Maialen Lujanbio Zugasti. Bertsolaria

«Garaiari eta lekuari erantzuten dion bertsogintza bat da txapelketa»

Orain bost urte bezala, Maialen Lujanbiok aurten ere sinatuko luke epeltasunik gabeko final bat. Egin eta esan nahi duen horretatik gertu aritu nahi du; nolabait, esan nahi dituenez hitz egin nahi du, «ahalik eta modu zehatzenean».

IÑIGO URIZ / FOKU.
Miren Mujika Telleria.
Iruñea
2022ko abenduaren 17a
00:00
Entzun
Hutsik daude Iruñeko Nafarroa Arenako pasabide eta aulki grisak, eta isiltasuna da nagusi. Oholtza ez dago muntatuta oraindik. «Banuen gogoa lekua barrutik ezagutzeko», adierazi du Maialen Lujanbiok (Hernani, Gipuzkoa, 1976) harmailetako aulki gris batean eserita eta aretoari begira dagoela; horixe izango baitu geltoki martxan datorren trenera igotzeko.

Orain arte kantatu ez duenez, egon daiteke zalantza gaur egungo Euskal Herriko bertsolari txapelduna nola helduko ote den finalera. «Gogotsu» dago. Haren ustetan, garaiari eta lekuari erantzungo dion «bertsolari talde» edo «bertsogintza» bat da txapelketa, eta biharko finalak horri erantzutea nahiko luke. Argi du zer egin nahi duen bihar, nahiz eta teorikoki eta zehatz-mehatz azaltzea ezinezko zaion. «Termino abstraktu batzuetan azaldu daiteke, nolabait, zerbait erantzutearren. Nik badakit zer egin nahi dudan, baina egin arte, kasik hobe dut ez azaldu».

Gaur bost urte dira txapela jantzi zenuela. Bihar da aurtengo final handia. Zer moduz zaude?

Ondo nago, gogotsu nago. Topikoa dirudi, baina poz handia sentitzen dut finalean egoteko aukera dudalako. Sentitzen dudan poz hau, hemen kantatzeko aukera edukitzeagatik ez ezik, bada aurten agerian geratu den taldearen osaketagatik eta horrek esan nahi duenagatik. Niretzat, oso pozgarria izan da. Final bakoitza da bere garaiaren erretratu bat, edo hori izatea espero izaten dugu. Beti dira garrantzitsuak eta esanguratsuak, baina uste dut aurtengoa bereziki dela esanguratsua.

Aipatu duzun erretratuagatik?

Bai. Alde batetik, hori. Gazte belaunaldiko pare bat ordezkari sartu direlako eta bi emakume gehiago izango direlako lehenengo aldiz. Eta, beste alde batetik, esanguratsua izango da zentzu kontestualean ere; alegia, Nafarroan izango delako finala. Hori oso garrantzitsua da bai politikoki, bai estrategikoki, eta baita sozialki ere. Bertsogintzaren momentuari justizia egiten dion argazki potente bat da. Honekin ez dago dena lortuta, noski, baina aspaldi hortxe zegoen indar bat eta olde bat zen, eta, zalantzarik gabe, presente egon behar zuena berandu baino lehen. Aurten gertatu da, eta poztasunez bizi dut nik.

Txapela buruan zenuela, horrela agurtu zenuen 2017ko finala: «Beti ez du goitik behera egiten/ transmisioaren trentzak/ guk behetik gora ikasi dugu/ ta zabaldu muga ertzak/ lehengoekin ta gaurkoengandik/ txapel hau gerokoentzat». Erretratu horretaz ari zinen?

Hein batean, bai. Plazetan dagoeneko badago gazte talde, masa edo kopuru handi bat, eta plaza horietan gehiengoa emakumezkoa da, gainera. Hor indar handi bat dago, eta proposamen interesgarri asko. Beraz, bazen garaia txapelketan legitimaziorako irudi horretara ere sartzeko gazte horiek. Agian, lehenago ere egin zitekeen justizia hori, baina aurten irudikatu da, bai gazteen aldetik, eta, batez ere, emakumezkoen aldetik. Uste dut inportantea dela identifikazio mailan bertso munduan dabilen hainbeste gazte eta emakumezkorentzat. Eta inportantea da baita ere, masa den bertsozalego horrek hori errekonozitzea, txalotzea etaikustea, norbanako bezala, emakume horien eta eurak egiten ari diren lanaren balioa, oro har. Izan ere, bada garaia zalantza horietatik guztietatik kanpo uzten hasteko.

Irailaren 24an abiatu zen txapelketaren trena. Batzuk lehenago igo dira, eta beste batzuk, geroago. Azken geltokian igoko zara zu, bigarren aldiz. Nola egokitzen da bat azken geltoki horretara?

Ez da egokitzen. Eskarmentua da helduleku bakarra. Horrelako espazio batean egonda gaude lehen ere. Berdinik gabeko plaza bat da. Harrigarria da final bat, eta orain hemen gaude, Nafarroa Arenan, testuinguru honetan. Nahiz eta astero oso plaza handietan kantatu, ezin zara honetara ohitu. Txapelketa ez da bakarrik jende kopurua; beste tempo bat da, beste tentsio bat, bertsotan egiteko beste moteltasun bat... beste genero bat da bertsolaritzaren barruan. Orduan, egokitu ezin zara egin, baina neure burua lasaitzen saiatzen naiz. Hori erakutsi dit eskarmentuak.

Nola lasaitzen duzu, bada, zeure burua?

Esaten diot: «Tira, badakizu hemen egotea zer den». Zaila izango dela? Bada, bai. Baina, zortez, hemen nago, eta ez diot horri begiratzen. Aurrekoa baino hobea izango den, okerragoa izango den... berdin zait. Ni hona etorriko naiz, eta trena martxan dagoen edo geldi dagoen, geltoki honetan sartu, eta nire onena ematen saiatuko naiz.

Oholtzan egoteko moduarekin asmatzea garrantzitsua izango da horretarako, ezta?

Bai. Nor bere buruarekin sintonizatuta egotea da kontua. Egoten bakarrik ez, eusten asmatu behar da, eta aguantatzen. Izan ere, neke handia da, presio handia da, bai fisikoki eta baita psikologikoki ere. Borroka handiak egoten dira norbere buruarekin, eta norbere burua, askotan, sorgina da. Horregatik esaten dut: «Tira, zazpigarren finala da, eta denetatik pasatu dut: pasatu ditut onak, pasatu ditut txarrak... Espero dut horrek, datorrenari begira, helduleku bat ematea egoten jakiteko.

Zazpigarren finala eta bi txapel. Orain bost urteko txapelketatik aurtengora, zertan jarri duzu indarra?

Egia esan, ez dut ezer, espresuki, landu. Uste dut final guztietandagoen hari jarraia edo multiplo komun txikiena garaia dela. Egia da esaten dugula bost urte hauetan asko aldatu direla gauzak, baina lehen beste errealitate soziopolitiko bat zegoen. Bertsolaritzak hari erantzuten zion, eta erantzun behar zion edo behar lioke, gainera. Orain bost urteko txapelketan beste egoera soziopolitiko bat zegoen, edo beste egoera animiko bat.

Aurtengo finalaren egitekoa, beraz, niretzat, ez da desberdina. Finean, esandakoa: garai bati eta leku bati erantzuten dion bertsolari talde bat eta bertsogintza bat da txapelketa. Ez finalean bakarrik, asteburuero-asteburuero, plano desberdinetan, bertsogintzak lekuari eta momentuari erantzuten dio; hasi plano anekdotikoenetik, eta segi plano global politikoenera. Hasi umoretik, fikziotik, eta errealitate gordinera edo prosaikoenera. Testura eta erregistro horiek guztiak erabiliz, ingurua irakurtzen du beti bertsogintzak, eta hori interesatzen zait niri.

Txapelketa Nagusiko finalak dira aipatu duzun horren guztiaren erakusleiho, ezta?

Bai. Horregatik diot aurtengoa ez dela aurrekoetatik desberdina, nahiz eta tartean gertatu direnak izan diren salbuespenak. Baina tira, lehen ere izan da finala gatazka armatu bete-betean edo bestelako garaietan, eta oraingo garaiak bere osagai partikularrak ditu. Beraz, horri ere erantzun dio edo erantzun beharko dio aurtengoak, nire ustez.

Orain bost urteko finalaren aurretik, BERRIAk egindako elkarrizketa batean, finalari begira zer nahiko zenukeen galdetuta, «epeltasuna, horixe ez nuke nahi», erantzun zenuen. Aurten zer erantzungo zenioke galdera horri?

[Barreak] Hori esan nuen, e?

Bai.

Berriz ere sinatuko nuke ez dudala epeltasunik nahi. Epeltasuna da inon ez bat, ez han eta ez hemen bat, edo ez ondo eta ez gaizki bat; eta hori, jakina, ez nuke nahi.

Eta zer nahiko zenuke?

Zer nahiko nukeen? Bada, nik egin nahi dudan horretatik gertu ibili. Nik egin nahi dudana ez dut hitzez edo teorikoki azalduko. Izan ere, hor ibiltzen gara, termino lausotan azaltzen zer egin nahi dugun edo zer ez dugun egin nahi: «Ederra eta idorra», «lurtarra», «bertsokera organikoa»... Termino abstraktu batzuetan azaldu daiteke, nolabait, zerbait erantzutearren. Nik badakit zer egin nahi dudan, baina egin arte, kasik hobe dut ez azaldu.

Lehen azaldu duzun hori izan daiteke zure asmoa? Lekuari eta garaiari erantzutea, alegia.

Bai. Finean, hori da. Uste dut txapelketaren eta finalaren balioa edo zentzua hiru geruzatan jokatzen dela, eta hiru geruza horiek komunikatuta daudela kontu honek guztiak zentzua izan dezan. Horrekin esan nahi dut txapelketa ez dela karrera pertsonal bat, ez da bertsotan hobea zein den ebazteko kontu bat, edo ez da hori bakarrik.

Eta zein dira aipatu dituzun hiru geruza horiek?

Bada, lehenengoa plano pertsonal bat izango litzateke, zeinetan bakoitzak bere buruaren kontra egiten duen borroka, eta saiatzen den bere bertsokera hori edo berak nahi duen norabide hori ahalik eta gehien fintzen eta ahalik eta trinkoen ematen. Alegia, fondoaren eta formen arteko oreka horretan, gauzei buruz hitz egiteko modu horretan, ahalik eta zehatzen kontatzen.

Egiteko bat izango litzateke bigarren geruza: talde bezala zer eskainiko diogun hemen bilduko den ikus-entzuleria horri. Geruza horretan kabituko litzateke, baita ere, erakustea gure arteak edo gure sorkuntza honek zer harreman daukan gizartearekin; zer esaten duen, nola irakurtzen duen, zertaz ari den, zer gaiez eta zein modutan. Hau da, nola erantzuten dion arteak gizarteari. Hori izango litzateke taldearen planoa; finaliston, gai jartzailearen eta abarren artean zer egiten dugun. Eta azaldu ditudan bi geruza edo plano horiek daude kokatuta hirugarren batean.

Eta zein da, bada, hirugarren plano hori?

Testuinguruaren araberako plano bat; politikoa eta soziopolitikoa. Hau da, zer esangura daukan finalak euskalgintzan, Euskal Herrian, berdintasunaren parametroetan, Iruñean izateak zer esan nahi duen... Hori izango litzateke hirugarren plano hori. Orduan, hiru geruza horien bateratzea da niretzat zentzu beteko final bat.

Horretarako, hiru geruzetako elementuek egon behar dute sintonian: bai norbere buruak, bai taldearen osotasunak eta edukiak, eta baita testuinguruaren esangurak ere. Hortik gertu ibiltzen bagara, primerakoa izango da. Askotan, domino efektu bat izaten da: zuk nahi duzun hori lortzetik gertu bazaude, eta zure kideak ere hala baldin badaude,erresonantzia horrek denak zentzua izango du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.