Hurrez egindako altxorra

Malkorra gozotegiak duela ia ehun urte ireki zituen ateak, dendan egindako produktuak soilik saltzeko. Denda ezaguna da hurrekin egiten den txokolatearengatik.

Malkorra gozotegian saltzen diren produktu batzuk: hurrekin egindako txokolatea, teilak, eta esnerik gabeko txokolatea, besteak beste. IÑIGO URIZ / FOKU.
itsaso jauregi 2
Elizondo
2023ko martxoaren 18a
00:00
Entzun
Donostian ezkondu eta gero, Raimundo Malkorrak eta Martina Otaegik maletak hartu zituzten, eta Elizondora abiatu ziren (Nafarroa). Han, gozotegi eta txokolate denda bat irekitzea erabaki zuten: Malkorra. Gozotegiak 1924an ireki zituen ateak lehen aldiz, eta hurrez egindako txokolatea aurkeztu zieten herritarrei. Dendako giltzak belaunaldiz belaunaldi eskualdatu dira, eta txokolatearen errezeta, berriz, gurasoen ahotik seme-alaben belarrietara pasatu. Orain, Ines Larrui da giltzen zaindarietako bat; haren lehengusu Pello Alañarekin eta lehengusina Mari Jose Alañarekin batera, arbasoen negozioaren esentziari eutsi nahi dio.

«Produktua kalitate onekoa eta etxean egina izatea; hori izan da betidanik Malkorraren oinarria», esan du Larruik. Tokiko lehengaiak erabiltzen dituzte Malkorran, saltzen dituzten produktuak kalitatezkoak direla ziurtatzeko. Egunero, opil kozinatu berriek betetzen dute Elizondoko dendaren erakusleihoa; oinezkoen ibilaldia ere geldiarazten dute. Dendariak behatzaile horiei esan nahi die ez dituztela aurreko eguneko opilak erabiltzen: «Kalitatezko produktuak saldu nahi ditugu soilik». Saltokian pastelak, turroiak, opilak, izozkiak eta txantxigorria kozinatzen dira, besteak beste, baina Malkorraren usaina definitzen duen produktua beste bat da: hurrez egindako txokolatea.

Hurrak txigortuz

Raimundo Malkorrak eta Martina Otaegik saltokia ireki zutenetik, hurrekin eta esnearekin egindako txokolatea kozinatu da barnean, dendako usain gozoak salatzen duenez. Azken mendean, txokolatea egiteko prozesua ez da askorik aldatu: bi egunean behin txokolate zatiak maria bainuan berotzen dituzte, eta horiek poliki-poliki mugitu, guztiz desegin arte. Bitartean, hurrak kurruskari egon arte txigortu, eta, azkenik, bi osagaiak nahasten dituzte.

«Txokolatea, batez ere esnearekin eta hurrekin egiten dena, betidanik egin da. Hori da gure arbasoek egin zutena. Gero, noski, aldaketak egin ditugu bezeroen gustuak kontuan hartuz», azaldu du Larruik. Orain, hurrekin eta esnearekin egindako txokolatea saltzeaz gain, arbendolekin egindakoa eta esnerik gabekoa ere saltzen dute. Hala ere, arbasoen errezeta saltzen da gehien, Larruiren arabera.

Bezeroak urrutitik joaten dira Malkorrako txokolatea dastatzera; geroz eta gehiago, jabearen arabera. Baina hurrez gozatzea ez da izaten bisitarien arrazoi bakarra saltokian sartzeko; Dolores Redondoren Zaindari ikusezina trilogiak kanpotar gehiago ekarri dituela esan baitu Ines Larruik. Horregatik, txantxigorriak ere jarri dituzte Malkorrako erakusleihoan, nahiz eta txokolatea beti nagusitu.

Ehun urtez

1924an ateak ireki zituztenetik, soilik behin itxi behar izan dute saltokia: COVID-19aren pandemian. «Pandemia beldurgarria izan da guretzat. Denda hainbat hilabetez itxi behar izan genuen;gero, poliki-poliki ireki genuen berriz. Baina saltoki gehienak bezala, murrizketekin», esan du Larruik. Txokolate usainak alde egin zuen kaletik, eta Elizondoko herritarrak ez ziren gelditzen erakusleihoari begiratzeko.

Pausoz pauso lortu dute lurrin gozoa berreskuratzea, eta tentazioa berriz kaleratzea. Egunero egin duten lanari esker izan dela esan du Larruik: «Egia da jendeak beti baloratu dituela kalitatezko produktuak, eta hona itzultzen dira». Gainera, dendariak uste du herritarrek balio berezia ematen dietela betiko saltokiei: «Betiko saltokia da; herritarrek betidanik ezagutzen dute».

2024an, Malkorrak ehun urte beteko ditu, eta hasierako errezetei eustea da asmoa, aurrerantzean ere bezeroen begirada erakartzeko. Giltzak Larruiren belaunaldian esku geratuko dira oraindik, baina ondorengoei zera adierazi nahi die: «Oso lan gogorra da. Ordutegiak oso txarrak dira, jaiegunetan lan egin behar duzu, eta lan karga handia da. Sakrifizioa eskatzen du lan honek».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.