Kataluniako prozesu subiranista. Diada

Egoskorki matxinatuta

Independentisten batasuna ahulduta dagoela egingo dituzte Diadako mobilizazioak. Egoera hobetzeko mugarri bat ezarri nahi dute bihar

Carme Porta.
Bartzelona
2019ko irailaren 10a
00:00
Entzun
Lluis Llach, musikarentzat ez ezik, independentismoarentzat ere ikono bat da. Toçudaments alçats (egoskorki matxinatuta) da irailaren 11ko mobilizazioentzat konposatu duen kantaren titulua. Hainbat musikari eta egile katalanekin batera egin du, eta dei bat egiten du askatasunaren alde eta ekintza batasunaren alde, honela dioena: «Min ematen digun eta guri dagokigun izena, denbora eta tokia aldarrikatuz, nahi baduzu ukabilak ongi irekita, beharrezkoa bada ukabilak ongi itxita, elkarrekin dugun ametsa posible egin dadin». 2012. urtetik Kataluniako mugimendu independentistak manifestazio masiboak egin ditu Diadan. 2017ko urriaren 1aren, estatuaren errepresioaren eta Espainiako Konstituzioaren 155. artikuluaren aplikazioaren ondoren, eta ordezkari sozialen, instituzionalen eta buruzagi politikoen esperatzeekin batera, mobilizazioak modu iraunkorrean mantendu dira, errepresioaren aurkako borrokan zentratuta, baina asko dira hasierako helburua berreskuratu behar dela aldarrikatu duten ahotsak.

Gogoeta eta eskaera horrek eragin du alderdien, erakunde subiranisten eta gizarte mobilizatuaren arteko sintonia irteerarik gabeko kale baten modukoan egotea. Udan gertatu diren akusazio eta erasoek irailaren 11ko mobilizazioa kutsatu dute. Hainbatek parte hartzeko zalantza adierazi dute, eta erakundeen eta alderdien artean aurrez aurreko mingotsak eragin ditu. Badirudi baretu dela giroa, baina mahai gainean dago duela egun batzuk Josep Huguet kontseilari ohiak BERRIAri esandakoa: «Ez gara gai izan gertatutakoaren diagnosi bat adosteko, aurrez aurreko bi jarrera egon dira».

Kataluniako prozesuaren ikuspegi ezberdinen parte diren hiru pertsonarekin hitz egin du BERRIAk: Jordi Borras fotokazetaria, gai sozialetan espezializatuta dagoena, bereziki Kataluniako eta Europako mugimendu nazionaletan eta eskuin muturrekoetan; Pilar Rebaque abokatua, memoriaren eta frankismoak konfiskatutako agiriak berreskuratzearen alde diharduen Duintasunaren Batzordeko kidea, baita Independentziaren aldeko Feministak elkartekoa ere; eta Cinta Arasa, haur eta gazte literaturan espezializatuta dagoen idazlea, politologoa ere badena.

Borrasek kontatu du kontzientzia duenetik atera dela irailaren 11ro, eta aurten ez duela planteatu ere egin ez ateratzea. Baina uste du gogogabetzearen zati bat independentismoaren hazkundetik bertatik etorri dela. «Kopuru garrantzitsu batek tesi independentistak berriki barneratu ditu, modu indartsuan, eta ez du aurretiazko kultura politikorik, ezta independentismoaren perspektiba historikorik ere». Arasak baieztapen hori osatu du: «Prozesu independentista bakar bat ere ez da azkarra izan. Egin dugun akatsa izan da independentzia garai hobeagoetara atzeratzea, baina epeak jarri izanak gauzak amildu zituen paraxutik gabeko urriaren 1 hartara». Rebaquek, berriz, uste du «atxikimendurikezak» alderdi politikoei eragin diela, baina ez gizarte zibilari. «Alderdien zehaztugabetasunak eragin du gizartea urruntzea eta nolabaiteko haserre bat sortzea, baina ez desmobilizazioa».

Mahai gainean dago, hortaz, nolabaiteko ezinegon bat, baina baita aurrera jarraitzeko borondatea ere. ERC Esquerra Republicana izan da ezinegon horren erantzule egin duten alderdietako bat. Marta Rovirak, ERCk erbestean duen idazkariak, honela esan dio Catalunya Radiori elkarrizketa batean: «Badakit jendea aterako dela eta Diada honen mailan egongo dela, baina guk ere han egotea exijitu behar dugu. Mezu argi bat eman behar dugu berriz ere, indartsu jarraitzen dugula, eta independentzia eta errepublika aukera bakarra direla argi dugula». Hark eta Oriol Junquerasek artikulu bat sinatu dute, eta eskatu dute «estatuak errepresioaren bidez jarri duen tranpa» gainditzea.

Analisten arabera, lidergoa berreskuratzea eta estrategia batasuna beharrezkoak dira orain. Lider independentistek eta erakunde sozialek Genevan (Suitza) egin zuten bilerak batasun puntu bat ezarri zuen, baina batzarraren bultzatzaileetako batek, Rovirak, esan du ez dituztela «erosiko» batasunerako «dei faltsuak, borondate propagandista eta elektoralista argi bat» dutenak. «Ez ditugu eztabaidatuko landu gabe dauden proposamenak, eta gauzatu ezin direnak».

Arasaren ustez, «estrategia global bat bakarrik» egin zen, 2017ko urriaren 2ra arte iraun zuena, eta «lezioa oraindik ikasteke» du independentismoak. «Gerta liteke mobilizazioek, nahiz eta masiboak izan, ez edukitzea benetako eragin bat. Helburu komun bat gabe arriskua dugu mobilizazioak desaktibatzeko, ez dugu oso barneratuta gatazka batean bizi garela, eta kontzientzia hori falta da aliantzak egiteko».

Borrasek, berriz, uste du bi bloke handi daudela: «Bata, bide orri bat egiten saiatu nahi duena bien bitartean gisa ulertzen duen une hau kudeatu eta elkarrizketa behartzeko; eta beste bat, urriaren 1eko nostalgiatik aldebakarrekotasuna proposatzen duena, baina aplikatu gabe». Fotokazetariaren iritziz, «bi mundu horiek» elkarrekin lan egin beharko lukete. «Independentismoak modu tranbertsalean eta batasunean ekin behar du, eta epe motzera helburu argiak planteatu behar ditu».

Rebaquek ANC Biltzar Nazional Katalanaren eta Omnium Cultural elkartearen rolak nola ikusten dituen azaldu du. «Ez dira alderdien aurkakoak, egiten dutena da gizarte zibilak ekimena berreskuratzea, eta hori beharrezkoa da. Alderdiak une honetan toki zehatz batean daude, baina gizarte zibilaren ekintza ikusgarri egitea da beharrezkoa».

CDRen aldarrikapena

Aldi honetan sortu diren sigla kopuruak, modu batera, handitzen ari zen nahasmenari gehitu zaizkio, eta hiru analisten iritziz beharrezkoa da ekinaldi zibila berreskuratzea. «Independentistak gutxi ginenean jendeak bultza egiten zuen, eta gero alderdiak helburu horiek hartzen hasi ziren. Hori ederra da, baina erroa jendearengandik dator», kontatu du Rebaquek.

Arasak uste du beharrezkoa dela buruzagi independentisten aurkako epaiaren zain egoteak eragin duen «geldialdi» honetan CDR Errepublikaren defentsarako batzordeak berreskuratzea. «Haien inplikazioagatik, transbertsaltasunagatik, lurraldearen ezagutzarengatik... Generalitateko gobernuak desaktibatu ditu, tresna egokiena izan zitezkeen unean. Ezin dena da alde batetik desobedientziara deitu, eta beste alde batetik BRIMO [mossoen istiluen aurkako unitatea] bidali manifestazioen aurka. Hori ez da zintzoa». Borrasen iritziz, «ezin da espetxetik zuzendu», baina lider berriak agertzea «prozesu motela eta zaila da». «Alderdien aurkako diskurtsoak kezkatu egiten nau; independentzia batasunetik lor liteke bakarrik, alderdien aurkako diskurtsoaren kantu goxoa ahaztu beharra dugu, oso arriskutsua da, populismora eramaten baitu bakarrik».

Testuinguru horretan sortu da Tsunami Democratic mugimendua. Haren fundazioko manifestuan honela dio: «Autokritika, ironia, sormena, aniztasuna, perfekziorik eza eta mugimendu kolektibo eta transbertsal bat indartuko duen edozer izango da gure tresna. Ez diogu ihes egingo oinarrizko eskubideak gauzatzetik eta eraldaketa sozialetik erator litekeen deserosotasunari. Onartzen dugu, eta aurre egiten diogu».

«Aniztasunaren» alde

Borrasek berriro nabarmendu nahi izan du independentismoa «plurala» dela. «Gutxieneko akordio batzuk egin behar dira guztiek bat egin dezaketen horretan. Horrek ez du esan nahi alde batera utzi behar denik errepublikaren proiektuaren izaera zein den; eztabaida hori beharrezkoa da, eta lehenago edo geroago iritsiko gara horra, baina lehenago jakin beharra dugu nora joan nahi dugun, eta hor beharrezkoa da independentzia nahi ez dutenak ere kontuan hartzea».

Rebaqueren ustez, geldialdia da eragotzi beharrekoa. «Ekintzarako batasunik gabe ezinezkoa da, baina bukaerako helburuak nahitaez izan behar du independentzia. Bestela, atzera joatea litzateke». Arasak proposatu du «Erreferendumaren aldeko Akordio Nazionalaren antzeko mugimendu bat» sortzea batasuna berrezartzeko. 2017ko urriaren 1eko erreferenduma baino lehen egin zen kanpaina bat izan zen hori, deialdi horretarako babesak lortzeko. «Banaka-banaka, ez litzateke monolitismoaren aldeko apustua egin beharko, aniztasunaren aldekoa baizik».

Gaur gauean, 131 zuzi piztuko dituzte Montserrat mendian, Generalitateko 131 presidenteen omenez. 500 mendizale baino gehiago bilduko dituen ekinbide zibil bat da —katalanez gain, baita Espainiakoak eta beste herrialde batzuetakoak ere—, eta aldi berean igoko dira gau osoan iraungo duten argiak jartzera. Espero da 40 kilometro baino gehiagoko distantziara ikusiko direla. Ekintza horrek, argi horiek, Kataluniako mugimendu independentistaren batasun estrategiko galdua aldarrikatuko dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.