Albistea entzun

Barkos - Sanchez bilera

Trafikoa itzultzeko prest

Foruzaingoari trafiko eta errepide segurtasuneko eskumena itzultzeko negoziazioak hasiko dituzte gobernuek abenduan. Bere agintaldiaren hondarrean, Moncloara lehen bisita egin du Barkosek
Uxue Barkos Nafarroako Gobernuko lehendakaria eta Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentea, atzo, Madrilen, Moncloa jauregian.
Uxue Barkos Nafarroako Gobernuko lehendakaria eta Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentea, atzo, Madrilen, Moncloa jauregian. EMILIO NARANJO / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Joxerra Senar -

2018ko azaroak 1 - Iruñea

Ez da esku hutsik itzuliko Iruñera. Atzo eguerdian, Uxue Barkos Nafarroako Gobernuko lehendakaria Pedro Sanchez Espainiako presidentearekin batzartu zen Moncloan. Foruzaingoarentzat trafiko eta errepide eskumenaren transferentzia galdegin zion Uxue Barkosek, eta hura itzultzeko prestasuna azaldu zion Sanchezek. Jarrera ireki hori ez da ohikoa. Duela hamazazpi urte bereganatu zuen Nafarroak azken eskumena —lanbide heziketaren ingurukoa—, eta, geroztik, autogobernuaren garapena erreklamatu dioten bakoitzean, Moncloako maizterrek ezezkoa eman izan dute. Oraingoan, ezustean, baiezkoa jaso du.

Legealdiaren azken txanpan sarturik, lehendakari gisa Moncloara egindako lehen bisita zuen atzokoa Uxue Barkosek, eta hala azpimarratu zuen bilera osteko prentsaurrekoan. Bere agintaldian, laukoak egonkortasuna eman dio Nafarroari, baina Espainian kontrako joera izan da: «Epe horretan lau gobernu izan ditugu Moncloan. Egonkortasun falta horrek eragotzi egin du erlazio normalizatu batzuk izatea eta Estatuko gobernuarekin nafarren interes orokorreko gaiei heldu ezinik ibili gara», azpimarratu zuen. Barkosek argi utzi zuen inkomunikaziorik ez zela izan Rajoyrekin, baina ez zuela izan harreman normalizatua izateko aukerarik.

Pozik nabari zitzaion Barkosi. Lorpen politikoa besapean duela Euskal Herriratuko da. Edo bederen hala saldu zuen. Bileraren analisi politikoa egitea berari bakarrik egokitu zitzaion. Sanchezen ikuspuntua prentsa ohar baten bidez zabaldu zuen Moncloako komunikazio kabineteak. Hartara, denborak erakutsiko du, hitzetatik harago, noraino heltzen den Espainiako Gobernuaren egiazko konpromisoa.

Dena den, Sanchezen jarrera irekiak espekulazioa haiza dezake. Zergatik eman dio hain erraz baiezkoa eskumenaren transferentzia negoziatzeari, eta zeri erantzuten dio mugimendu politiko horrek? Batetik, 2019ko aurrekontuak aurrera ateratzeko EAJren beharra du Sanchezek, eta negoziazioko gai nagusietakoa izan daiteke eskumenen garapena —baita Nafarroakoak ere—. Bestetik, hurrengo foru hauteskundeei begira, PSNri arnasa emango dio Pedro Sanchezen jokabideak, eta, bide batez, hurrengo gobernua osatzeko aliantzei begira, sozialisten posizioa indartu dezake.

Hala ere, PSOEk bere konpromisoa egiaztatzen badu, lorpen ukigarri eta garrantzitsua izango da eskumen hori bereganatzea, eta Foruzaingoa polizia oso bihurtzeko bidean, aurrerapauso handia izan daiteke. Aldarrikapen historikoa da, gainera. 1928tik 1964ra bere gain izan zuen eskumen hori Nafarroak, baina auto kopurua eta trafikoa handitu ahala, agintari frankistek eskumena kendu eta zentralizatu egin zuten. Bere aldetik, 2015eko akordio programatikoan, Geroa Baik, EH Bilduk, Ahal Dugu-k eta Ezkerrak lehentasunetako bat zuten. Urriaren 18ko politika orokorreko eztabaidan, Barkosek berak azpimarratu zuen Madrilgo gobernuari hainbat eskumen eskatuko zizkiola —errepide segurtasun eta trafikoaz gain, Foruzaingoaren beste ikerketa atal batzuk, espetxeetako osasun zerbitzua, unibertsitateko bekak eta Ikerketa eta Garapena—.

Barkosek atzo zehaztu zuenez, Espainiako Gobernuak konpromisoa du abendurako Transferentzien Batzordeko solaskideak hautatzeko. Organo hori arduratuko da trafiko zein errepide segurtasunaren eskumenaren bereganatzeak izan ditzakeen ondorioak hitzartzeaz. Bere aldetik, Moncloako oharrak dioenez, Sanchezek baieztatu zion negoziazioak hasiko dituela.

Hainbat aldaketa negoziatu beharko dituzte bi gobernuek. Gaur egun, 1.060 foruzain daude, baina errepide segurtasuna nola trafikoa bere gain hartu ahal izateko polizia kopurua handitu beharko du Nafarroak ezinbestean, eta, horretarako, lan eskaintza publikoa hitzartu beharko dute bi aldeek, Foruzaingoak modu egokian erantzun diezaion erronkari.

Gaur egun, eskumen hori Guardia Zibilaren eta Foruzaingoaren artean partekatzen dute, eta hiri eremuetan, udal poliziek. Egungo egoera aintzat hartuta, Foruzaingoaren %15 (159 polizia) aritzen da zeregin horretan. Nafarroan diren 1.811 guardia zibiletatik 211 aritzen dira trafiko arloan.

Foruzaingoaren handitzea ekarpen bidez finantzatu beharko du Nafarroak, eta horrek eragina izango du urtero Espainiari ordaindu beharreko fakturan; hau da, Nafarroak bere gain hartu gabeko eskumenen diru atala murriztu beharko du. Nafarroako Gobernuak hedapenaren kostuen inguruko azterketa egina du, baina kopuru horiek Madrilekin adostu beharko ditu.

Hartara, Transferentzien Batzordeak polizia kopuruari eta finantzaketari heldu beharko dio, eta, Barkosen arabera, «epe motzean» izenpetuko da akordioa. Nahiz eta atzo ez zuen epe zehatzik aipatu, adierazi zuen legealdia amaitzerako akordioa lotuta egon behar lukeela.

Era berean, bi gobernuak Hitzarmen Ekonomikoa berritzeko prest daude. Barkosen hitzetan, 2020tik 2024ra bitarteko ekarpenaren kalkulua negoziatzen hasi aurretik, ados jarri beharko lukete Hitzarmen Ekonomikoaren aldaketaz. Berez, iragan abenduan hitzartu zuten bi aldeek 2015-2019ko eperako ekarpenaren kalkulua, eta bost urterako hurrengo zikloa hasi arte, denbora lukete legearen aldaketari ekiteko.

Edukiari buruz, ez dirudi sakoneko aldaketak izango direnik. Abenduko akordioan, lehen aldiz bi administrazioei dagozkien gastuen «azterketa zientifikoa» egin zen, eta horrek legean aldaketa teknikoak egitera behartu ditu, Barkosen arabera. Iraganean, Mikel Aranburu Ogasun kontseilariak Hitzarmen Ekonomikoan aldaketa handiagoak egiteko premia azpimarratu zuen. Pedro Sanchez negoziazioari ekiteko prest azaldu da.

Inbertsioekin, nahasmena

Bilera hasi aurretik, Espainiako Gobernuak goizean ezagutarazi zuen baimena eman diola Nafarroari iazko superabiteko 215 milioi euroetatik 75 milioi inbertsiorako erabili ahal izateko. Haatik, informazio horrek nahasmena eragin zuen, eta, bileraren ostean, Barkosek zehaztu zuen alor horretan oraindik ez dagoela akordiorik. Bere ustekabea azaldu zuen informazio hori zabaldu delako. Barkosek onartu zuen bi gobernuetako lantaldeak negoziatzen ari direla gai horren inguruan.

Estatuko Aurrekontu Orokorretako 116. xedapenak ahalbidetu egiten die administrazioei, baldintza zehatz batzuetan, iazko superabita inbertsiorako erabiltzea, eta, horregatik, udan, Nafarroako Gobernua hainbat aldiz saiatu zen Ogasun Ministerioarekin harremanetan jartzen, inbertsio iraunkor horien inguruko oniritzia lortzeko. Gobernu sozialistak jaramonik egiten ez ziela ikusita, presio neurri gisa, laukoak inbertsiorako 113 milioi euro baliatzeko foru legea aurrera atera zuen Parlamentuan, urriaren 4an.

Urrats horrek negoziatzera bultzatu du Ministerioa, eta, Barkosen hitzetan, oraindik ez dago akordiorik. Komunikabideei azaldu zien Finantza Egonkortasunaren Legearen ahalik eta interpretaziorik irekienaren aldekoa dela Nafarroako Gobernua, eta irizpide zorrotzak alboratu nahi dituela. Hartara, inbertsioak 113 milioi eurorenak izatea du helburu gobernuak: «Kopuru horren osotasunera iristen ez bagara, lanean jarraituko dugu beste mekanismo batzuen bidez».

Horrez gain, Pedro Sanchezek jakinarazi zion Barkosi gobernuak atzera botako duela osasun arreta unibertsala bermatzeko foru legearen aurkako helegitea. Era berean, lan erreforma aldatzeko beharraren inguruan bat etorri ziren bi agintariak. Azpiegiturei dagokionez, istripu arriskua jaisteko pasabideak kendu eta zubiak jartzeko lanak azkartuko dituzte. AHTari dagokionez, Iruñetik Zaragozarako trenbideari buruz «konponbiderik onena lortzeko elkarrizketak» hasiko dituzte.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Josu Retolaza, artxiboko irudi batean. ©EUSKAL MEMORIA FUNTSA

Hiltzear zela utzi zuten aske

Maddi Ane Txoperena Iribarren

35 urte beteko dira gaur Josu Retolaza euskal preso ohia minbiziak jota hil zenetik. 33 urte zituen. Kartzelan atzeman zioten gaitza, eta aitzinatua izan arte ez zuten libratu.
Gure Esku-ren aurkezpena Baionan ©Berria

Pirinioetako Bidean parte hartzera deitu dute Baionan

Ekhi Erremundegi Beloki

Ipar Euskal Herriko hainbat pertsona ezagunek babestu du Gure Esku-k Kataluniako beste plataforma batzuekin batera antolatutako ekimena

Gure Eskuren agerraldia urtarrilaren 29an, uztailaren 2ko egitasmoa aurkezteko. ©Marisol Ramirez / Foku

Aragoiko presidenteak dio uztailaren 2an ez duela onartuko «zaborrik» Pirinioetan

Jon O. Urain

Gure Esku-k eta Kataluniako eragile batzuek mobilizazioa dute uztailaren 2an; asmoa da Pirinioetako 300 bat tontor argiztatzea.

Josu Urrutikoetxea, 2020an, Parisen, BERRIArentzat ateratako argazki batean. ©Eñaut Castagnet

Espainiako Auzitegi Nazionalak epaiketarako data jarri dio Josu Urrutikoetxeari: 2024ko urtarrila

Maddi Ane Txoperena Iribarren

1987an Zaragozako Guardia Zibilaren kuartelaren aurka egindako atentatua leporatuta epaituko dute, urtarrilaren 9an, 10ean eta 11n. 2.354 urteko kartzela zigorra eskatuko diote.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...