Indarkeria matxista. Gasteizko hilketa

Ertzaintzak urtarriletik zekien bikotekideak urruntze agindua urratzen zuela

Erkorekak esan du Ertzaintza maiatzaren 18tik ari zela biktimak zenbateko arriskua zuen «aztertzen». Mugimendu feministak «neurri integralak» galdegin ditu

Gasteizko Udalak deituta, elkarretaratzea egin zuten atzo goizean. J.F. / FOKU.
Edurne Begiristain - Arantxa Iraola
2023ko maiatzaren 30a
00:00
Entzun

Ertzaintzak urtarriletik zekien herenegun Gasteizen 32 urteko emakumea ustez hil zuen gizonezkoa urruntze agindua urratzen ari zela, eta Herrialde Katalanetako epaitegi batek «muturreko arriskuko» babesa ezarria ziola biktimari. Hala ere, ez zuen atxilotu erasotzailea, eta ez zuen emakumea babesteko neurri berezirik hartu, genero indarkeriaren aurkako protokoloek ezartzen duten moduan. Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak presazko deialdi bat egin zuen atzo, komunikabideak Lehendakaritzaren egoitzan bildu eta azken hilketa matxistari buruzko ikerketa polizialaren xehetasunak emateko, eta haren azalpenetatik ondoriozta daiteke biktima babesteko hartutako neurriak ez direla aski izan. Gaur goizean jakinarazi dute Gasteizko guardiako epaitegira lekualdatu dutela ustezko hiltzailea, eta epaileak espetxera bidali du.

Maialen Mazon. 32 urte zituen, Gasteizen sortua zen, eta haurdun zegoen; Euskal Herrian aurten izan den bigarren hilketa matxistaren biktima da. Igandean topatu zuten, Gasteizko apartamentu hotel batean. Ondoan bere umetxoa zuen, 3 bat urtekoa: amaren gorpuaren ondoan topatu zuten, eta, erietxean egin zizkioten azterketetan ez zioten bortxa zantzurik atzeman. Igande iluntzean atxilotu zuten biktimaren bikotekidea, Zaragozan (Espainia), emakumea hiltzea egotzita; 34 urteko gizonezko bat da.

Ertzaintzak ikerketa zabalik du oraindik. «Luze joko du; baditugu gertakarien inguruko datuak, baina oraindik asko dago argitzeko», adierazi zuen sailburuak.

Indarkeria matxistako kasu horren inguruko zehaztasun batzuk eman zituen Erkorekak agerraldian. Jakinarazi zuen Ertzaintzak urtarrilaren 23an izan zuela lehenengoz emakumearen berri, Gasteizko hotel bateko arduradunek abisatu zutenean bikotekidea izen faltsu batekin erregistratu zela. Polizia emakumearekin harremanetan jarri zen orduan, eta, harekin hitz egin ostean, urruntze agindua urratzen ari zirela jakinarazi zion Ertzaintzak auzia zeraman epaitegiari. Hurrengo hilabeteetan, ez zuten bikotearen berririk izan, ustez haien bizilekura itzuli zirelako, Valentziara (Herrialde Katalanak).

Arriskua «aztertzen»

Beste kontaktu bat izan zuen Ertzaintzak biktimarekin maiatzaren 18an. Orduan itzuli ziren emakumea eta haren bikotekidea Gasteizera, eta urtarrilean bezala, apartamentu hotelean hartu zuten ostatu, izen faltsua erabilita. Emakumeak urtarrileko deklarazioari eutsi zion orduan ere, sailburuaren arabera: bikotekidearekiko harremana berregin nahi zuela esan zien, ez zuela bere burua «arriskuan» ikusten, eta bere nahia zela gizonaren aurka indarrean zen urruntze agindua erretiratzea.

Indarkeria matxistaren arriskua neurtzeko irizpideak aintzat hartuta, «muturreko arriskuko» babesa ezarria zioten emakumeari Valentzian (Herrialde Katalanak) —duela gutxi arte han bizi zen andrea—, eta, espediente hori eskuetan, biktimak zenbateko arriskua zuen «aztertzen» ari zen Ertzaintza hilketa gertatu zenean. Erkorekak azaldutakoaren arabera, Ertzaintza emakumearen bertsioa eta Guardia Zibilarena eta Espainiako Poliziarena «kontrastatzeko lanak» egiten ari zen. Izan ere, Segurtasun sailburuak nabarmendu zuenez, emakumeak poliziei adierazi zien ez zuela bere burua «arriskuan» ikusten. Horiek hala, Ertzaintzak erabaki zuen emakumearen aurkako indarkeriaren epaitegira atestatu bat bidaltzea, horren berri emateko.

Erasotzailea urruntze agindua urratzen ari zela jakina bazen, Ertzaintzak zergatik ez zuen atxilotu? Galdera hori egin zioten atzo kazetariek Erkorekari. «Ez dakit», erantzun zien sailburuak. Halako egoeretan biktima babestea nekeza dela erantsi zuen jarraian: «Ez da erraza bere burua arriskuan ikusten ez duen biktima bat babestea. Harreman afektiboez ari gara, eta, halakoetan, biktimak beti ez du argi ikusten babesa behar duela. Ez da erraza».

Neurriak, hasiera-hasieratik

Erkorekaren adierazpenei erantzun zien atzo Bilgune Feministak sare sozialetan. Ohartarazi zion erasorik gabeko gizarte feminista bat eraikitzeko ezinbestekoa dela «hezkuntzan eta profesionalen formakuntza feministan inbertitzea», hori baita bidea indarkeria matxistaren «erreprodukzio eta legitimazio mekanismoak» deuseztatzeko.

Era berean, «neurri integralak» galdegin zituen. Izan ere, Bilgune Feministaren iritziz, indarkeria pairatzen duten andreek eskura behar dituzte asistentzia sozial, psikologiko eta legala, biolentzia hori atzematen den «lehen unetik». Onartezin iritzi zien «biktimizazioa erreproduzitzen» duten irakurketa «misoginoei», baita errua andrazkoen gain jartzen duten «esku garbiketei» ere. Are, salatu zuen indarkeria matxistari ez zaiola aurre egingo Poliziaren segurtasun eredu «patriarkal, normatibo eta burokratikoekin», baizik eta politika feministekin.

Mazonen hilketa gaitzesteko elkarretaratzeak egin zituzten atzo Gasteizen. Goizean, eledunen batzordea bildu zen udalean, eta hilketaren gaineko gaitzespena onartu zuten. Ondoren, erakundeetako buruzagiek eta herritarrek elkarretaratze bat egin zuten. Ilunabarrerako, berriz, mugimendu feministak protestara deitu zuen Gasteizen; Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxak gaurko deitu ditu elkarretaratzeak Bilbon, Donostian eta Iruñean. Emakundek jakinarazi zuen abiatu duela kasu horietan aktibatzen den protokoloa, eta gainerako erakundeekin koordinatzen ari dela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.