi zuten bertan behera. Carlos Gimeno Nafarroako Gobernuko Hezkuntza kontseilariak joan den astean onartu zuen hezitzaileei soldata %12 igotzea, baina Nafarroako 0-3 plataformari neurriak ez zaizkio aski iruditu, eta ez dute baztertu grebara jotzea.

UNIBERTSITATEAK

Ikasturte honetan unibertsitate bat jarriko da martxan Euskal Herrian: Euneiz unibertsitate pribatua, Gasteizen. Gaur-gaurkoz, lau gradu eskainiko ditu: Multimediako gradua, Entretenimenduaren Industriarako Musika Ekoizpen eta Soinu gradua, Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako gradua eta Fisioterapiako gradua.

Gainerakoan, unibertsitateek eskaintza zabaltzen jarraituko dute. EHU Euskal Herriko Unibertsitateak 105 titulu eskainiko ditu, orain arte baino bi gehiago. Bi gradu bikoitz lehenengoz eskainiko ditu: Ingeniaritza Zibila eta Arkitektura Teknikoa, eta Ingeniaritza Mekanikoa eta Industria Elektronikaren eta Automatikaren Ingeniaritza. Ez da nobedade bakarra izango EHUn: lehen matrikulen tasak %4,7 merkeagoak izango dira. NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoak ere gradu bikoitz bat gehiago eskainiko du: Datuen Zientzia eta Bioteknologia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.