Euskaldunen ajeei botika

Lehen hitza euskaraz egin, uste ustelak gainditu, solas elebidunei eutsi, horiei bide eman. Ahaldundu. Entrenamendua behar da, ordea. Saio bat egin dute Donostian.

Donostian mintzodromo bat egin zuten ostegunean, Euskaraldia abiatu aurreko ekitaldien artean. JON URBE / FOKU.
jon olano
Donostia
2022ko azaroaren 20a
00:00
Entzun
Zarra-zarra ari du euria Donostian. Astearte arratsaldea da, ia gautu du eta ez dabil arimarik Kontxa inguruan. Inguruko tabernak bilakatu dira oinezkoen aterpe, baina Euskaraldian parte hartzekoa den herritar talde batek Bagera elkartearen egoitza du abaro; euritetik libratzekoa eta datozen egunetan hizkuntz ohiturak aldatzeko ariketa sozialerako prestatzekoa. Hiru egun falta dira, eta bertan elkartu dira bederatzi lagun, euskarari lotutako «lorpen» askotarikoak dituztenak: euskarari eutsi diona, hizkuntza ohiturak aldatu dituena, heldua izanik ikasi duena. Paparrean txapa bat janztea baino gehiago dela jakitun, abenduaren 2ra bidean sortuko zaizkien egoerei aurre egiteko tresnen bila doaz; nork bere ibilbide pertsonala oinarri.

Helene Armentia eta Maddi Juanikorena Euskaraldiaren Donostiako koordinatzaileek irizpide batzuk eman dituzte, egoeraz jabetu eta «ahalduntze» ariketa egiteko. Lehenik, ezagutu egin behar da jokalekua: iaz 83.866 donostiar ziren euskaldunak; biztanleen %46,7 eta duela hamar urte baino sei puntu gehiago. Euskaraldian horiek «aktibatzea» da xedea.

Testuinguru horretan, Armentiak eta Juanikorenak semaforoa darabilte metafora gisa: noiz du euskaldunak argi berdea elkarrizketa batean euskarari eusteko? Noiz horitzen zaizkio seinaleak, eta noiz mozten mintzairarekin segitzeko bideak? Argi gorriak pizten dira solaskideak ulertzen ez duela dioenean edo, zuzenean, hizkuntzaz aldatzeko eskatzen duenean; erdibidean, elebidunak euskara baztertzeko joera izan dezake euskaraz hasi eta jarraitu baina mintzakideak euskaraz ez duela hitz egiten ikustean.

Aldiz, beste egoera batzuetan ere erdaretara jotzen du usu euskaldunak; esate baterako, euskaraz hasi eta parekoak gaztelaniaz edo frantsesez erantzutean edo, are, begi kolpe batean parekoa ikusi eta euskara erabiltzeari uko egitean. Horien aurrean, herritarrak argi berdea izan beharko luke bere hautu linguistikoari eutsi ahal izateko. «Gu sentitzen gara errudun semaforoan aurrera egiteagatik, baina barneratu behar dugu hizkuntz arauak alda daitezkeela», dio Armentiak.

Aurreiritziak erauzi

Begi kolpeak, aurreiritziak. Hautu etengabeak, eta, horiekin, estres linguistikoa, nekea. Erdarak lehenestea, eraginkortasunaren edo erosotasunaren izenean. Euskaldun askoren buruko mina, hizkuntza hegemonikoko hiztun elebakarrak ezagutzen ez duena: kalkulua, eremu soziolinguistikoaren, hizketarako erraztasunaren eta, are, itxuraren arabera, parekoak euskarazko elkarrizketari eusteko modua izango ote duen. «Gehiegi estresatzen banaiz, erdaraz egiten dut. Liburutegira joaten banaiz, euskaraz, baina medikuarenera joaten banaiz... badaezpada gaztelaniaz», aitortu du Pilik; madrildarra da, jario solte eta zuzena du, eta rolez aldatzea erabaki du: belarriprest izan da aurrekoetan, eta ahobizi gisa estreinatuko da.

Aurreiritzi horien biktima da Andrea Bertomeu: Alacantekoa da (Herrialde Katalanak), euskaraz ikasten ari da eta aurreneko Euskaraldia du, eta kexu da, sarri solaskideek ez dutelako pazientziarik hark euskaraz jarduteko behar duen denbora emateko, edo haren abizenari erreparatu eta zuzenean gaztelaniaz egiten diotelako, euskaraz aritzeko aukerarik eskaini gabe. Kexu da horrela ezin duelako ikasten ari den hizkuntza praktikatu, eta egiten dioten zenbaitek ere ez dutelako aintzat hartzen bere maila: «Ikasten ari garenontzat oso garrantzitsua da ahoskera, azkar edo poliki hitz egitea...».

Horretan datza Euskaraldiko txapen funtzioa, Armentiaren eta Juanikorenaren hitzetan: erdarak hegemoniko diren testuinguru batean, euskaraz hitz egiteko edo elkarrizketak ahalbidetzeko prest dauden herritarrak identifikatzea, eta, horren bidez, estres linguistikoa murriztea.

Ordu eta erdi igaro da, eta amaitu da saioa. Kalera irteteko garaia da; jabetuago, gogotsuago, prestatuago. «Ausardiaren» beharra datorkio gogora Lorentxori, parte hartzaileetako bati, eta «kanpotarrekin ulerkorra» izatekoa Piliri. Kanpoan ez du atertu, baina hizkuntzaz blaitu nahi du datozen egunetan, eta baita ariketa soziala bukatu eta ondorengoetan ere: «Euskaraz egin nahi dugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.