Lopez Uraldek Equo utzi du, alderdia Mas Paisera batu eta gero

Zerrendak osatzeko epea ireki du Geroa Baik. Itun aukerak zapuztea egotzi dio C's-ek PPri

jon olano
2019ko irailaren 28a
00:00
Entzun
Azaroaren 10ean egingo dituzte Espainiako Gorteetarako hauteskundeak, eta euskal alderdi eta hautagaiak beren burua kokatzen ari dira bozetarako. Horietako bat izan da Juantxo Lopez Uralde, Equoren sortzaileetakoa eta apirilaren 28ko hauteskundeetan Unidas Podemos koalizioan Arabatik aukeratutako diputatua. Atzo jakinarazi zuen Equo uztea erabaki duela, alderdi horretako kideek onetsi eta gero Mas Pais hautagaitzarekin batera aurkeztea. Lopez Uraldek uste du erabaki hori «akatsa» dela, baina azaldu du «errespetatu» egingo duela erabakia. Bizkaiko Equok, berriz, EAEko eta Espainiako zuzendaritza organoei proposatuko die Elkarrekin Podemosen barruan lanean jarraitzea.

Geroa Bai ere aurkeztuko da azaroaren 10eko bozetara, eta zerrendaburua aldatu beharko du. Apirilaren 28an, Koldo Martinez izan zen koalizioko zerrendaburua Espainiako Kongresurako, baina Martinez bera senatari izendatu zuen herenegun Nafarroako Parlamentuak. Hortaz, zerrendak osatzeko prozesua abiatu du: «Garai politiko erabakigarri batean gaude, eta ezinbestekoa da Nafarroaren ahots propio bat izatea Madrilen». Ohar batean, Geroa Baik atsekabea azaldu du «estatuko blokeo egoeragatik», eta, «akordio faltak eragindako frustrazioaren aurrean, Nafarroan 2015etik egon den elkarrizketa eta negoziazio gaitasunak» beharrezkotzat jo ditu.

Bestalde, Luis Gordillo Ciudadanosen Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako bozeramaileak Alfonso Alonso PPko Euskal Autonomia Erkidegoko presidenteari egotzi dio bi alderdien arteko edozein akordio aukera «leherraraztea». Herenegun, Alonsok esan zuen Ciudadanosekin hitz egina zuela azaroaren 10eko bozetan elkarrekin aurkeztea Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta salatu Albert Rivera presidenteak baztertu zuela aukera hori. Bertsio hori gezurtatu zuen atzo Gordillok: «Norbaitek Euskadiko Ciudadanosekin hitz egin nahi badu, nirekin hitz egin behar du. Gezurra dirudi Alonsok hori ez jakitea, bizi osoa baitarama politikan». EAEn bi alderdiak elkarrekin aurkezteko negoziazioen ondorioz, Ciudadanosek Antolakuntza idazkari kargutik kendu du Javier Gomez, eta, atzo, Gomezek jakinarazi zuen alderdia utzi duela.

Hamarretik seik, boto bera

Bestalde, boto asmoari buruzko inkesta bat argitaratu du EiTBk, eta, emaitzen arabera, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hamar herritarretik seik apirilaren 28ko hauteskundeetan eman zuten boto bera emateko asmoa dute azaroaren 10ekoetan ere. %12,8k, aldiz, botoa aldatzeko asmoa dute. Inkestaren arabera, apirilean Unidas Podemosen aldeko botoa eman zutenen %13k adierazi dute PSOEren aldeko hautua egingo dutela azaroaren 10ean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.