Udalen osaketa. Nafarroa

Aldaketaren aldeko erauntsia udaletan

Maiatzaren 24an 43 udaletan irabazi zuen UPNk, baina atzo horietatik erdiak galdu zituen, beste taldeen itunen ondorioz. Nafarroako hogei udal handienen artean, bakarra baino ez du (Cintruenigo); horrek agerian utzi du aldaketaren handia.

Eneko Larrarte Tuterako alkate berria, Milagros Rubio besarkatzen, atzo. IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS.
joxerra senar
Iruñea
2015eko ekainaren 14a
00:00
Entzun
Parlamentuko gehiengo berriak eta Iruñeko Udalak bereganatu dute arretarik handiena, baina udalen mapa politikoan izandako astinduak laburbiltzen du ezerk baino hobeto UPNk jasandako jipoia. Biztanle gehieneko 20 udalerri nagusietatik bakarra bereganatu du alderdi erregionalistak: Cintruenigo. Astinaldiak Nafarroa osoa zeharkatu du iparraldetik UPNren gotorleku nagusi izan den hegoalderaino. Erauntsiak erakusten du aldaketaren handia. UPNk 43 udaletan irabazi zuen maiatzaren 24an, baina ekainaren 13an horietatik erdiak (21) galdu ditu. Kolpea are handiagoa da galdutako udalen tamainari eta izenari erreparatuta: Iruñea, Tutera, Lizarra, Tafalla, Barañain, Eguesibar, Corella, Noain, Burlata... Herri txikiak baino ez zaizkio geratzen, gehienak Erriberan.

TUTERA

Erriberako hiriburua, Ezkerraren eskuetan

Bere gotorleku nagusietako bat galdu du UPNk. Bost agintalditan jarraian gobernatu ostean, azken bozetan 1.050 boto eta bi zinegotzi galdu zituen. Nahiz eta lehen indarra izan, Ezkerrarekin berdindu zuen hautetsi kopurutan. Ezkerrak 900 botoren gorakada izan du, eta, lortutako sei hautetsiez gain, asteon PSNren hirurak eta Tudela Puede taldearen hirurak gehitu zaizkio. Asteon, hiru aldeek akordio programatikoa lortu dute eta, euren babesarekin, atzo Ezkerrako Eneko Larrarte alkate izendatu zuten. CUP taldeak ere baiezkoa eman zion.

Larrartek azaldu du Tuterak historikoki izandako «erresistentziarako ahalmena» berreskuratu behar duela. Ihi batekin parekatu du. «Tolesten da, baina hautsi gabe». Gogora ekarri du Erriberan krisiak gogor jo duela. Hori aldatzeko lan egingo duela promes egin du, «de facto Tutera egun ez baita Nafarroako bigarren hiria».

BARAÑAIN

Oihaneder Indakoetxea, Barañaingo alkatea

Zentsura mozio bidez eta PSNren babesarekin lortu zuen alkatetza 2008an UPNko Jose Antonio Mendibek, Nafarroa Baiko Floren Lukiri kenduta. Zazpi urtez izan du aginte makila, baina atzo EH Bilduko Oihaneder Indakoetxeari pasatu behar izan zion. Nahiz eta UPN lehen indarra izan, zinegotzi bat gutxiago du (6). EH Bilduk (4), berriz, hitzarmena lortu du asteon, Geroa Bai (3), Barañainen Parte Hartuz (2) eta Ezkerra/Equorekin (2). Babes horrekin, UPNren eta PSNren oposizioari aurre egiteko moduan da udal gobernua. Atzo izendatu zuten alkate Oihaneder Indakoetxea, 31 urtean lehen alkate emakumezkoa. Orain arteko udalaren aldean, beste eredu bat ezarriko duela zin egin zuen.

EGUESIBAR

Geroa Baiko Alfonso Etxebarria berriz alkate

Azken hamarkadan Nafarroan gehien handitu den udalerria da, eta hirigintza hazkundeak UPNren kudeaketa irregulartasunez kutsatu du. Lau agintalditan gobernatu du UPNk, eta ustelkeriaz zipriztindu da. Halere, horrek ez du higatu. 2011ko hautetsi kopurua lortu zuen UPNk, baina ez zaio aski izan. 2012an, zentsura mozio bidez, alkatetza kendu zion Geroa Baiko Alfonso Etxeberriak. Asteon, Geroa Baik (5), EH Bilduk (2), Eguesibar Garak (1) eta Ezkerrak (1) akordio programatikoa erdietsi dute. UPNren urteak gogoan, itunaren puntu nagusia kudeaketa eta kontratazio publikoa gardentasunez egiteko mekanismoak ezartzea da.

IRUÑERRIKO BESTE UDALAK

Geroa Bai eta EH Bilduren artean banatu dituzte

Iruñerrian udalik gabe geratu da UPN. Barañainen eta Eguesibarren ostean, Burlatak du biztanle gehien, eta han, Geroa Baik eta Podemosek osatutako taldeak irabazi zituen bozak, 2.434 boto eta bost zinegotzi lortuta. EH Bilduk gertutik jarraitu zion, eta UPN hirugarren geratu zen. Atzo Txema Noval izendatu zuten alkate.

Zizur Nagusian, UPNren ostean bigarren geratutako Geroa Baiko Jon Gondan gaztea izendatu zuten atzo alkate. Asteon, Geroa Baik (4), EH Bilduk (4), Zizur Elkarturik (Podemos gehi Ezkerra 2) eta Zizur Bultzatuz taldeak (1) konpromisoa hartu zuten Gondan babesteko. Datorren astean kaleratuko dute ituna.

Berriozarren, Antsoainen eta Atarrabian, EH Bilduren alkateak izango dituzte. Berriozarren, aise irabazi zuen koalizioak 1.629 boto lortuta. Aralarreko Xabi Lasa izan da bi agintalditan alkate, eta Raul Maizak hartu dio lekukoa. Atarrabian ere 2011n jasotako babesa bikoiztu zuen EH Bilduk, eta Mikel Oteizari eman dio aginte makila Kirio Gastearenak. Antsoainen ere garaipena berretsi du EH Bilduk. Ia boto kopurua bikoiztu ostean, Ezkerraren babesarekin, Ander Oroz izendatu zuten atzo alkate.

TAFALLA

UPN amilduta, alkate Arturo Goldarazena

Tafallako Barcina deitu ohi zitzaion Cristina Sota alkateari. Agintekeriak, ordea, ordaina izan zuen maiatzaren 24an. EH Bildu geratu zen lehen indar 600 boto eta bi zinegotzi gehiago eskuratuta (8 hautetsi). Aldi berean, UPN amildu zen: 618 eta hiru hautetsi galduta. Gehiengo osoa lortzear geratu da EH Bildu, eta alkatea izendatzeko arazorik ez du izan. Goldarazenak legealdirako Ezkerra eta Iniciativa por Tafalla taldeekin negoziatu nahi du.

CINTRUENIGO

Nafarroako lehen 20 udalen artean, UPNren bakarra

Nafarroako hogei udalerri nagusietatik bakarra geratuko zaio UPNri: Cintruenigo. Hain justu ere, Maria Txibiteren jaioterrian 363 botoren aldea atera zion PSNri, eta aukera bazegoen sozialistek ICC udal taldearekin batera alkatetza kentzeko UPNri. Azkenean, ordea, ez zen halakorik gertatu eta Raquel Garbaio izango da berriz ere. Erriberako beste hainbat udaletan ere aginteari eutsi ahal izan zion UPNk: hala nola Azagra, Cascante, Fitero eta Milagro. Haatik, Miguel Sanz eta Alberto Catalanen jaioterrian, Corellan, boterea galdu zuen, ACI udal taldearen mesedetan.

SARTAGUDA

Alkateak lore eskaintza egin die 36ko gerran hildakoei

Nafarroako mapa zabalari begira, badira esanahi bereziko udalak. Horietako bat da Sartaguda. 36ko gerran fusilatu gehien han izan zelako alargunen herri deitzen zaio. Hamar botoren aldearekin, UPNk irabazi zion EH Bilduri. Hala ere, 2007an PSNtik kanporatua izan zen Jose Ramon Martinezen AIS taldeak EH Bilduri eman dio alkatetza. Hala, EH Bilduren hautagaia, Paolo Albanese, izendatu dute alkate. Lehen keinu gisa, Memoriaren Parkean lore eskaintza egin zuen 36ko gerran hildako guztien omenez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.