Albistea entzun

Jaurlaritzak baztertu egin du ustelkeriaren aurkako bulego bat sortzea

EH Bilduren ustez, ez da gobernuaren lehentasuna «ustelkeriaren aurka egitea». Jaurlaritzak uste du badela «egitura zabala» delitu horren aurka
Alfredo de Miguel Arabako EAJko kide ohia epaitegira sartzen; hamabi urteko kartzela zigorra jarri diote.
Alfredo de Miguel Arabako EAJko kide ohia epaitegira sartzen; hamabi urteko kartzela zigorra jarri diote. A.R. DE HIERRO / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Xabier Martin -

2023ko otsailak 8

Ezusterik ez da izan EH Bilduk ustelkeriaren aurkako bulego bat sortzeko egindako proposamena dela eta. Eusko Jaurlaritzak ezetz esan dio organo hori sortzeko lege proposamenari, aintzat hartzearen aurkako irizpidea adierazita. Gobernuak uste du administrazio publikoetan badagoela «egitura juridiko eta instituzional zabala» ustelkeriaren aurka, «gardentasunaren eta prebentzioaren aldeko borroka sustatzen dituena».

Ustelkeriaz hitz egin beharrak deserosotasun handia sortu dio azken asteetan EAJri, baina De Miguel auziak horretara behartu du Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakaria bera, eta lehendakariak onartu du bere alderdia ez dagoela «libre» ustelkeria auzietatik. Alabaina, gauza bat da begien bistakoa dena onartzea, eta beste gauza bat da hauteskundeen atarian ustelkeriaren gaiari bozgorailuak jartzea.

Gauzak horrela, EH Bilduk hiru aldiz proposatu du jadanik Eusko Legebiltzarrean ustelkeriaren aurkako bulego bat sortzea legez, Nafarroako Parlamentuak iaz egin zuen bezala. «Urkulluren gobernuaren ezezkoak agerian utzi du berriro ustelkeriaren aurka egitea ez dagoela haren lehentasunen artean; De Miguel auziak, adibidez, argi erakutsi du arlo horretan nabarmena dela baliabideen falta», esan du koalizio abertzaleak, exekutiboaren ezetza jaso eta gero.

Bestelako iritzi bat dauka gobernuak. Bulego hori sortzeko beharrik ez dago, Jaurlaritzaren arabera: «Gaur egun Euskal Autonomia Erkidegoan badago egitura juridiko eta instituzional bat indarrean eta aktibo, osotasuna sustatzeko, gardentasuna bultzatzeko, eta euskal administrazio publikoetan ustelkeriari aurrea hartu eta aurre egiteko». Exekutiboak gogoratu du, gainera, «Legebiltzarreko talde berak ia ekinbide bera» aurkeztu zuela 2020ko irailaren 15ean, «eta orduan ere atzera» bota zela.

«Herri duin» baten eskaera

EH Bilduko legebiltzarkide Josu Estarronarentzat, ordea, «baliabide falta» dago ustelkeriari aurre egiteko. «Arlo horretan lan egiten duten instituzioek behin eta berriz salatzen dute ez dagoela mekanismo nahikorik praktika ustelak antzeman eta ikertzeko», esplikatu du. «Herri duin batean» bizitzeko «mekanismoak» behar direla dio, praktika okerrak galaraz daitezen.

Finean, «De Miguel gehiago» egongo ez direla «bermatzeko» proposamena egin du koalizio subiranistak. Estarronak gogoratu du alderdi guztiek egin dituztela adierazpenak ustelkeriaren aurka EAJri bete-betean eragin dion auziaren epaiaren harira, «baita EAJk eta PSEk ere», «baina hitzetatik ekintzetara» pasatzeko neurri zehatzak proposatzen direnean «argi» geratzen dela EAJk eta PSEk ez dutela «benetako konpromisoak hartzeko inolako borondaterik». EH Bilduko eledunaren ustez, praktika okerrak desagerrarazteko planteatzen den «edozein ekinbide blokeatzen dute ia sistematikoki» EAJk eta PSE-EEk.

Jaurlaritzak, berriz, erantzun du EAEko administrazio publiko guztiek dituztela «ekonomia eta aurrekontuak fiskalizatzeko eta kontrolatzeko barne tresnak». Administrazio Orokorrak Kontrol Ekonomikoko Bulegoa duela gogoratu du, eta Toki Administrazioak, «gaikuntza nazionala duten funtzionarioak». Ustelkeriaren aurkako egituran sartu du, halaber, Herri Kontuen Euskal Epaitegia, eta, «hala badagokio», Estatuko Kontuen Auzitegia.

Arartekoa eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa ere zerrenda berean sartu ditu, eta Langileen Erregistro Zerbitzua ere bai. Gogoratu du sektore publikoko «kargu publikodunen Etika eta Jokabide Kodea» ustelkeriari aurre egiteko egitura horretan dagoela, Etika Publikorako Batzordea bezala. Azkenik, «EAEko zigor arloko jurisdikzioa osatzen duten organo judizialak eta Euskadiko Fiskaltza» lotu ditu ustelkeriaren aurkako baliabideekin.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Armendariz, Zaballatik atera berri. ©Etxerat

Aske geratu da Iñaki Armendariz euskal presoa

Berria

25 urteko zigorra osorik beteta atera da Zaballako kartzelatik.

Foro Sozialak Donostian egindako azken jardunaldiaren aurreko argazki ekitaldia, atzo. ©GORKA RUBIO / FOKU

Presoen gizarteratzea «galaraziko ez duen lobbya»

Xabier Martin

Aitzol Aslak dio Auzitegi Nazionalak «moteldu» egin duela presoen prozesua. Txemi Perezen ustez, gizartea «beheko kanpalekuan» da jada

Sebas Gurtubai Darocako (Espainia) espetxetik irten berritan ©Etxerat

Sebas Gurtubai eta Zigor Blanco aske geratu dira, hogei urteko espetxealdia beteta

Berria

Zigorraren hiru laurdenak aspaldi beteta zituzten bi presoek, baina osorik bete dute espetxe zigorra. Darocako (Espainia) espetxetik atera da Gurtubai, eta Basaurikotik (Bizkaia) Blanco.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.