Nora Fernandez
ARGI ALDIAN

Mikrobiota, kausa ala efektu?

2023ko martxoaren 2a
00:00
Entzun
Mikroorganismoz jositako mundu batean bizi gara. Zenbakitan, hamar eta ehun bilioi mikroorganismo artean bizi dira gure barruan eta gure gainean, eta horiekin harreman sinbiotikoa dugu. Ez da harritzekoa, beraz, mikrobio bilduma izugarri horren existentzia hutsak gure bizitza dimentsio ugaritan baldintzatzea. Gure kolono gehienak hesteetan bizi dira, eta, gainera, horiek dira hobekien ezagutzen ditugun maizterrak.

Hesteetako mikrobiotaren desorekak edo disbiosiak hanturazko patologia kroniko ugari ekar dezake, hala nola heste narritagarriaren sindromea, koloneko minbizia eta diabetesa. Azken urteetan argitaratutako hainbat lanen arabera, baita patologia neurologiko eta neuropsikiatrikoak ere. Lotura hori garunaren eta hesteetako mikrobiotaren artean komunikazio bide asko dagoelako eman liteke: batetik, mikrobiotak zelula immuneak kitzikatzen dituelako eta horiek nerbio-sistema zentralean eragina izango duten zitokinak askatzen dituztelako odol hodietan; bestetik, mikrobioek ekoiztutako molekulak zein neurotransmisore propioak biltzen dituen triptofanoaren metabolismoaren bidez erlazionatzen direlako. Azkenik, hesteak zuzenean estimulatzen duelako nerbio bagoa, hots, nerbio-sistema zentralarekin zuzeneko komunikazio bide nagusia.

Testuinguru honetan, azken urteetan ugariak izan dira, adibidez, autismoaren espektroko nahasmena (AEN) mikrobiotarekin erlazionatu duten ikerketak. Esaterako, 2019an Sharon-ek eta kideek Cell aldizkarian argitaratutako ikerketaren arabera,AENdun giza emaileetatik hesteetako mikrobiota transplantatu zen germenik gabeko saguen hesteetara, eta agerian geratu zen horien kolonizazioa nahikoa zela jokabide autistak eragiteko. Gainera, ikusi zuten AEN sagu-eredu bat jatorri mikrobiarreko metabolito hautagaiekin tratatzeak jokabide autistak hobetzen zituela eta garuneko kitzikapen neuronala modulatzen zuela.

Urte batzuk geroago, aldiz, Yap-ek eta kideek bestelako aurkikuntza bat argitaratu zuten aldizkari berean. Haien ikerketan, AENaren diagnostikoaren eta hesteetako mikrobiomaren arteko lotura ez zen zuzena, arbuiagarria baizik. Haiek lortutako datuen arabera, AEN duten pertsonenengan beha daitezkeen interes mugatuak aniztasun gutxiko dietekin lotzen ziren, eta, ondorioz, hesteetako mikrobioen aniztasun taxonomiko murritzagoarekin. Ikerketaren ondorioak zuzenak badira, mikrobioen desoreka edo disbiosia AENaren sintoma dira, eta ez kausa.

Horrela, ikerketa gehiago beharko dira bataren zein bestearen aurkikuntzak baieztatzeko. Batetik, jatorri mikrobiarreko metabolito hautagaiekin tratatzeak jokabide autistak hobetzen zituela frogatu zuen ikerketak ezin izan du demostratu jokabide horiek benetan murriztu ziren, edo haurren digestio-asaldura gutxitu eta ondorioz, soziabilitate eta komunikazio-trebetasunak hobetzea bakarrik lortu zuen, AENaz haratago. Bigarren azterketak argi utzi du aniztasun gutxiko dietak mikrobiotaren aberastasuna txikitzea dakarrela, baina ezin izan du errefusatu ikerketaren aurretik mikrobiomak aztertutako AEN kasuen garapenean eragina izan zuela.

Beraz, lagin tamaina eta kalitate handiko entsegu klinikoen zain, AENaren eta mikrobiomaren arteko lotura ez dago argi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.