Albistea entzun

Etxerat-ek «aitortza eta erreparazioa» eskatu ditu sakabanaketaren biktimentzat

Ekitaldia egin dute Donostian, presoen senide batzuekin eta zenbait ordezkari politikorekin batera. Lege esparru bat galdegin du elkarteak: uste du tresna bat behar dela agerian uzteko «haien eskubideak ere urratu zirela»
Ekitaldiaren ondoren, argazkia atera zuten bertaratutakoek, Donostiako Miramar jauregiaren aurrean.
Ekitaldiaren ondoren, argazkia atera zuten bertaratutakoek, Donostiako Miramar jauregiaren aurrean. MAIALEN ANDRES / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Jone Arruabarrena -

2023ko apirilak 2 - Donostia

«1982an, Rosa eta Arantxa Amezaga Mendizabalek bizia galdu zuten auto istripu batean. Madrildik Donostiara zetozen bueltan, anaia Koldoren epaiketatik». Horrela gogoratu zituzten atzo Etxerat-eko ordezkariek euskal presoen aurkako «urruntze politikaren lehen biktimak», Donostiako Miramar jauregian. Hala ere, ez ziren izan sakabanaketak kalte egindako bakarrak: 1990ean hil ziren Pili Arzuaga eta Fontso Isasi Zamoran, beste bisita batetik bueltan, eta 1997an hil zen Antonia Fernandez, Alcalan zegoen Angel Figueroaren amona, hura ere istripuz. Horiek eta gainontzeko hamaika biktimak omendu zituzten, hildakoen familiartekoekin batera, sakabanaketa bukatutzat jo eta astebete beranduago.

Ekitaldian izan ziren hainbat ordezkari politiko ere: besteak beste, EH Bilduko ordezkari Mertxe Aizpurua eta Nerea Kortajarena, eta Elkarrekin Podemoseko Aitzole Araneta. Euskal kulturaren arloko zenbait pertson ezagun ere bertaratu ziren, Jon Maia bertsolaria eta Joseba Tapia musikaria kasurako, eta baita hainbat gizarte eragiletako ordezkariak ere, Sareko ordezkari Inaxio Oiarzabal eta Joseba Azkarraga, esate baterako.

Eñaut Zubizarretak girotu zuen ekitaldia, biolontxeloarekin, eta hitza hartu zuten gero Etxerat-eko ordezkariek, sakabanaketaren ondorioak azaleratzeko, hainbat egoera zail gogora ekartzeko: «Ordu erdikoak izaten ziren bisitak, adibidez, Salto del Negro espetxean, Kanaria uharteetan, eta Mallorca, Ceuta edo Melilla bezain urruti dauden espetxeetan ere bai, haraino joan eta gero». 1998. urtean bukatu ziren beste kontinenteetara egindako urruntzeak, baina ez, ordea, euskal presoei ezarritako sakabanaketa politikaren ondorioak: «Dozenaka istripu gertatu ziren; zauri arinak batzuetan, larriak besteetan. Gastu ekonomiko itzela, eta higadura fisikoa, bidaiaren nekea, estresa, ondoeza...». Ibon Urreztarazu dantzariak aurresku batekin omendu zituen egoera horien ondorioz ataka zailetan izan diren pertsona guztiak; familiak, lagunak, kideak.

Urrats «eraginkorrak»

Sakabanaketa politikak amaituta, biktimen «aitortzari eta erreparazioari begirako urrats eraginkorrak» espero dituzte orain Etxerat-eko ordezkariek. Hain zuzen ere, azaldu dute hori lortzeko «abagune egokia» dela: «Komeni da iragana bistatik ez galtzea, eta, gure senitartekoen kasuan, bakartzearen zuri-beltza eta eskubideen urraketa jaso dituen argazkia gordetzea. Gure kasuan, berriz, azkenik atzean uzten ari garen sufrikarioaren ezaugarriak eta espetxeen urruntasuna finkatzen dituen argazkia gordetzea».

Elkarteko eledunek gogora ekarri dute duela lau urte argitara atera zutela adierazpen bat indarkeria adierazpide guztien biktimei «errespetua eta enpatia» erakusteko. Antzeko keinurik ez dute ikusi, ordea, sakabanaketa neurrien ondorioz egoera zailetan izan diren senide eta adiskideen mina aintzat hartze aldera. «Guk ahanztura besterik ez dugu ezagutu». Zehaztu dute ezen, atzo gogora ekarri zituzten hamasei biktima horiek urtero haien herrietan gogoratzen dituzten arren, haien aitortza ahalbidetuko duen «lege esparru bat» falta dela oraindik ere: «Haien eskubideak ere urratuak izan zirela aitortzea ahalbidetuko duen tresna bat». Gehitu dute biktima horiek aintzakotzat hartzen ez badira memoria kolektiboa «osatu gabe» geratuko dela.

Aldaketan lagundu dutenei esker ona adierazi zieten atzoko ekitaldian: «Eskerrak eman nahi dizkiogu gaur hemen dugun ordezkaritza politikoari». Etorkizunera begira bukatu zuten hitzaldia elkarteko ordezkariek, oraindik ere lortzeko daudenak gogoratzeko: «Jada ez da bidaia luzerik izango, baina oraindik lan asko dago egiteko. Mendekuan oinarritutako politikarik gabe». Ines Osinagak eman zion amaiera ekitaldiari, Non dago gure askatasuna abestiarekin.

Dozenaka elkarretaratze egin zituzten Etxerat-ek eta Sarek ostiralean, martxoaren azken ostirala zela eta. Elkarteak emandako datuen arabera, guztira 3.500 pertsona batu ziren, 68 hiri eta herritan.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

EH Bilduren hautagaien aurkezpena, gaur goizean. ©EH Bildu

EAJk eta EH Bilduk Espainiako Gorteetarako zerrendak aurkeztu dituzte

Iosu Alberdi

Ortuzarrek adierazi du euskal herritarren ordezkariak hautatzea dela uztaileko bozen helburua. Aizpuruak azaldu du ezker independentista dela «gobernu aurrerakoi bat» bermatu dezakeena.

Bi herritar Correoseko bulego batera sartzen, Donostiako Amara Berri auzoan. ©GORKA RUBIO / FOKU

Posta bidezko botoaren eskaerari erantzun ezinda ari dira postariak

Xabier Martin

Ilarak ohiko bihurtu dira Correosen bulego batzuetan. Grebara deitu dute bozen aurreko egunetarako
 ©MONIKA DEL VALLE / FOKU

«Hurrengo eraldaketa sustatzeko, beharrezkoa da burujabetza»

Iosu Alberdi

Nazioarteko eraldaketa prozesuei begiratu eta horietan Euskal Herriak zer rol joka dezakeen hausnartzen ari da Agirre Lehendakaria Center. Espiauk argi du zein den datozen urteetako bidea: «Eskain dezagun Euskal Herria demostrazio gune bezala».

Joseba Borderen kasua salatzeko Etxeratek eginiko agerraldi bat. ©Aritz Loiola / FOKU

Joseba Borde presoari hirugarren gradua kentzea gaitzetsi dute

Berria

Fiskaltzak aurkeztutako helegiteak espetxera itzultzera behartu duela-eta, protesta egin dute Ugaon, bere segurtasun juridiko eza salatzeko.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.