Mehatxupean dagoen babeslekua

Turkiak Siriako Kurdistanen aurkako mehatxuak gogortu ditu, baina ez da Maxmurrez ahaztu, iparraldeko kurduek Irakeko aldean duten errefuxiatu eremuaz. Gizartea antolatzeko eredu propio bat ezarria dute han.

Mehatxupean dagoen babeslekua.
Maxmur
2018ko abenduaren 26a
00:00
Entzun
Eguberrien aurretik, Turkiako hegazkinek aire eraso bat egin zuten Maxmurren, Irakeko Kurdistanen, eta lau zibil hil zituzten. Azken egunotan, Ankarak gogortu egin ditu Rojavaren (Siriako Kurdistanen) aurkako mehatxuak, baina aire eraso hori adierazle bat izan da oroitarazteko Hego Kurdistanen babestuta dauden iparraldeko kurduak eta haien ondorengoak ez daudela Turkiaren atzaparretatik guztiz salbu. Iheslarien Maxmurko eremua Turkiaren eta Iraken arteko mugatik 300 kilometrora baino gehiagora dago. Laborategi bat da neurri batean, Abdulla Ocalan espetxeratutako buruzagi kurduak proposatutako Autonomia Demokratikoaren laborategi oso berezia. Ipar Kurdistandik ihes egindako 13.000 lagunek baino gehiagok beren burua antolatu dute eremu horretan, buruzagi kurdu karismadunak egindako proposamen politikoetan, sozialetan eta kulturaletan oinarrituta.

Maxmurko bizilagun gehienak Sirnak eskualdeko herrixketakoak dira. Beren etxea uztera behartu zituzten 1990eko hamarkadaren hasieran, Turkiako armadak indarrean jarri zuenean «deuseztatze masibo zuzenerako» politika. 4.000 herrixka baino gehiago erre zituzten, eta hango sailak erraustu. Ondorioz, herritar zibil gehienek babesa bilatu behar izan zuten beste hiri batzuetan, edota muga pasatu eta Irakeko Kurdistanen ezarri.

Iheslari kurduak Maxmurrera iritsi zirenean, lurraldea ezin bizizko basamortu bat zen. Hala ere, lehen errefuxiatuetako askok gogoan duten moduan, Saddam Hussein Irakeko presidenteak leku hura eskaini zien babesleku gisa. «Ni hasiera-hasieratik nago kanpamentuan», zehaztu du Sadiq-ek. «Ez dakit Saddami eskertu egin beharko geniokeen infernuan bertan ezarri ahal izatea».

Maxmurren ez zegoen ez urik, ez zuhaitzik. Eguzki kiskalgarria baino ez. Lur zati galdu hori nahiko urruti dago Arbildik, Irakeko Kurdistango hiriburutik, eta benetan zaila zen janaria edo beste edozein produktu lortzea. Hala ere, errefuxiatuak prest zeuden basamortu hori leku bizigarri bihurtzeko. «Jakina, uste genuen hau behin-behineko irtenbidea izango zela eta laster bueltatuko ginela gure herrixketara», gogoratu du Sadiqek. «Zoritxarrez, hogei urte baino gehiago daramatzagu hemen».

Basamortu zati horrek hainbat azpiegitura ditu orain: ur hornidura, eremu berdeak, eskolak, liburutegiak, berotegiak, fruta arbolak... Sadiqek nabarmendu du hasieran haurrek lurra jaten zutela, «ez baitzegoen ezer; baina garai haiek pasatuak dira».

Maxmurren bildutako iheslari guztiak etxera bueltatzeko amorratzen daude, baina, egun hori iritsi bitartean, Autonomia Demokratikoaren irizpideen eta gobernu kolektiboaren egituren arabera antolatu dira. Herri Kontseiluak 131 kide ditu, eta 31 lagunek —iheslarien eremuko sail bakoitzeko ordezkari bana— batzar bat osatzen dute.

Emakumeen Kontseilua ere badago. 81 emakumek osatzen dute, eta administrazio autonomoko kidea da. Bi urtetik behin berritzen dute, eta ordezkariek bi agintaldi egin ditzakete gehienez. Emakumeen Kontseiluaren lan nagusietako bat da patriarkatuan eta arbasoetan oinarritutako pentsamoldeak eragindako arazoei aurre egitea. Nabarmentzeko moduko emaitzak lortu ditu: iheslarientzako eremuan, dibortzioa legezkoa da, antisorgailuak banatzen dituzte, eta homosexualitatea onartua dago. Gainera, iheslarientzako eremua izan zen poligamia ezeztatu zuten lehen lurraldeetako bat.

Iheslarientzako eremuak ospitale txiki bat ere badu. UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariaren esku dago. Bi medikuk eta zenbait erizainek lan egiten dute. Guztiak dira boluntarioak. Soldata txiki bat jasotzen dute, oinarrizko gastuetarako. Ospitalea nahiko ongi hornituta dago. Egia da bere neurriagatik panpinen ospitale bat dirudiela, guztia baita nanoa: botika, kirurgia gela, amatasunekoa eta erradiografiak egiteko leku txikia. Baina denak funtzionatzen du.

Arazoak argindarrarekin

Funtzionatzen du, baina kostata. Medikuek baitiote argindarra arazo bat dela: egunean hamabi orduz bakarrik daukate, elektrizitate sorgailua ez baita gehiagorako gai. Ez dute arazo bakarra: ez dago hornitutako anbulantziarik. Hala ere, lanean jarraitzen dute egunero, hainbeste premia dituzten iheslariak artatzen, bertakoak eta kanpokoak. Izan ere, ospitaleak izen ona hartu du eskualdean, eta gertuko eta ez hain gertuko herritarrak ere joaten dira osasun arreta jasotzera.

Autodefentsarako herri sistema ere badaukate. «Defentsa unitatea sortu genuen, herritarrak eta kanpamentua babesteko», dio Sadiqek. Maxmurren ere badira martiriak. Leku berezi bat atondu dute, haiek omentzeko. Komunitatearen alde bizia eman zutenak gurtzeko lekua soila da, baina zirrara eragiten du. Gela bat da, dozena erdi aurpegi irribarretsurekin.

Maxmurko jendea ez da iraganean geratzen; aurrera egiten du hildakoek defendatu zituzten arrazoiekin. Horregatik, administrazio demokratikoa, emakumeen antolaketa eta ospitalea edukitzeaz gain, haurrak eta gazteak ere zaintzen dituzte. Lehen eta bigarren hezkuntzako ikasketak eskaintzen dizkiete, nahi badute gero unibertsitatera joan daitezen. 250 haur daude bost haurtzaindegitan, eta 700 ikasle eta 33 irakasle lehen eta bigarren hezkuntzako 23 ikasgelatan. Maxmurko jendeak etorkizunaren aldeko apustua egin du, zailtasun guztiei aurre eginez: gerra, basamortua, bonbardaketak eta geopolitika zakar eta arrunt baten zehar kalteak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.