Albistea entzun

Osasun sistema publikoa. Greba Nafarroan

Osasunbidearen eskaintza medikuei: soldata igoera eta 32 paziente egunean

Nafarroako Gobernuak «asmo handiko eskaintza» egin dio Sindikatu Medikoari, greba eragozteko. Esklusibotasuna kenduko lukete, baina trabak jarrita sare publikoan eta pribatuan aldi berean aritzeari
Alberto Perez, Sindikatu Medikoko burua, atzoko agerraldian.
Alberto Perez, Sindikatu Medikoko burua, atzoko agerraldian. AITOR KARASATORRE / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Ion Orzaiz -

2023ko urtarrilak 31

«Asmo handikoa», «sendoa», «aurrekontuetan eragin handia izanen duena»... Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuak beste eskaintza bat egin die otsailaren 1ean greba mugagabea hastekoak diren medikuei. Osasun Departamentuko zuzendari nagusi Carlos Artundok, Osasunbideko zuzendari kudeatzaile Gregorio Atxutegik eta erakundeko profesionalen zuzendari Pedro Ardaizek agerraldia egin zuten atzo, Nafarroako Sindikatu Medikoari helarazi dioten azken proposamenaren nondik norakoak azaltzeko.

Hiru ardatz ditu eskaintzak: lehena, soldaten igoerari dagokiona —soldata oinarriari eragiten diona, baina baita guardien truke jasotzen den diruari ere—; bigarren ardatza, sendagileen gehiegizko lan kargari eta pazienteei eskaintzen zaien artaren kalitateari buruzkoa; eta hirugarrena, Osasunbideko medikuen jardun esklusiboaren ingurukoa. Azken hori da, hain zuzen, berritasun nabarmenetako bat, Santos Indurain kontseilariak eta Maria Txibite lehendakariak orain arte agertutako jarreratik urrunduta, esklusibotasuna erabat kendu ez, hura «moldatzearen» alde agertu baita Osasun Departamentua.

«Jakin badakigu Nafarroako medikuak desabantailan direla beste erkidego batzuetako profesionalekin alderatuta. Medikuak baliabide eskasa dira, ezinbestekoak eta formakuntza luzea eskatzen dutenak. Horregatik, ezin gara atzean gelditu. Nafarroak lehiakor izan behar du, mediku gazteak erakartzeko garaian», azaldu zuen Artundok, atzoko agerraldian.

Nafarroako medikuen «desabantaila» hori errokoa dela azaldu zuen Atxutegik: «Beste erkidego batzuetan, sistema publikoko medikuek estatutu propioa dute, baina Nafarroan funtzionario arruntak dira». Ñabardura horren ondorioz, mediku hasiberriek beste erkidego batzuetan baino soldata apalagoa dute, eta urteak behar izaten dituzte mailaz igo eta beren soldatak Espainiako Estatukoekin eta Europakoekin parekatzeko.

Soldatak eta lan karga

Egoera onbideratze aldera, «neurri sorta luzea» ondu du Osasun Departamentuak, sendagileen greba mugagabea desaktibatzeaz harago doana: «Eraginen die medikuei, baina baita gainerako osasun profesionalei ere».

Eskaintzaren lehen puntua da ospitaleetako eta Lehen Arretako sendagileen soldata oinarriari dagokiona: Osasunbideak hilean 400 bat euroko igoera proposatu die sendagileei —hilean 406 euro, ospitaleetako medikuei, eta hilean 389 euro Lehen Arretakoei, lanpostu mailako osagarri gisara—. Osasunbideko zuzendari kudeatzailearen aburuz, «hobekuntza nabarmena» da, baina Nafarroako Sindikatu Medikoak soldata igoera handiagoa eskatu du: hilean 500 eurokoa.

Soldata oinarriaz gainera, derrigorrezko aparteko orduen edo guardien pagamenduan ere hobekuntza planteatu du Osasunbideak: %10ekoa, hain zuzen. «2021eko datuak aintzat hartuta, Espainiako Estatuan guardiatan gehien ordaintzen duen erkidegoa ginateke horrela», esan zuen Atxutegik. Horiez gain, Barruko Mediku Egoiliarren heziketaz eta tutoretzez arduratzen diren medikuei ematen zaien sari «sinbolikoa» ere %20 hobetzea proposatu du gobernuak.

Sendagileen soldatena, baina, ez da Osasunbideko buruek aldatu nahi duten alor bakarra. Medikuen sindikatua kexu azaldu da behin baino gehiagotan, osasun arloko profesionalek sufritzen duten «gehiegizko lan kargarengatik». Hain zuzen, hori konpontzeko neurriak mahai gainean jarri ditu departamentuak: «Lehen Arreta indartuko dugu bereziki, lantaldea handituta eta, besteak beste, maiatzean titulua aterako duten mediku egoiliar guztiei lan kontratu bat eskainita».

Medikuen lan karga murrizteaz harago, zerbitzuaren kalitatea ere handitu nahi dute, sendagile bakoitzak egunean eginen dituen kontsulten gehienezko kopurua murriztuta: «Mediku bakoitzak egunean 32 paziente artatuko ditu gehienez, eta arta horren kalitatea bermatuko dugu, kontsulten iraupena 12 minutukoa izanen baita», azaldu zuen Artundok.

Medikuen esklusibotasunarena da zeresanik handiena eman duen puntua: Sindikatu Medikoaren aldarrikapenetako bat da hori kentzea, sendagileek aukera izan dezaten, Osasunbidean ez ezik, kontsulta pribatuetan ere lan egiteko, baina esklusibotasunarengatik jasotzen duten soldata osagarriari uko egin gabe. Orain, Osasun Departamentuak esan du prest direla esklusibotasun hori kentzeko, baina «bateraezintasun» klausula bat gehituta: hala, medikuek aukera izanen lukete, lanorduetatik kanpo, beste jarduera batzuetan aritzeko, baldintza batekin: «Jarduera pribatuak ez dezala izan zerikusirik sendagile horrek sare publikoan duen espezialitatearekin ». Zerbitzuburuen eta zuzendarien esklusibotasunari eusteko asmoa du gobernuak, orain arte bezala, baina aparteko ordainsari baten truke.

Lan gainkarga salatu dute

Nafarroako Sindikatu Medikoak ere agerraldia egin zuen atzo, otsailaren 1etik aurrera egitekoa den greba mugagabearen eta Nafarroako Gobernuarekin zabalik duen negoziazio prozesuaren berri emateko. Zehazki, sendagileen «lan gainkarga» izan zuten hizpide, sindikatu kontserbadorearen irudiko arazo hori konpontzea «ezinbesteko baldintza» baita greba bertan behera uzteko. Are: lan ikuskaritzako zerbitzuan salaketa aurkeztu dute gainkarga horregatik. Sindikatuko idazkari nagusi Alberto Perezek salatu zuen Nafarroako Osasun Departamentuak orain arte helarazi dizkien proposamenak ez direla «ez berehalakoak, ezta nahikoak ere».

Sindikatuak protesta eginen du gaur 18:00etan Iruñeko Sarasate pasealekuan, lan karga hori salatzeko: «Osasun zentroetako lanak gainezka egiten du sarritan, eta ezin dira pazienteen beharrak bete», salatu zuen Perezek.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

UEMAko herrietarako udalen ordezkariak, atzo, Azpeitian. ©JON URBE / FOKU

UEMAk egiturazko neurriak eskatu ditu euskararen erabilera sustatzeko

Irati Urdalleta Lete

Ehun herriko langa gainditu du, beste lau herri onartuta: Arrankudiaga, Arruazu, Doneztebe eta Etxebarria. UEMAk Euskal Herri euskaldunaren orubeak sendotzeko konpromisoa hartu du
Hezkuntza Plazara elkarteko ordezkariak, atzo, Donostian eginiko agerraldian. ©IDOIA ZABALETA / FOKU

«Plan pilotu bat» galdegin dute, euskal hezkuntza sistemaren bidean

Ion Orzaiz

Hezkuntza Plazara-k elkarlana sustatuko du, hezkuntza proiektua, euskalduntzea eta euskal curriculuma bilduko dituen bide orria lantzeko
Ekitaldia atzo, Azpeitian. ©GOTZON ARANBURU / FOKU

Pasaiako segada argitzeko eskea egingo diote Jaurlaritzari

Gurutze Izagirre Intxauspe

Biktimen senideek sumina adierazi dute «hiru urteko lana lapurtu dietelako». Etzi, sarraskian parte hartu zuten polizietako bat identifikatzeko proba egingo dute auzitegian
Immigrazio lege proposamen berriaren aurkako afixa itsatsi zuten Baionako herriko etxe aitzinean. ©GUILLAUME FAUVEAU

Dozenaka lagun bildu dira Baionan immigrazio lege berriaren aurka

Garazi Aduriz Zuñeda

Legeak ukango lituzkeen ondorioen berri eman, eta zakarrontzi batera bota dituzte. Migrazio politika duin bat» ukan dute aldarri

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...