BAKARRIZKETA

Charles III.a, 'Sakelzabala'

PETER POWELL / EFE.
Iker Aranburu.
2023ko maiatzaren 7a
00:00
Entzun
1 Charles, Karlos; baina zer Karlos...? Kar- kar-kar. Bai, ez dut ukatuko izenbururako hitz joko hori burura etorri zaidala, baina ez dut asmatu nola itzuli. Edonola ere, Charles III.a erregeak luzea duena sakela da.

2 Pintzazko galtzak janztera behartuta egongo da gizona, ez da jeans batzuekin agertuko karroza dotore horretan... Protokoloak zer dioen ez dakit, baina egia da praketako sakela sakona beharko duela bere etxe guztietako giltzak gordetzeko.

3 Zer dugu Charles, orain jabe handiak deitzen diren horietako bat?Handia txiki geratzen zaio: Charles da Erresuma Batuko etxejabe nagusia.

4 Buckingham jauregiarekin ez dauka nahikoa? Ni moldatuko nintzateke horrekin. Berez, jauregi hori, Windsorrekoa, eta beste batzuk monarka den heinean baizik ez dira bereak. Eta gauza bera gertatzen zaie Koroaren Bitxiei, eta arte bilduma oparo bati. Halakoak dira Crown Estate izenekoan biltzen diren ondasunak ere; haien artean, Londresko Regent eta Saint James kale ospetsuetako eraikin guztiak, eta Ingalaterra, Gales eta Ipar Irlandako kostaldeetako itsas hondoak.

5 Orduan, han bainu bat hartu eta bainujantzian hondarra sartuz gero, Charlesi lapurtzeaz akusatuko naute? Kar-kar- kar! Hainbesterako ez dakit, baina bai inguru horretan jartzen ari diren parke eolikoen etekinen zati bat koroarentzat dela. Berez, Crown Estateren irabazien laurden bat dira monarkarentzat—ia 100 milioi euro, aurten—, eta beste hiru laurden kutxa publikoetarako da.

6 Jabetza pribaturik ba al du Charlesek? Dubain edo Suitzan, esaterako? Ikusten dut nora iritsi nahi duzun. Bai, badira koroaren kontuen gardentasun eskasiari buruzko kritikak, baina beste batzuek baino informazio publiko gehiago zabaltzen dute. Begiratu, bestela, Duchy of Lancaster eta Duchy of Cornwallen webguneetan.

7 Zer dira horiek? XIV. mendetik, Duchy of Lancaster izenekoan biltzen dira errege-erreginen familiaren jabetza pribatuak. 18.481 hektarea lur eta horietako etxaldeak kudeatzen ditu Ingalaterran eta Galesen. Gainera, Londres erdialdean hotelak eta bulegoak ditu, bisitariei irekitako dozena bat jauregi, harrobiak... Haien etekin guztiak dira errege etxearentzat, baina azken urteetan errenta eta kapital zergak ordaintzen dituzte horien truke.

8 Eta Duchy of Cornwall? Erregearen beraren jabetzak dira, orain William semearen eskuetara pasatu badira ere. Hor daude Ingalaterrako cricket zelai ospetsu bat (The Oval), Dartmoor parke nazionalaren heren bat —eta haren barruan dauden etxaldeak, 50 etxe, bost pub, lau hotel...—, Scilly uharteetako lurraren zatirik handiena eta etxeen herena, kartzela bat, eta beste ehunka etxe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.