Nazioa udaletatik hasi zenean

Hogei urte bete ziren atzo ia 2.000 hautetsik Udalbiltza eratzeko batzarra egin zutenetik. Lizarra-Garaziko Itunaren garaiak ziren, baina abiatu eta berehala zatiketei eta jazarpen juridikoari egin behar izan zien aurre. 2013an berregituratu zen, eta Euskal Herriaren kohesioan eta garapenean dihardu.
BERRIA

Jon O. Urain -

2019ko irailak 19
Lehen nazio erakundea jaio da. Titular horrekin jaso zuen Euskaldunon Egunkaria-k Udalbiltza Euskal Herriko Udal eta Udal Hautetsien Biltzarraren sorrerako bilkurari buruzko albistea. Bezperan, Euskal Herri osoko 1.778 udal hautetsi elkartu ziren Bilboko Euskalduna jauregian, eta ia aho batez onartu zuten nazio eraikuntzari bultzada ematea xede zuen instituzioa sortzea. 1999ko irailaren 18a zen, eta atzo bete ziren hogei urte. Bi hamarkadatan askotariko zailtasunak gainditu behar izan ditu, baina, «Euskal Herriko garapena eta barne kohesioa sustatzea» helburu hartuta, Batzar Orokorra egingo du azaroan, 2019-2023 legealdiari begira erakundearen ildo nagusiak zehazteko.

LIZARRA-GARAZIKO MARKOA

Udalbiltza ez zen edozein testuingurutan sortu. Urtebete zen zazpi alderditako, zortzi sindikatutako eta hamarretik gora elkartetako buruzagi eta ordezkariek Lizarra-Garaziko Ituna izenpetu zutela eta handik egun gutxira ETAk su-etena eman zuela. Mugarria izan zen Lizarra-Garaziko akordioa, eta euskal gatazka ulertzeko eta aterabidea emateko oinarri batzuk proposatu zituen: gatazkak izaera politikoa duela, elkarrizketan eta negoziazioan oinarrituta konponduko dela, eta euskal herritarrek izan behar dutela etorkizuna hautatzeko erabakimena. Eragile nagusiki abertzaleen arteko elkarlan horrek ahalbidetu zuen Udalbiltzaren eraketa. 666 udal hautetsik 1999ko otsailean eginiko lehen bilera izan zen zazpi hilabete geroago Euskaldunan sortutakoaren ernamuina.

Horren erakusle dira egun horretako irudiak eta adierazpenak. «Prozesu konstituziogile demokratiko baterako lehen harria da», esan zuen Arnaldo Otegik, orduan Euskal Herritarrok zenaren bozeramaileak. «Historian ez da halako erreferentziarik inoiz izan», esan zuen Joseba Egibar EAJren Euzkadi Buru Batzarreko orduko bozeramaileak.

Plurala zen Udalbiltzak osatutako lehen mapa; Euskaldunan batu ziren Bizkaiko 754 hautetsi, Gipuzkoako 570, Nafarroako 271, Arabako 159, Lapurdiko hamazazpi, Nafarroa Behereko lau eta Zuberoako hiru. «Indar eta konplizitate askorekin» irten ziren plazara, Loren Arkotxa aurreneko lehendakariak 2017ko ekainean BERRIAri esan zionez: «Ez bakarrik udal hautetsiena. Hori zen oinarria, baina beste eragile sozial, politiko eta sindikalen konplizitatea ere bazegoen».

ZATIKETATIK DEBEKURA

Euskal Herriko Naziotasun Aitormena izan zen Udalbiltzaren proiektu nagusietako bat, baina Lizarra-Garaziren hausturak harreman politikoak mikaztu zituen eragile politiko abertzaleen artean, eta horrek eragin zuzena izan zuen Udalbiltzaren dinamikan. Berehala heldu ziren zailtasunak; aurrena, politikoa: 2001eko otsailaren 24an, Kursaalean egin zuen lehen bilera ezker abertzaleko zinegotzi eta alkateek kudeatutako Udalbiltzak. Liskarrak zirela tarteko, Udalbiltza banatuta zegoen. EAJko eta EAko hautetsiak Udalbiltzaren alde batean geratu ziren, eta ezker abertzalekoak eta hainbat independente bestean.

Desadostasun politikoei jazarpen judiziala batu zitzaien, ezker abertzaleak kudeatutako ildoaren kontra jo baitzuen Poliziak 2003an. Urte hartako apirilean, Espainiako Auzitegi Nazionaleko Baltasar Garzon epailearen aginduz, Espainiako Poliziak Udalbiltzako zortzi kide atxilotu zituen. Erakundearen egoitzak miatu eta zigilatu ere egin zituen. Biharamunean, atxilotu guztiak espetxeratu zituzten. Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak guztira 240 urteren espetxe zigorrak eskatu zituen Udalbiltzako 22 auzipetuentzat, eta 2010eko uztailetik urrira bitartean egin zuten ahozko epaiketa. 2011ko San Sebastian egunean iritsi zen epaia: absoluzioa auzipetu guztientzat.

BERREGITURATZEKO GARAIA

Auzibidea argituta, 2013an berregituratu zuten Udalbiltza, Mertxe Aizpurua Usurbilgo orduko alkatearen lehendakaritzapean. Jatorrizko bost printzipioei eutsi zien erakundeak, eta aldatu zen koiuntura politikoa —ETAk jarduera armatua behin betiko utzi zuen 2011ko urrian—, baina instituzio eraberrituak 1.257 hautetsiren atxikipenarekin berrekin zion bideari; ez sorrerako babes kopuruarekin, beraz.

2017an, Udalbiltzan Bagabiltza izeneko gogoeta prozesuari ekin zion erakundeak, eta gogoeta haren ondorio abiatu zituen zenbait ekinbide: kasurako, Ikerbiltza, «Euskal Herriko unibertsitateetan sortzen den jakintza eta ezagutza baliatzea» helburu «udalekin lotutako egitasmoetan», eta Hurbiltzen, «Euskal Herriko lurralde eta komunitateek elkar ezagutzeko eta kohesioa indartzeko».

Bide horretan, instituzio nazionalak bultzada garrantzitsua jaso du aurten; izan ere, Carlos Urkijo Espainiako Gobernuaren Euskal Autonomia Erkidegoko ordezkari ohiak hamazazpi kasazio helegite aurkeztu zituen, eta hala zalantzan jarri hainbat euskal udalek Udalbiltza Partzuergoari emandako diru laguntzen legezkotasuna, baina auzitegiak Udalbiltzari eman zion arrazoia, laguntzak legezko jota.

Maiatzean udal eta foru hauteskundeak egin eta gero, 2019-2023 legealdirako prestatzeko lanetan ari da orain Udalbiltza, nahiz eta erakundearen xedea den haren sendotasuna ez izatea unean uneko emaitzen araberakoa. Hala azaldu zion Luis Intxauspe Udalbiltzako egungo lehendakariak BERRIAri, 2017ko azaroan: «Hala ez izatea da erronketako bat. Esaten dugu Udalbiltza kolore politikoetatik haragoko instituzio publiko bat dela, irekia, eta ahalik eta pluralena izan behar duela, eta aniztasun horretan lanean jarraitu behar dugula. Gure erronka da, egitasmo zehatzen bitartez, proiektuekiko atxikimendua eta inplikazioa lortzea».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna
Jon O. Urain

Informazio osagarria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna