India alerta egoeran jarri du guru baten aurkako epaiketaren sententziak

Liskarretan, 32 hildako eta 250 zauritu izan dira; 2.500 jarraitzaile atxilotuta daude. 2002an bi neska bortxatu izana leporatu dio Justiziak

Jarraitzaileek istiluak eragin dituzte epaia jakin bezain laister. STR / EFE.
2017ko abuztuaren 26a
00:00
Entzun
32 hildako izan dira Indiako iparraldean guru baten jarraitzaileen eta Poliziaren arteko liskarretan. Hildakoaz gain, 250 zauritu daude, eta, Poliziak jakinarazi duenez, atxilotuak 2.500etik gora dira. Indiako Justiziak Gurmeet Ram Rahim Singh gurua bi bortxaketa kasurengatik erruduntzat jo ostean hasi dira istiluak. Sententzia jakindakoan, guruaren jarraitzaileak kalera atera dira. Poliziak negar gasa eta ur kanoiak erabili ditu jarraitzaileen aurka. Sententziaren aurretik ere, milaka jarraitzailek gurua babestu dute, Sirsa hiritik epaitegia dagoen Panchkula hirira ibilbidea eginez. Agintariek aurreikusia zuten liskarrak egongo zirela, eta hainbat neurri hartu dituzte protestak eragozteko: etxeratzeko agindua ezarri zuten atzo Sirsa hirian, eta 15.000 polizia bidali zituen prebentzio moduan. Interneterako konexioa ere moztu zuten Sirsa eta Panchkula herrien artean, baita trenen sarea eten ere.

Guruaren aurkako epaiketak 2002an du jatorria:bere jarraitzaile batek Atal Bihari Vajpayee orduko Indiako lehen ministroari gutun bat idatzi zion, Rahim Singh guruak bortxatu egin zuela salatuz. Gutunaren egileaz gain, ustez, beste hainbat emakumeri ere eraso egin ziela zioen eskutitzak. Kasua ikusita, CBI Indiako Ikerketarako Idazmahaiak Rahim Singhen aurkako salaketa jarri zuen, baina, 2008 arte, ez zen epaiketarik izan, testigantzarik ez zegoelako. Azkenean, bortxaketaz hitz egiteko prets zeudela esan zuten bere bi jarraitzailek.

Liskarrei dagokionez, B.S. Sandhu Haryanako Polizia buruak adierazi du egoera «kontrolpean» dagoela, eta jarraitzaile gehienak Panchkulatik bidali dituztela: «Atxilotu asko daude, milatik gora». Bestalde, Chandigarh hiriko ospitalea gainezka dago :«Ezinezkoa da zauritu guztiak zenbatzea; ahalik eta zerbitzu onena ematen ari gara», esan du erietxeko bozeramaileak.

Espiritualetik haratago

Hinduismoaren arabera, guruak maisu espiritualak dira. Espiritualismotik harago, Indiako egungo guruek ospe handia dute, eta diru asko mugitzen da haien inguruan.

Gurmeet Ram Rahim Singh gurua Dera Sacha Sauda sektako burua da. Meditazioaren bidez, bereizketa gabeko mundu batean sinesten dute. Aldi berean, masen espiritualtasuna iratzartzen laguntzea dute helburu nagusia. Taldearen webgunearen arabera, Indian gertatzen diren fetizidio femeninoen aurka, eta langile sexualen aldeko erreformen alde egiten dute.

Sektako burua izateaz gain, Rahim Singh abeslari, aktore eta film ekoizlea ere bada: bi film zuzendu ditu, eta berak eskainitako rock kontzertuak ere ohikoak dira Indian — 2014an hiru milioi disko saldu zituen hiru egunetan. «Jainkoaren mezulari» deritzo bere buruari, eta 50 milioi jarraitzaile dituela azpimarratu du behin baino gehiagotan. Sirsa hirian publizitate kanpaina ugariren irudia da, eta «botere sendagarriak» dituela diote herritarrek.

Ez da lehen aldia Rahim Singhi delitu kasuak egozten dizkiotela: azken hilabeteetan, 400 gizon zikiratzearen errudun egin dute, «jainkoarengana hurbiltzeko asmoz». Gainera, bere aurkako beste epaiketa baten zain dagon, ustez bere sektako jarraitzaile bat hiltzeagatik.

Dera Sacha Sauda, guruaren sekta, Sihka erlijiotik baztertu zuten «fedearen izen ona zikindu eta iraintzeagatik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.